Duela mente eta erdi, 1862. urtean, Juan Arechabala, Gordexolako 15 urteko mutil bat, familiarekin igo zen itsasontzi batera Kubara joateko. Gaurko egunean, haren ondorengoak, zenbait multinazional indartsu, Estatu Batuetako Kongresua, Kubako Gobernua, eta Merkataritzaren Mundu Erakundea milioka dolarreko auzi ekonomiko-judizial batean daude nahastuta. Zergatik? Munduko ron marka ezagunenak daude jokoan.
Juan Aretxabala (edo Arechabala) Cardenas hirian kokatu zen Kuban eta negozio-gizon bilakatu zen. Ron produkzioari ekin zion, La Vizcaya enpresarekin, eta beste etorkin katalan batekin lehia bizian, Bacardi-rekin. Aretxabalaren rona bi markarekin hasi zen ezaguna egiten, Arechabala bera eta Havana Club. 1923an hil zen Juan Arechabala baina haren ondorengoek etxearekin segitu zuten.
Fidel Castroren iraultza nagusitu zenean Kuban, egoera desberdina. Bacardi, ordurako, ez zen Kubako etxe komertzial bat, Bermudako uharte eta paradisu fiskalekoa baizik. Arechabala etxeak, berriz, Cardenasen segitzen zuen. Castroren errejimenak nazionalizatu egin zuen, eta Arechabala familiak bere enpresa eta marken kontrola galdu zuen, eta Estatu Batuetara joan ziren.
Arechabala enpresa estatalak Havana Club ekoizten eta saltzen segitu zuen. Eta 1993an salto handi bat ere eman zuen, Pernod Ricard multinazional frantsesarekin akordioa egin baitzuen rona munduan komertzializatzeko. Garai beretsuan, Arechabalatarrak mugitzen hasi ziren. Munduko edari-multinazional handienarekin saiatu ziren lehenbizi akordioa egiten, IDV-Diageorekin. Ez duzu IDV-Diageo ezagutzen? Akaso izen hauek ezagunago egingo zaizkizu: Guiness, Baileys, Moet Chandon, Johnny Walker, Gordons, Smirnoff, Cardhu, Jose Cuervo eta batek daki beste zenbat. Ronen kategorian, Cacique. Eta IDV-Diageok muzin egin zion Arechabalatarrekin bat egiteari.
Beste ate batean jo zuten orduan Aretxabalatarrek, Bacardirenean. Aspaldiko "etsai komertzialekin" akordioa egin zuten: Arechabala familiak Havana Club izenaren gainean zeuzkan ustezko eskubideak Bacardi-ren esku utzi zituen. Estatu Batuetan Kubaren kontra ezarrita dagoen blokeoa eta legedia kontuan izanda, Arechabalatarren erabakiak ondorio zehatzak eta inportanteak zeuzkan. Lege horien arabera, Arechabalatarrek eskubidea dute Castrok kendu diena erreklamatzeko, eta Estatu Batuetan bederen, eurak dira Havana Club izenaren jabe, ez Kubako enpresa eta Pernod Ricard. Arechabalatarrak Bacardi-rekin ados daudenez, Bacardi da, Estatu Batuetako legeen ikuspegitik, Havana Club-en jabe.
Jakina, Pernod Ricard ez zegoen oso pozik egoera horrekin, eta sekulako pleitoa eraman zuen Munduko Merkataritza Erakundera. Eta, azkenean, duela aste pare bat, emaitza: Pernod Ricard eta Kubako Gobernuaren alde, Bacardi eta Arechabalatarren kontra.
Bilatzen baduzue, Interneten informazio ugari aurkituko duzue auziari buruz . Anticastristek, noski, Arechabalatarrei lapurtutakoa salatzen dute. Kubaren blokeoaren kontrako indarrek, aldiz, esaten dute Arechabala enpresa porrotetik gertu zegoela 1959an eta Havana Club eta bere rona Castroren errejimenak salbatu zuela. Anticastristek, alderantzizkoa diote, noski. Estatu Batuetako Kongresuaren webgunean ere badaude auziari buruzko dokumentuak
Auzia, azkenean, frantses-kubatarren alde irten ondoren, Pernod Ricard-en ere badute zer esana. Eta Munduko Merkataritza Erakundeak ere badago dokumentazioa. Bacardi, ostera, isilik dago.
Euskal Herrian, Aretxabalatarrak ahaztu ez dituenik ere badago, bitartean. Gordexolako Gordexola.net gunean Kubako herriko seme hura gogoratzen dute orri honetan.
Ez dago jakiterik, baina Juan Aretxabala zaharrari, bere hilobian, zerk eman diezaioke amorru gehiago: bere ron zaharra Fidel Castroren eskuetan ikusteak? ala Bacardikoen eskuetan?
Erantzun
Sartu