Sustatu logoa Teknologia albisteak

Bertso Eguna: Teknologia berriak eta bertsolaritza uztartzeko arazoak

Jon Abril - Kazetaria
2002-01-28 11:01
Zaila da beti asmatzen. Bertsolariak ez ziren eroso egon jendea bazterretik zutela, eta gaien presentzia bertze aldetik, pantailan agertzen ziren bideo zatiei so. Erritmoa faltan izan zuen, eta CD-ROM bat osatzea helburu zuten arren, erabat gozatu gabe jardun ziren.

Gai diferenteak zituzten kanpotik etorritako haurrei kontatzeko (denak egon ginen esperoan Rubenek eta konpainiak noiz kantatuko ziguten bertsorik): historia, hizkuntza, artea, kirola, bertsolaritza, natura... Gai gehiegi, eta laguntzaile larregi: aizkolaria, dantzariak, kantariak, aktoreak, bideoak... Horren guztiaren aitzinean, hala ere, bertso onak joan ziren. Gehiegi azpimarratu zen denen gogoan dagoen Euskal Herri hori. Mezu bera atera zen orain hilabete Txapelketa Nagusiko Finalean. Orduan naturalki atera zen hein handi batean. Oraingoan, agian, bortxatuegi.

Gidoilarien artean Ipar Euskal Herriko ordezkaririk ez zen, eta bi unetan somatu nuen hori: Espainiako erregearen imitazioa (Hegoaldeko inork jakinen luke nola imitatu Lionel Jospin?), eta politikarien paperean paratu zituztenean. Frantxua Maitiarena egitea egokitu zitzaion Sustrai Colinari. Hobeki asmatu zuten Mayor Orejak, Arnaldo Otegik eta Arzallusek. Kasualitatea? Agian bai.

Afaritan kupelak bota genituen faltan. Batik bat giroagatik. Baita jatekoa ere. Tira!

Hala ere, bertze behin, Bertso Egunak bi helburu lortu zituen gutienez: giroa, bertsozaleen arteko topaketa itzela izatea; eta esperimentaziorako tarte bat irekitzea. Eskertzekoa da ahalegina. Denok dakizu esperimentatzeak bere arriskuak dituela, eta batzuetan ongi ateratzen dela, eta bertzeetan ez nahi bezain ongi. Saiatu beharra dago, hala ere.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu