Teknologia albisteak

Euskal Herriko Unibertsitate Barrutiaren aldeko Ekitaldi Nazionala

Erabiltzailearen aurpegia
Jose Miguel Campillo - EHUBAM
2002-02-23 : 14:02

Euskal Herriko unibertsitate barruti bakarra Euskal Herriaren aldarrikapen historikoa da. Mendeetan zehar gure herriak herri normalizatu modura garatu ahal izateko, bertako egitura unibertsitarioa aldarrikatu izan du; hau da, euskaldunok egindako egitura unibertsitarioa eta euskaldunon zerbitzurako. Hala ere, beti ukatu egin digute eskubide hori.

Eta nondik dator gure mugimendua? 1999ko urtarrilean Euskal Herriko unibertsitate desberdinetako 150 hautetsik (klaustral, juntetako edo sailetako ordezkariak, ikasle kontseiluetako kideak, eta abar) Euskal Herri osoa bere baitan hartuko duen unibertsitate barruti baten aldeko manifestuari babesa eman zioten. Hor kokatu behar dugu Euskal Herriko Unibertsitate Barrutiaren Aldeko Mugimenduaren (EHUBAM) jatorria. Hurrengo ikasturtean, sinatzaileetariko batzuk, eta bestelako kideok, unibertsitate barruti propioaren garapen praktikorako Gestio Plan bat lantzen hasi ginen, baita bera definitu ere. Kontuan harturik Gestio Plan hura eztabaidarako proposamen bat baino ez zela eta ekarpen desberdinetara irekia zegoela, horren sozializazioari ekin genion aldebiko eta aurkezpen ezberdinen bitartez.

Gestio Plan hura, eta mugimendua bera, Euskal Herrian dauden unibertsitate ezberdinen gaineko diagnostiko batetik abiatzen da. Gaur egun gure herrian sei unibertsitate ditugu: UPV/EHU, UPNA/NUP, Pabeko Unibertsitatearen menpeko zentroak (Baiona), Mondragon Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Universidad de Navarra. Unibertsitate hauek hiru barruti ezberdinetan banaturik daude: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa batetik; Nafarroa bestetik; eta Baionako campusa Pabeko barrutiaren luzapen bat baino ez dena. Zatiketa administratibo hau kanpotik ezartzen zaigu euskaldunoi. Horren ondorioz, euskal unibertsitariook erro berberak dituzten arazoen aurrean gaude: euskaraz ikasi zein irakasteko ezintasunak, titulazio-mapa propio bat ezin osatu, EHri begirako ikerkuntza ezin osatu, irakasle-irudia ezin kudeatu, EHko edozein herrialdeetan ikasteko oztopoak, finantziazio arazoak, liburugintza sortzeko plangintza nazional baten falta, eta abar. Gure ustez, zatiketa administratiboak ez ditu EHko unibertsitateak euskal unibertsitarioon eta euskal gizartearen beharrak asetzera bideratzen, eta hori da egoera honen sakoneko arazoa. Hau da, unibertsitate mailako marko nazional baten gabeziak unibertsitate hauek gure herriarenak ez diren interes batzuk asetzera bideratzen ditu.

Diagnostiko horrek argi erakusten du herri honek unibertsitate mailan duen hutsune instituzionala, bere osotasunean kontutan hartuko duen markoari dagokionez. Baina marko honen osaketa ez dugu irudi sinboliko baten osaketa bezala ulertu behar, baizik eta arestian aipatutako arazo horiek guztiak konpontzera joko duen tresna bezala. Horretarako arlo ezberdinetako hutsune horien gaineko diagnostiko sakonak egin behar dira, ondoren horien konponbiderako plangintza zehatzak abiarazteko. Horrela, Euskal Herriaren lurraldetasuna irudikatuko duen marko izateaz gain, euskal unibertsitarioen eguneroko arazoak konpontzeko bitartekoak jarriko dituen tresna sortuko dugu, beti ere, lurraldetasunaren ikuspuntutik.

