Euskarazko toki hedabideek arin egin behar dute aurrera. Sarean jardutea izan daiteke modurik onena.
Euskarazko toki hedabideek (ETH) 90. hamarkadan izan zuten loraldia autoedizioak ekarri zuen neurri handian. Lehen zaila zena erraza bihurtu zen, eta gainera ahulentzat eskuragarri zen. Ondo aprobetxatu zen aukera hura eta hurbileko informazioaren esparrua euskarak irabazi zuen.
Une honetan, hurbileko informazioan aritu nahi duen asko dago, baina lehendik dagoen tokiko euskaldunak izan behar luke nagusi. Ordea, ez dio inork ezer oparituko. Alderantziz, berea ez badu ondo babesten haginkadaka jan egingo diote esparrua.
Berriro ere, teknologiak ematen die ETHei aurrera erraz egiteko. Aztertu bestela sustatu.com berau. Diru gutxi behar izan da abiatzeko, 10.000 euro inguru, eta bere mantenua ere ez da garestia, editorearen ordu batzuk, injinerutzan beste batzuk, diseinua... Imajina ezazue albistegi hau herrian, edo eskualdean. Edo bisita ezazue uztarria.com , Azpeitiko ataye. Informazioa jaso eta orain bertan sarera! Zerbait entzun dugula eta orain bertan aurkituko dugu sarean. Eta ez badago, guk geuk jarriko dugu sarean. Zerbait gehiago jakin dugula, eta sarekoa osatu egin dezakegu, edo okerrak zuzendu. Gaur paperezko astekari edo hamabostekari bat egiteko erabiltzen diren baliabideekin askozaz ere informazio gehiago jar daiteke sarean, sarriago, freskoago, interesgarriago.
Ez dut hau bestearen ordez proposatzen, baizik besteaz gain. Oraindik sareak ez du erabiltzaile nahiko toki hedabideen euskarri bakarra izateko. Baina erabiltzaileen kopurua modu esponentzialean ari da igotzen, eta laister egon gaitezke ehuneko altuetan. Orduan, bidea egina duenak izango du 31 eskutik.
Bide hori eginaz, gainera, ETHen arteko sarea sortuz joan daiteke, hurbileko taldeak bateratzen hasi, teknologia berrietan trebatzen, oraingo posizioa tinkotzen... Beti ere antizipazio lanak euskaldunok egiten baditugu, orduan sarea eta etorkizuna euskaldunagoak izango dira.
Erantzun
Sartu