Demagun dendara noala ordenagailua erostera. Nola ordainduko dut? Eurotan ala euroetan? Eta prezio onean ateratzen badut, mila eurotan erosiko dut? ala mila euroan? Eta etxera eramaten badut trastoa, ze izango da? Mila euroko ordenagailua, mila eurotako ordenagailua, ala akaso mila euroren ordenagailua? Hori da egoera. Euroa iritsi da, eta ez dakigu euskaraz nola deklinatu. Euskaltzaindiak zenbait aholku gramatikal eman ditu, baina ez dute gauza handirik argitzen eta, gainera, ageriko disparateren batekin ere badatoz.
Halaxe da bai. Ez dago argi prezioak eurotan ala euroetan kontatu behar ditugun. Ezta ordenagailua mila eurotan ala mila euroan erosi ahal izango dugun. Edo akaso formula guzti horiek zuzenak dira, baina ez zaigu inon esaten.
Kezka pertsonal hau duela aste batzuk piztu zitzaidan. Euro-trukea egiteko orritxo bat jarri nahi nuen Interneten, eta diru-izenen deklinabidearekin zalantza nuen. Nire etxeko euskalkiak kontuak euroetan egitea eskatzen zidan, kanbixua edo diru xehea eskatzekotan, pezetetan baino, duruetan naixago eskatuko nukeen bezalaxe. Ez dut formula plural hau baleko bakartzat jotzen. Euskalki askotan (agian gehienetan) eta hiztun askoren ohituretan, kontu horiek eurotan, pezetatan eta durotan izango lirateke, mugagabean, duda izpirik gabe. Bale. Eurotan, ondo, baina euroetan txarto?
Zalantza hori argitzeko galderak bidali ditut zenbait posta-zerrendatara, eta kontu hau, Eibartarrak eta ItzuL posta-zerrenda irekietan, eta Badihardugu taldearen foro pribatuan. Emaitza: ezer argirik ez, ez bada erabilera forma dexente desberdinak bizirik daudela euskaraz.
Nire uste xumean, auzietako bat neurrien deklinabidearekin dago lotua, alde batetik. Elhuyarreko lagun batek idatzi zuen ItzuL-en neurriak mugagabean deklinatzeko erabakia hartua daukatela. Alegia, distantziak kilometrotan neurtzen direla hemen, eta millatan Oklahoman. Hor ere, nire euskalkiak eskatzen dit kilometroetan eta milletan.
Beste alde batetik, euskalki batzuetan mugatu plural agertzen dena, beste batzuetan mugagabe da, eta ez dakit ze puntura arte honek auzia baldintzatzen duen, mugagabezaleen euskalki horietxek nolabait zentral edo nagusi bihurtu direlako euskara batuan. Adibidez, toki batzuetan umeak besotan hartzen dituzte, eta bataiatutako haurra, haren aita- edo ama-pontekoarentzat, haur besotakoa da. Nire herrian, berriz, umeak besoetan hartzen ditugu, eta bataiatutakoak besoetakoak dira, Jon Mirande-ren Haur besoetakoa bezalaxe. Hortaz, normala iruditzen zait besotakoa diotenek eurotan kontatzea. Baina besoetakoa diogunok, gaizki diogu euroetan kontatzen dugunean?
Auzi honek ez du zerikusi zuzenik aurreko ahapaldietakoekin, nire ustez. Kontua da salneurriak ematean-eta, mugatu singularra erabiltzen dela euskalki askotan forma jator eta erabilien gisa. Hau da, hamar mila duroan aurkitu ditut angulak, esaten dela. Euroarekin ere berdin jokatzen segitu daitekeela ematen du, eta Eibartarrak, ItzuL eta Badihardugu foroetako erantzun askotan kasu hauetan euroa duroa bezalaxe ez deklinatzeko motiborik ez dute ikusten hiztunek.
Alegia, mila euroan erosi dut ordenagailua eta goxokia hamar zentimoan. Ba, tira, Euskaltzaindiak euroari buruz zabaldu duen ebazpenean ez dira formula hauek aipatu ere egiten. Horra, bada, Euskaltzaindiak jarritako Jagonet zerbitzutik etorritako mezu bat:
Gramatika batzordearen iritzia honako hau duzu:
Arretaz irakurri goikoa, ze, nire ustez, halako disparaterik... Badirudi gauzak 100 eurotan dela hobesten den forma. Bale. Beraz, ordenagailua mila eurotan erosi dut. Baina beste forma alternatibo bat ezin da txartxat eman, eta zein da forma hori? Itxura batean, ordenagailua mila euroetan erosi dut. Hori ezin da txartzat eman? Ze disparate! Eta ordenadorea mila euroan erostearena? Hori, esistitu ere ez.
Beste alde batetik, beste formula zahar baten aztarnak noraino iristen diren peskisan ibili da Juan Garzia idazle eta itzultzailea ItzuL zerrendan. Mezu honetan adibide ugari ematen ditu dokumentatzeko mila euroren ordenagailua formula jatorra izan dela euskaraz batek daki noiztik, eta mila eurokoa nonbait berriagoa dela. Tradizioan bai, baina berriz ere testigantza honek arau edo liburuetan laguntza gutxi aurkitzen du.
Beste kontutxo bat behintzat argitu du Euskaltzaindiak. Euroaren frakzioari zentimoa esan behar zaiola. Ez pentsa hain argi zegoenik. Nik badakit Gipuzkoako udal bateko itzulpen zerbitzuak zabaldua zuela oharra, urtarrilaren 1etik aurrera, kontuak xemaiko hitzarekin egin behar zirela. Baina auzi hori argitzen duen dokumentu bat ere kaleratu du Euskaltzaindiak. Honetan ere 1 euro idatzi eta euro bat ahoskatu behar omen delako kontu hori ere zaila egiten zait irensten...
Horra pasarte batzuk:
Gramatika batzordearen ustez, forma hauek hobetsi behar dira:
Txanponak:
Billeteak:
...
Hitz elkartu bidez eman dugun euro(-)zentimo egituran, denboraren poderioz, lehen osagaia galduz joango da seguruenik, eta 2 euro(-) zentimo esan beharrean 2 zentimo esango da. Hala ere, hitz elkartu osoa emango genuke, oraingoz.
Erantzun
Sartu