Eraztunen jauna filmaz
Argumentua ezaguna dela pentsatzen dut. Hobbit baketsu batek, Frodok, ustekabeko misio baten ardura hartu beharko du: Sauronen (hots, Gaizkiaren) Eraztun Bakarra suntsitzea; horretarako, jakina, bidaia bat egin beharko du, eta bere inguruan Erdiko Lurralde mitikoko "arraza libreen" (hobbitak, gizakiak, elfoak, ipotxak, aztiak) ordezkariez osatutako talde bat bilduko da, ibilaldian laguntza eskainiko diona: trilogiaren lehenengo zati honi izena ematen dion Eraztunaren Konpainia edo Komunitatea (edo Eraztunaren Erkidegoa? Edo Kontzertua? agh... igoal Eraztunaren Koadrila hobe). Aurrean Iluntasunaren indarrak izango dituzte: orkoak, trasgoak, azti traidoreak, ilunbeetako izaki mordoa...
Jakina den bezala, liburu batean oinarritutako filma da hau: JRR Tolkienen Eraztunen jauna-ren lehenengo zatiaren (1954) bertsioa da. Eta nobeletan oinarritutako filma guztiak bezala, ezinbestekoak izango dira konparaketak. Laburbilduz, literaturan oinarritutako filmek hiru emaitza izan dezakete, oro har. Alde batetik, jatorrizko literatur lanari fideltasun osoa edo ia osoa gordetzen saiatzen diren pelikulak egongo lirateke, eta betebehar horretan eraginkorrak direnak, hots, nobelari ezer gutxi gehitzen dioten arren, film onak direnak: nobela irakurri duena ase utzi, eta irakurri ez duena harrapatu-edo egiten dutenak; horren adibide izan daitezke (burura etortzen zaizkidan batzuk aipatuko ditut) Ang Leeren Sense and Sensibility (Jane Austenen lan batean oinarritua), edo Terence Stampek protagonizatutako The Collector (John Fowlesen izen bereko nobelan). Bestalde, jatorrizko lanetik haratago doazen filmak izango genituzke, obra independiente eta aldi berean eraginkorrak taxutzen dituztenak: Francis Ford Coppolaren Apocalypse Now (Joseph Conraden Ilunbeen bihotzean nobela laburraren bertsio ezin libreagoa), esaterako. Eta, azkenik, jakina, jatorrizko obraren baloreak hein handiagoan edo txikiagoan sutsitzen dituzten filmak leudeke: The Neverendig Story produktu ultramerikarrak Michael Enderen lanarekin egin zuena datorkit burura, edo Manuel Vázquez Montalbánen Carvalho pertsonaiaren ibilaldiez perpetratu diren pelikula eta batik bat telesail gehienen emaitza kaxkarrak.
Jacksonen lana lehenengo talde horretan sartuko litzateke, nire ustez: ikusi duten Tolkienzale gehienek (eta ni neu iritzi berekoa naiz) nobelari dion fideltasuna azpimarratzen dute. Gidoilariek sinplifikazio lan bati ekin diote (ezinbestean, lehenengo liburukiaren bostehun orrialdeak hiru ordutan kontatu ahal izateko): pasarte batzuk ezabatu dituzte (Tom Bombadilen eta Tumuluen Arroilen episodioak, besteak beste; uneren batean nabaritzen da, bestalde, materiale gehiago filmatu zutela baina azkenean ez dutela sartu: Eraztunaren Espektroek zauritutako Frodo atenditzeko egiten duten geldialdietako batean, harri bihurtutako troll batzuen irudiak ikus ditzakegu, eta ez zaigu horren azalpenik ematen: pentsatzekoa da azalpen hura errodatu zela Frodoren osaba Bilboren ibilaldien "oroigarri" bat da, baina azkenean pasarte hori alde batera uztea erabaki zutela); helburu berdinarekin, eta istorioaren haria hobeto antolatze aldera, narrazioaren egituran eta ordenean aldaketa batzuk sartu dira (Saruman eta Gandalfen arteko eztabaidarekin gertatzen den bezala), eta pertsonaien ezaugarrien deskribapena zantzu urri batzuetara mugatu dute. Gehikuntzak gutxi dira, eta Tolkienek soilik iradokita utzi zituen kontuetara mugatzen dira: adibidez, Orthanc-eko gotorketa lanen eszenak, edo Uruk-hai gerlari beldurgarrien "erditzea" (modu efektista eta eraginkorrean filmatua, Invasion of the Body-Snatchers-en oihartzunekin... eta ezin ahaztu Jackson gore zinemaren eremuetan hasi zela lanean, Braindead jeniala bezalako emaitzekin pentsa: Espainian Tu madre se ha comido a mi perro izenburua jarri zioten; bestalde, Izaki zerutiarrak bezalako lan kuriosoak egin ditu). Gaur eguneko zuzentasun politikoari nolabaiteko keinu bat egiten zaio Arwenen pertsonaiari ematen dioten protagonismo gehituaren bitartez (Glorfindel ordezkatzen du Rivendelerako bidaiaren azken partean) (hala ere, ezin ilusio gehiegirik egin alde horretatik: pelikula, liburua bezala, oso maskulinoa da eta, gainera, Arweni leku handiagoa ematen bazaio ere, Galadrieli kentzen zaiola esango nuke, tamalez).
