Behinola izeneko aldizkariak Haur eta Gazte Literatura Aldizkaria zehatzago esateko Bernardo Atxagaren hitzaldi bat argitaratu du bere azken alean. Atxagak 2000ko maiatzean hitz egin zuen Iruñean, Haur eta Gazte Literatura 10-12 urte izeneko ikastaroan. Gustu baduzue, hona hemen zati batzuk.
Haur literatura aitzakia hartuta, huntaz eta hartaz hitz egiten du Bernardo Atxagak oraintsu Behinola aldizkariak kaleratu duen hitzaldian. Hona hemen hainbat pasarte:
- Tejerada. Otsailaren 23an etxean nengoen nire bi anaiekin, anaia biak kartzelan egondakoak dira, eta esan zidaten: gu badaezpada ere kanpora joango gaituk. Eta nik esan nien: ni ere bai. Ni joan nintzen Donostiara, leku mamutsu batera, dena fantasmaz betea, inor ez zegoen kalean, baina nik nire bizitzako lehen egile eskubideak kobratu nahi nituen (Nikolasa Bits Baporux eta Patxi Nubolari liburuengatik) eta oso gogoan daukat kalean aurkitu nuen pertsona bakarra izan zela pintore giputz bat, Goenaga, erakusketa bat zeukalako, eta esan zidan: nik erakusketa bat inauguratu dut. Eta nik: nik egile eskubideak. Biok joan ginen aurrena egile eskubideak kobratzera eta gero erakusketa ikustera. Taxirik ez zegoen, ez zegoen autobusik, lagun bati deitu nion etxera itzultzeko.
- Idazle ofizioa. Bat-batean konprenitu nuen idazle bizitzan bazegoela ofizioarekin lotutako zerbait, ni bezalako idazle batek irabaz zezakeela bere askatasuna ofizio bat betez, eta ofizio hori betetzea ez zela duintasunik gabeko zerbait.
- Literatura kritika. Uste dut xamurrgoa dela, errazagoa, emankorragoa irakurle bezala mintzatzea liburuei buruz, zineari edo bazkari bati buruz hitz egiten dugun bezala. Eta irakurle bezala, zer ekarri dizun gogora, zer ez dizun ekarri, zer bidetara eraman zaituen, zer amets sortu duen zure barruan, eta abar.
- Unibertsitate lanak. Oso aspertuta nago eta oso eszeptikoa naiz egiten dituzten unibertsitate lanekin. (
) Esate baterako, AEBetan egon nintzenean, astero ematen zen hitzaldi bat obra bati buruz, eta nire eszeptizismoa hara joaterakoan handia bazen, itzultzerakoan sendaezina. (
) Han entzun behar izan nituen ehunka azterketa haien artean, bat izan zen Unamunori buruzkoa. Eta azterketa egin zuen irakaslea zen Miamiko erdi kubatar erdi amerikar bat. Eta hor non esaten duen halako batean, Unamunoren kontzeptu nagusia zela el concepto de Indar, que en vasco significa fuerza. Eta nik pentsatu nuen, indar, indarra da baina gorputzarena, ze izpirituarena izango litzateke kemena. Eta gizon hari han AEBetako unibertsitate batean indar gora eta indar behera entzuteak jarri ninduen infernuko ateetan.
- Urrutia Capo. Orain atera da Iruñean Urrutia Capo izeneko baten liburua, oso polita, arraroa, oso arraroa da euskara aldetik ere, erdi xuberera, erdi bizkaiera, baina liburua oso interesgarria da. Baina ez dago erresonantzia kaxa bat hori kanporatzeko eta esateko: liburu hau berezia da, irakur ezazu.
- Haur literatura eta gazte literatura. Umeek ez dituzte arazo pertsonalak, arazo unibertsalak dituzte, bere adinarekin lotutakoak, baina ez daukate oraindik nortasun bat nor bezala sufritzeko. Ume batek sufritzen du, baina bere negar saioak auzoko haurrarenaren berdinak dira. Eta konturatzen naiz 13-14-15 urte arte ez dela sortzen nortasunik. Hortik aurrera, beste liburu batzuk eman behar zaizkio irakurleari.
- Ipuina eta nobela. Erregela da: idazle batek jakin behar du ipuin eta nobela artean dagoen berezitasuna pertsonaiarengan dagoela. Ipuin batek egin ditzake irakurlearen baitan marabilak pertonaiarik gabe. Ipuin batek ez du pertsonaiarik behar, hamar orrialdek ez dute ezer behar, nahikoa da ahots bat, bukaera polit bat, hizkera modu bat, edozein gauzak balio du ipuin bat egiteko. Baina nobela bat egiteko, 500 orrialderi eusteko, hor zutabe bat behar da izugarri ona, eta hori da pertsonaia.
- Literatura estiloak. Funtsean bi estilo daude: bata da biblikoa eta bestea homerikoa. Homerikoa da deskribapen zehatzarena. Homerikoan azaltzen da Akilesen ezkutua, eta Akilesen ezkutua adierazteko Homerok hiru orrialde idazten ditu zehatz eta mehatz adieraziz, dena esaten da. Aldiz, Bibliaren estiloa da gutxi esaten duena.
- Nola idatzi. Nik uste dut idazle batek, idazteko lan honetan, aurrena teoria bat egin beharra daukala. Uste dut ona dela teoria bat izatea, eta oso zaila dela iruditzen zait. (
) Gero behin teoria daukazunean, testuak oso azkar egin daitezke. Orduan, Behi Euskaldun Baten Memoriak hemeretzi egunean egin nituen.
Erantzun
Sartu