Teknologia albisteak

Euskal Herria eta bere diaspora, web gune batera bildurik

Erabiltzailearen aurpegia
Joseba Etxarri - Euskal Fundazioa
2002-01-18 : 12:01

Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioak basqueworld.net aurkeztu du, Euskal Herriko eta munduan zehar barreiaturiko euskaldun eta euskal jatorrizkoen kultur bilgune bilakatzea helburu duen ekimen anbiziotsua.

Web gune berriaren xede nagusia, munduko euskal Komunitate eta norbanakoei euren erroei eta historiari buruzko ezagutza erraz dezaketen bideak eskaintzea da eta, ondorioz, Euskal Herrian zein Ameriketan jaio edo bizi diren euskaldunen arteko elkar-ezagutza eta elkar-eragiketa suspertzea.

Ataria bere lehenengo urratsetan dabil eta epe laburrean eta egutegi jakin baten arabera gehitzen eta hobetzen joango da eduki eta ezaugarriak. Hiru atal nagusi eskaintzen ditu:

  • Euskal Herria izenekoak Euskal Herriko udalerri guztien historiari eutsi dio, eta izen horien ikerketa etimologikoari. Honen ondotik sail berriak etorriko dira, deiturei buruzkoak, herri bakoitzaren informazio etnografiko bilduko dutenak, hizkuntza eta literaturari buruzkoak, edo artea eta gastronomia bezalako gaiak ikutuko dituztenak.
  • Estatu Batuak atalak, bere aldetik, nortasun propioa du eta proiektu honetara integratutako basqueheritage.com atari elebiduna (ingelesez eta euskaraz) biltzen du. Besteak beste, Estatu Batuetako euskal baliabideen lehenengo bilatzailea eskaintzen du. Epeka gehituko ditu edukiak eta, horien artean, Estatu Batuetako estatuz-estatuko euskal historia plazaratuko du epe ertainean.
  • Latinoamerika atalari dagokionez, elkar osatzen duten bi proiektu dauzka: herrialde bakoitzari buruzko euskal informazio orokorrari erreparatzen diona batetik, eta gerraosteko Ameriketako euskal exilioaren jakingarri bio-bibliografikoen datu basea bestetik. Euskara eta espainola erabiltzen ditu gehienbat, baita frantsesa ere tarteka.

Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioa da atariaren sustatzailea, eta kudeaketa informatikoa Plazagunea enpresari zor zaio. Ipar Ameriketako atariaren ardura Joseba Etxarri kazetariak garatu du. Latinoamerikako atalean, berriz, bi dira lanean diharduten lantaldeak, horietarik bat Oscar Alvarez Gila doktorea (EHU) zuzendari; eta J. A. Ascunce eta X. Apaolaza doktoreek (EHU eta Deustuko Unibertsitatekoak) zuzendua bestea.

Erantzun

Sartu