Teknologia albisteak

Gipuzkoako bost herritako komunitate euskaldunaren bizindar etnolinguistikoa aztergai.

Erabiltzailearen aurpegia
Jose Felix Diaz de Tuesta - Arrasateko Udala
2002-01-24 : 15:01

Komunitate euskaldunaren bizindar etnolinguistikoa aztertzen ari dira Gipuzkoako bost udal, EHUko Soziologia Sailarekin sinatutako lankidetza hitzarmenari esker. Izan ere, Andoain, Arrasate, Bergara, Hernani eta Lasarte-Oriako egoera soziolinguistikoa aztertzen ari dira Iñaki Martinez de Luna eta Ibon Usarralde soziologoak, udal horiek eskatuta.

Aurten hogei urte beteko dira EAEn Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea onartu zenetik. Handiak dira euskararen erabilera normalizatzeko euskal gizarteak urteotan egin duen lana eta erabili dituen baliabideak. Gaur egun, oraindik ere, ahalegin handia egiten ari dira bai erakunde publikoak bai gizarte ekimenak zein herritar soilak ere, hizkuntza normalizazioa lortze aldera.

Zeintzuk dira, baina, egindako lanaren emaitzak? Hori da behin eta berriro hizkuntza normalkuntzan ari garenok geure buruari eta elkarri galdetzen dioguna. Eta ez da erraza izaten horretan ados jartzea. Euskararen egoerak hobera ala txarrera egin du azken berrogei edo hogei urteotan? Hobera egin badu, zertan eta zenbat aurreratu da? Zeintzuk dira euskararen indarguneak eta ahuleziak? Hemen ere, zenbat buru hainbat aburu. Oraintsu arte ez dugu eskuartean izan euskararen egoeraren berri emango zigun ikerketa globalik. Ez zen harritzekoa, beraz, hizkuntza normalkuntzaren prozesuari buruz hain bertsio desberdin eta kontrajarriak izatea, iritzi horiek uste subjektiboetan oinarrituak baitziren.

Neurtzen ez dena ezin da hobetu. Horixe da, behintzat, kalitatea ardatz duten kudeaketa sistemen irizpideetako bat. Errealitate bat neurtzea, ordea, ez da erraza edo, hobeto esanda, errealitatearen neurketa fidagarriak egitea ez da erraza. Horrek, berriz, neurketa sistemak hobetu beharra dakar, aurrera ala atzera ari garen jakin nahi badugu. Izan ere, goian esandako kudeaketa sistemen arabera, aurrera egiten ez duenak atzera egiten du.

Zer nolako tresna behar dugu, ordea? Erakundeetako eta enpresetako hizkuntza egoera eta haren bilakaera aztertzeko Indexpla erabiltzen dugun bezala, herri bateko hizkuntza egoera aztertzeko zer tresna erabili daiteke? Iñaki Martinez de Luna soziologoak eman digu erantzuna. Izan ere, duela bi urte Arrasateko Udalak galdera hori egin zion eta berak bizindar etnolinguistikoaren kontzeptua erabiliz neurgailu trinko bat sortzea proposatu zigun. Ukipen egoeran dauden hizkuntzen eta komunitate etnolinguistikoen osasuna neurtzen du bizindar etnolinguistikoak. Zehazkiago esanda, hizkuntzen osasunean aldagai sozio-estrukturalek duten eragina adierazten du bizindar etnolinguistikoak. Nahikoa adierazle egokia, beraz, udalerrietako hizkuntza egoera aztertzeko.

2000ko urrian Arrasateko komunitate euskaldunaren bizindar etnolinguistikoari buruzko ikerketa bat egiteari ekin zion Arrasateko Udalak, EHUko Soziologia II Sailarekin elkarlanean. Berehala, ordea, Andoain, Bergara, Hernani eta Lasarte-Oriako udalak sartu ziren azterketan. Iñaki Martinez de Luna soziologiako irakasleak eta Ibon Usarralde soziologoak egin dute ikerketaren diseinua eta beraiek ari dira ikerketa egiten, goian esandako bost udaletako euskara zerbitzuekin elkarlanean. Azterketaren eredu teorikoa egin eta neurgailua elikatuko duten datuak bilduta daudenez, ondorioak atera eta azken txostena egitea baino ez da falta. Berehala izango dugu, bada, lan horren emaitzak ikusteko aukera.

Erantzun

Sartu