Unescoren txostenaren ondoren, beste bat Frantziatik. Hexagonoaren mugetan mintzatzen diren hizkuntzen azken estatistikak bildu ditu Ined delakoak (Institut national d'études démographiques): Hizkuntzen dinamika Frantzian XX. mendearen amaieran. Transmisio arazoei arreta berezia eskaintzen die txostenak.
Txostenaren arabera, adin nagusiko 44.000 hiztun euskaldun daude. Kopuru urriaz gain, transmisio etena da larriena: Guraso euskaldunen %58ak huts egin du haurrei hizkuntza transmititzen.
Beste hizkuntza batzuk askoz okerrago daude. Bretoieraren edo franko-probentzalaren kasuan, adibidez, %90ekoa da transmisio-etena. Hizkuntza horien beherakada ikaragarria izan da. Bretoieraren transmisio-etena %30koa zen 1925. urtean. Oraingoa hiru bider handiagoa da.
Txostenak ez ditu bakarrik Frantzian "hizkuntza erregional" deritzotenak aztertzen, etorkinen hizkuntzak ere sartzen dira. Izan ere, frantsesaren ondoren, Frantziako 2. hizkuntza arabiera da.
INED-eko hiru ikertzailek sinatzen dute txostena, François Heran, Alexandra Filhon eta Christine Deprez. PDF formatuan hemen aurki dezakezu.
Txosten honekin batera, Frantziako INSEE estatistika erakunde ofizialak ere hizkuntzen inguruko beste dokumentu bat kaleratu du ( hemen dago PDF formatuan ). Horretan emandako datuen arabera, hizkuntza erregionalei dagokienez, laborarien %15ak inguru mintzo da halakoren batean, baina kargu exekutibo eta profesional garaietan, %4 ere ez.
Erantzun
Sartu