Sustatu logoa Teknologia albisteak

Iraultza digitala: ekonomia berriak eta integrazio soziala

Iban Sustatu - Sustatu
2002-03-05 10:03

Esan dagigun ez zela larregi luzatu. Jende andana zen aretoan, tartean Internet oso gertutik jarraitzen duen jendea: Han zeuden, esaterako Begira.com-eko arduraduna, Mari Karmen Garmendia, edo aurkezpenetan jardun zuen Fernando Spagnolo. Denak ere elegante joan ziren Kutxak antolatutako hitzaldira eta eskerrak gero pintxo batzuk egon zirela, bestela ezin trajeak erakutsi. Hamabost minutuan...

Ostantzean, oso interesgarria izan zen hitzaldia. Motza, baina intentsua. Aurrez esan zuen Spagnolok fenomeno bizi baten aurrean gaudela eta arrazoia eman zion Roman Gubern-ek ere. Ondoren radiografia bat egin zuen, tekno-kulturaren argazki bat:

Internet denondako?

Hogeita hamar liburu inguru idatzi duen Gubern-ek gogoratu zuen oraindik badagoela gainditu ez dugun ikasgai bat: Internet denontzako eskuragarri izatea. Gaur egun ekonomiaren ardatza Angeles-Tokio da, eta Manhatanen, esaterako, Afrika subsahariar guztian baino telefono gehiago dago.

G7ak ere onartua du info-aberats eta info-txiro aldea gero eta handiagoa dela. Hori horrela, 10.000 dolar bidali zituen "hirugarren mundura". Gubern-ek argi du, ordea, lehenengo alfabetatu beharra dagoela eta besterik gabe infraestrukturetan inbertitzea erokeria izan dela: "tan-tanetik ordenagailura urrats handiak daude 10.000 dolarrekin irtenbidea ziurtatzeko".

Bitartean herrialde garatuagoetan ere ez zaigu arazorik falta Gubern-en iritziz: "Horren aurrean gaudela pentsatu arren, gaur da eguna Europan bi milioi espezialista beharko direna teknologia berrietan aritzeko".

Hizkutza

Hizkuntza ere izan zuen hizpide: liburutegi desordenatu honetan (Interneten) Ingelesa nagusi dela esatea ez da berria, baina non dago, esaterako euskara? Ez zuen daturik eman, baina bai esan zuen gazteleraren aurretik badirela beste 4 hizkuntza: Ingelesa, alemana, txinoa, japoniera eta frantsesa.

Sareak dituen posibilitateak

Sareak duen indarra adierazteko ere eman zuen adibide bat, oraindik norbaitek duda izpirik balu: Monica Lewinsky eta Bill Clinton-en aferaren berri bazuten New York Times eta Washinton Post-ek. Hala ere, ezkutatu-edo egin gura zuten. Horren kontrara, agerkari digital txiki batek atera zuen berria eta gero ezin izan zuten "erromantze" hori egongo ez balitza moduan jokatu. Elur bolaren efektua egiteko gai dira, bada mediook eta oso eragingarri izan daitezkeela argi utzi zuen.

Horixe hamabost minutuk eman zutena. Spainolok ez zuen galderetarako tarterik ere utzi eta galdera bat egon zen arren segituan moztu zuen Gubern-ek berak pintxoak jatera joateko gonbita eginez. Behintzat, gonbidatuoi liburu bana eman ziguten: "La Revolución digital: Nueva Economía e Integración Social". Irakurri egin beharko.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu