Abenduaren 16ko Bertsolari Txapelketa Finalaren gozamen guztiaren ondotik, bestondoa ikaragarria dugu. Xamurra, eta atsegina, hala ere. Txapel bakarra partitu zen, baina txapeldun, orobat, bertsolaritza eta euskalgintza izan ziren atzo.
Gisa honetako lerroak idatziko dira lau urtetik behin, seguruenik, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren biharamonean. Maliziaz jokatu nahi duenak, hala jokatu dezan, baina aurtengo txapelketa aurrekoak baino hobea edo kaskarragoa izan den baloratzera sartu gabe, atzokoa itzela izan zela erratea baino ez dut. Finala oholtza ondotik ikustea egokitu zitzaidan, eta haiserako urduritasun puntuak egunaren bereziaren berri eman zidan. Goiza bertso onez baina tenperatura hotzean igaro zen. Karrikako haize hotza barrenera sartua zela zirudien, eta bertsolariak ez ezik, publikoa ez ziren uste nuen bezain bero egon.
Baina mahai baten inguruan mugitzera ohituratuak ei gaude euskaldunok, eta horrek bere eragina izan zuen. Arratsalde ahanztezina izan zen atzokoa. Zortzi bertsolariak nor baino nor, bikain jardun ziren. Uneoro belodromoa betetzen zuten kasik 8.000 lagunen orru, txalo zaparrada eta oniritziaren babesean errazago egin zuten kantuan. Nabarmena izan zen, halaere, publikoak lehen ordutik egina zuela bere hautua. Bi txapeldun baziren atzo, publikoaren oniritziari bagagozkio, bederen: Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina. Gainerakoek ez zuten babes faltarik izan, baina hauek txalotzeko tenorean, belodromoko tenperaturak goiti egiten zuen. Ongi baino hobekiago bete zuten biek ere beren lana.
Azken zatiak emozioa adina kalitate izan zuen. Hunkiturik eta ukiturik atera ginen belodromotik. Andoniren hirugarren txapelak erranahi berezia du, baina Andoni bezala, txapeldun atera ziren atzo ere bertze zazpi bertsolariak, txapeldunago batzuk, seguruenik, baina txapeldun guztiak ere.
Bakoitzaren lanari erreparatuta, bikain jardun ziren Egaña ez ezik, Lujanbio, Mendiluze, Maia eta Colina ere. Lujanbiok txapelketa guztian zehar erakutsitakoa berretsi zuen, Mendiluzek finalerdietako, eta azken urteotako arantza kendu, eta bere buruarekin kontent gelditzeko saioa ez ezik, bertsozalea gozarazi zuen. Sekulakoa. Maiak bere buruari gehiago eskatua zion, baina eman zuenarekin ere konforme. Eguneko izar nagusienetakoa Urruñako Sustrai Colina izan zen. Lehenagotik ezagutzen dugunontzat ez da horrenbertzeko sorpresa izan ailegatu den tokira ailegatu dela ikustea, baina alditik aldira gero eta gehiago gozatzen dugu bere bertsokerarekin.
Txapelketak engainagarri dira, erabat. Sailkapena ikusita Iturriaga, Elortza eta Irazu pattal aritu zirela erranen du norbaitek. Akaso badira eman zutena baino gehixeago, baina ezin ukatu bikain jardun zirela, bertsoak osatuz, mamiz jantziz.
Belaunaldi baten garaipena dela erran dute. Bertsolaritzaren garaipena izan da. Bertsozale Elkartearen zeregin nagusienetako bat transmisioa bermatzea izan da hamabortz urteotan, eta horren lekukotza bizitu genuen atzo. Publikoan, bertsolarietan, gai jartzaileetan, epaileetan, antolakuntzan...
Magia berezia du bertsolaritzak, eta erabat sorginduta gaitu hainbertze.
Zorionak bertsolariei, bertsolaritzari, Bertsozale Elkarteari, lanean jardun dutenei, gai jartzaileei, eta txobinismo puntu batez epaileei ere bai.
Herri honetako pena eta keria guztien ondoan, pozgarria da atzokoa bezalako egun bat, euskararentzat eta euskalgintzarentzat arnasaldi oparoa baita.
Erantzun
Sartu