Teknologia albisteak

Angel Lertxundik dio despotismo politiko baten garaia bizitzen ari garela

Erabiltzailearen aurpegia
Dick Turpin - Izaro
2001-12-31 : 16:12

Angel Lertxundi luze eta zabal mintzatu da asteburu honetan Euskaldunon Egunkarian. Denetik hitz egiten du idazle oriotarrak: itzulpengintzaz, kritikaz, tradizioaz, idazle belaunaldi berriez eta politikaz, besteak beste. Eta, nola ez, maitekiro jorratzen du Jorge Oteiza bere herritarra. Sustatun elkarrizketaren gainbegirada laburra eskaintzen dizuegu.

Jo eta ke ari da Angel Lertxundi azken aldi honetan. Bi liburu aurkeztu zituen Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen azokan: Mentura Dugun Artean saiakera eta Koldo Mitxelena Gure Artean, biak ere Alberdania argitaletxean. Hori dela eta, luze eta zabal egin du berba joan den larunbateko Begia gehigarrian, Euskaldunon Egunkarian. Hona hemen han esandako zenbait gauza:

  • Itzultzaileak. “Edozein erreferentziaren bila, erdarara jo behar nuen lehen, eta orain gero eta erreferentzia gehiago daukat euskaraz (itzultzaileei esker)”.
  • Kritika. “Egia da kritika ongi eta serio egitea oso zaila dela, oso gutxi garela eta gu geu idazleok garela horretarako lehenengo eragozpena”.
  • Tradizioa. “Euskal idazle batek, tradiziorik izan ez duenez, hemendik eta handik hartzen du, askoz ere eklektikoagoa da. Berak antolatzen du bere tradizioa. Hori abantaila handi bat da”.
  • Jon Benito. “Nik neuk ez dut ezagutzen. 20 urte ditu, eta berak bere tradizioa antolatu duela esan nahi du bere liburuak”.
  • Hizkuntza. “Gero eta argiago daukat hizkuntza dela euskal idazleak batzen dituen ardatza”.
  • Militantzia. “Herri honek niri eskatu behar didana da neure neurriaren arabera ahal dudan idazle onena izatea, eta ahal dudan ekarpen onena egitea euskarari eta euskal literaturari. Hori da nire konpromisoa herri honekin eta literaturarekin”.
  • Sekularizazioa. “Sekularizazio hori itxuraz bakarrik gertatu da, nire ustez. Elizak ematen dituen jokabide oro-esplikatzaileen kalkoak arlo guztietan daude”.
  • Zoriona. “Uste dut zoriona, nolabait denok bilatzen dugun kontu hori, nire baitatik luzatzen dudan esku solidarioa dela”.
  • Politikoak. “Despotismo politiko baten garaia bizitzen ari gara. Gure ordezkariak izan beharrean, elkarren artean haserretu behar dugula agintzen digute, beraiek haserre daudelako”.
  • Jorge Oteiza. “Eskultore moduan duen guztia aitortu nahi diot, baina pentsatzen dut etorri zitzaigula esatera euskaraz jakin beharrik ez dagoela euskalduna izateko. Horri esker, euskal kulturaren inguruan oso lasai mugitu da jendea, eta artearen munduan bereziki, euskaraz jakin gabe”.

Erantzun

Sartu