Aurkikuntza bisual ugari lortzen ditu Jacksonek, baina horretan ere (deskribatzen zaiguna irudietan jartzeko orduan alegia) ezin esan guztiz orijinala denik, Tolkienek berak egindako marrazki eta margoak oso kontuan hartu baititu (esaterako, Hobbiton edo Bilboren etxea zeluloideratzean). Alde horretatik, edonola ere, erreparo gutxi jarri ahal zaizkio filmari: paisaiak txundigarriak dira (benetan gogoangarria da ibaitik egiten duten bidaia, batez ere Argonath estatua erraldoietara heltzen direnean), eta ordenagailuz egindako eraikinak izugarriak (Rivendel pittin bat hortera geratu zaie, baina jasan daiteke; Moriako meategiak, ordea, edozein zale asetzeko modukoak eta gehiago dira Schuiten eta Peeters komikilarien lana gogorarazten dutelarik, gainera). Pertsonaiak ere ondo karakterizatuta daudela esango nuke; ni, behintzat, konbentzitu naute (Aragorni dagokionean uste dut nahiago nuela marrazki bizidunetan egin zen aurreko bertsiokoa, hala ere: serioagoa zen hura, ezatseginagoa, itsusiagoa, torturatuagoa, Tolkienen heroi tragikotik gertuago Vigo Mortenssenek haragitzen duen paladin lerden eta todoterreno hau baino).
Haria, beraz, ondo islatuta dago: abentura handia da, epikoa, borroka odoltsuez eta ezustez betea. Azken aldi honetako akzioko filmeetan gero eta ohikoagoa den bezala, borrokak izugarrizko erritmo bizian filmatuta daude, biziegian aukeran, eta bolumen oso altuan, ikuslea zorabiatzeko asmoz (ezin xehetasunetan fijatu); ez dut uste hori zinema onaren seinale denik, baina egia esan behar bada, arlo honetan bere burua luditu egiten du zuzendariak Moriako troll-aren kontrako borroka aztoragarriaren bitartez: oso ona (efektu espezialak, dudarik gabe, jaun eta jabe dira hemen, baina eszenak planifikazio bat behar du... eta kasu honetan bikaina da).
Ezinbestean, Tolkienen lanaren bigarren dohain handia islatzean huts egiten du pelikulak, baina kontrakoa benetan harrigarria izango litzateke. Azaltzen saiatuko naiz: nire ustetan Eraztunen jauna liburuak bi lorpen nagusi ditu: abentura-liburu jenial bat da (eta honekin peripeziarekin ondo konplitzen du Jacksonek, lehenengo parte honetan behintzat), eta, bestetik, mundo oso bat sortzen du, oso konplexua: geografia bat, gizarte batzuk, mito batzuk (mito batzuk mito handiago baten barnean), hizkuntza oso bat (eta beste zenbaiten zantzuak), giro bat... eta hori oso zaila da hiru ordutako pelikula batean islatzea. Jakina, liburua irakurri dugunok lan hori eginda daramagu, baina ez da gauza bera gertatzen istorioaz ezer gutxi jakinda ikusten dutenekin. Halere, pelikulak ikusle horietako zenbait liburukiak irakurtzera animatuko balitu, gaitzerdi; horrela, behintzat, jabetuko dira filmak eskaintzera heltzen ez den horrtaz. Eta ziur nago hala gertatuko dela: batek baino gehiagok, filma ikusi ondoren, liburura joko du. Batik bat kontuan hartuta amaiera "faltsua" (eta tristea) eskaintzen digula pelikulak, eta zenbaitek ezingo dutela urtebete itxaron jarraipena ezagutzeko (benetako amaiera 2003an helduko da, hirugarren zatiarekin).
Filmarekin dudan zalantzarik handiena, edonola era, aurretik irakurri ez duen ikusle posible horri dagokio: zerbaitek harritu baninduen filman, bere bizitasuna izan zen, zein bizkor doan ekintza, zenbat informazio irenstarazten zaion ikusleari denbora laburrean; berriz ere, "lezioa ikasita" generamanontzat hori ez da arazoa, baina neofitoarentzat nahasgarria izan daitekeela iruditu zitzaidan (halako ikusleren batekin egon naiz, eta primeran iruditu zitzaiola esan zidan, beraz inpresio faltsua izan daiteke). Eta hasieran aipatzen nuen horretara itzultzen naiz, beraz: ez dakidala zein puntutaraino den filma "independiente" edo, gutxienez, "autonomo" bat, nobelarekiko alegia (baina, horren fidela izan ez balitz, zer esango ez ote zuten munduan zeharreko milioika zaleek?). Arazoren bat egotekotan, hor egongo litzateke. Baina ni, jakina, ez naiz egokiena horretaz behin-betiko iritzi bat emateko. Ni pozik atera nintzen zinema aretotik, arras pozik.
Iban Zaldua.
Erantzunak kargatzen...