Abenduaren 20an, ostegunean, arratsaldeko 7etan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jargi aretoan 2001eko Anton Abbadia saria jasoko du Dionisio Amundarain Sarasolak.
Dionisio Amundarain
Itsasondon jaio zen 1930ean, hamaika senideko familian. Haurretan baserri lanetan laguntzen hasi zen, ardiak zaintzen batez ere. 10 urte zituela, Lazkaoko Beneditarren komentura joatea erabaki zuen, inork behartu gabe. Han egin zituen oinarrizko ikasketak, nobiziatua eta gainerako ikasketak.
Parisen eta Erroman izan zen teologia eta filosofia ikasten. Estibalitzen hiruzpalau urte eginik, Lazkaora itzuli zenean buru-belarri hasi zen euskara irakasten eta testuak euskaratzen. Beneditarren artean giro egokia aurkitu zuen lan hartarako.
Elbira Zipitria izan zuen lehen irakasle, 1952-1953 ikasturtean. Igandetan, mezaren ostean eskolak ematen zizkion taldetxo bati. Orixeren lanak irakurriz ematen zuten denbora.
Jaunaren Deia komentuko aldizkarian hasi zen bere lehen itzulpenak argitaratzen, eta geroztik etengabe euskaratu izan ditu otoitzak eta elizako liburuak.Guztien artean berezi behar da Elizen arteko Biblia (1994), bere zuzendaritzapean itzultzaile talde batek landutako itzulpen bikaina.
UEUk Donibane Lohizunen 1974an egindako saioan izan ondoren, alfabetatze ikastaroak antolatzen hasi zen komentuan bertan. Handik abiatu zen Goierrin euskararen irakaskuntzaren alde Dionisio Amundarainek egindako lana: Goierriko gaueskolak sortu zituen, Maizpide Euskaltegiaren sustatzaile, zuzendari, irakasle eta arduradun nagusi izan da, Goierriko Euskal Eskola Kultur Elkartearen sortzaile, Gerriko Sariketaren zuzentzaile eta laguntzaile...
Goierritarrak, eta lazkaotarrak bereziki, euskaldun berrien adiskide, laguntzaile eta sendiko bihurtu ditu Dionisiok: familia gehienetan hartu izan dute, noiz edo behin, mintza praktikarako ikaslerik... Zenbait garaitan, herri osoa euskaltegi bihurtuta ezagutu izan da Lazkao.
Dionisioren hitzak dira hauek:
«Elbira Zipitria jatorriz lazkaotarra zen (...) Bazekien nolakoa zen komentuko giroa eta, igandero, meza ondoren, fraileak hartu eta aditzak lantzen aritzen zen haiekin.
Elbiraz aparte, egiazko maisua Orixe izan da. Haren liburuak irakurriz eskuratu nuen euskararen sakontasuna edo muina. 1966an komentuko aldizkarian argitaratu nuen neure lehenengo itzulpena. Hortik aurrera, elizako otoitzak euskaratu nituen, Etor argitaletxeko liburuak zuzentzen hasi nintzen, eta beste hamaika lan egiten.»
Bibliaren itzulpena
Bibliaren itzulpengintzan ere goigor saiatua da DIonisio Amundarain. Biblia osoaren itzulpenak gutxi dira euskaraz, eta horietako bat bera ere ez zuzenean eta orokorki gaur egungo irakurlearentzat prestatua. Dionisio Amundarainek zuzendu zuen itzultzaile taldeak lan aparta egin zuen, Biblia itzulpengintzan mugarria jarri zuena alde askotarik: jatorrizko testuetatik egina da, itzultzaile talde batek landua da, Elizen artekoa da (katolikoen eta protestanteen artean mamitua), itzulpen printzipio zorrotzetan oinarritua da, euskara jaso eta dotorea darabil.
«Taldearen ardura nagusia itzulpen ulerterraza eta irakurterraza egitea izan da. Hemen itzulpenaz ari naiz, jakina, ez Bibliaz beraz, zeren Biblia ez baita beti liburu erraza. Ulergarritasunari dagokionez konstatazio pozgarria egin ahal izan dut: jende askok, bai Bibliari eta bai euskara batuari beldur apur bat zion jende xumeak, ezusteko pozgarria izan du, testua ulertzeko aparteko zailtasunik ez duela egiaztatzean».
Ramon Irizar, «Elizen Arteko Biblia, berriro» in Senez, 23. zk. 2001eko azaroa
Abbadia sariaren egitaraua
Donostian, 2001eko abenduaren 20an Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregian Sariduna: Dionisio Amundarain Sarasola
Atarikoak - Segurako Txistularien Banda - Ohorezko aurreskua - Dantzaria: Mikel Sarriegi
Sari ematea -Aurkezpena: Lorea Leanizbarrutia, Euskararen Normalkuntzako zuzendari nagusia -Saria emateko erabakia: Luis M. Bandres, Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatua -Saridunaren aipamena: Andoni Sarriegi -Saridunaren hitzak: Dionisio Amundarain
Diputatu nagusiaren agurra
Garaikurra: Xabier Lakaren eskultura
Musika: 1. Sonata op.1, 3. zk. - G.F. Händel - Andante-Allegro 2. Sonata op.1, 3. zk.- G.F. Händel - Adagio-Allegro 3. Aria - J.S. Bach
-Francisco Herrero, biolina -Sorkunde Idigoras, viola da gamba
Erantzun
Sartu