Prozesu honetan, agintari unibertsitarioen axolagabekeria ikusita, eragile nagusiak unibertsitate desberdinetako hautetsiak izan behar dira. Beraiek, euskal unibertsitarioen ordezkariak diren heinean, prozesu honen gidariak izan behar dira. Horretarako, Euskal Herriko unibertsitateetako hautetsien Asanblada Nagusia martxan jarri beharko litzateke, organo erabakitzaile nagusia litzatekeena. Asanblada honek arazoen diagnostikoa eta konponbideen plangintzen inguruan hausnartu beharko luke, eta oniritzia eman. Ondoren, hautetsiek egungo unibertsitateetako foroetan (juntak, sailak, ikasle kontseiluak, ...) Asanblada Nagusian erabakitako plangintzak planteatu beharko lituzkete. Azken finean, helburua egungo unibertsitateen bitartekoak Euskal Herriaren zerbitzura jartzea litzateke.

Jada joan den urtean hasi ginen unibertsitate barruko (EIRE, UEU, Euskal Adarra, Ikasle Abertzaleak, Elkarlanean, ...) zein kanpoko eragileei (Udalbiltza, sindikatu eta alderdi politiko ezberdinak, ...) ekimen honen berri ematen eta ekarpenak jasotzen. Gure ustez, erakunde bakoitzak oso ondo definitua dauka bere iharduna unibertsitatean eta ondorioz EHUBAMen planteamendua ez doa inoren lan eremuan sartzera, testuinguru hau osatzera baizik. Gure herriak unibertsitate mailako hutsune instituzionala duen neurrian hau betetzera joango da. Bestetik, Uniekimenaren planteamendua, LOUaren karira sortutako herri-ekimen legegilea, Euskal Herriak behar duen unibertsitate ereduaren inguruan eztabaida sortzera bideratua dagoena oso interesgarria iruditzen zaigu.

Ikasturte honetarako EHUBAMen bi lan ildo nagusia finkatu ditugu. Lehenengoa, abian jarritako sozializazio kanpainarekin lanean jarraitzea da, Euskal Barrutiaren beharra gizarteari erakutsiz. Hori dela eta, otsailaren 28rako GOLEM zinemetan Euskal Herriko Unibertsitate Barrutiaren aldeko Ekitaldi Nazionala egitea pentsatu dugu. Ekitaldian Euskal Unibertsitatearen aldeko eragile nagusiek (UEU, EIRE eta Euskal Adarra) parte hartze zuzen bat izango dute. Gure bigarren lan ildoa pixkanakako urrats praktikoak ematen joaterena da. EHUBAMen asmoa unibertsitate mailako marko nazionalaren sorrera bideratzea da; hau da, progresiboki unibertsitaterako egituratze instituzionala bideratzen joatea. Epe luzerako prozesua dugu honakoa, emeki-emeki, pausoz pauso eman beharrekoa. Zentzu honetan, argi dago Euskal Herriaren eraikuntza bidean unibertsitate mailan eman beharreko ezinbesteko urratsa dela. Lan-ildo honekin loturik, maiatza aldera Euskal Herriko unibertsitateetako hautetsien lehenengo Asanblada Nazionala ospatzeko asmoa dugu.

Hemendik aurrera gure ekimenen berri zehatzagoa izateko, web orri bat zabalik izango dugu martxotik aurrera (www.euskal-barrutia.org). Bertan, EHUBAMen nondik norakoak, aipatutako Gestio Plana, egutegi zehatza eta bestelako informazioa aurkitu ahal izango duzue. Bestetik, gurekin harreman zuzena izan nahi baldin baduzue, jada e-posta helbidea badugu (euskal-barrutia@euskalerria.org). Zure ekarpenak, galderak eta bestelakoak bertara zuzendu ditzakezu, eta gustura erantzungo dizugu.



EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATE BARRUTIAREN
ALDEKO MUGIMENDUA
(EHUBAM)

Erantzun

Sartu