Teknologia albisteak

Telebista publikoak pribatuen ezberdin?

Erabiltzailearen aurpegia
Leire - Goienkariatik
2001-12-13 : 11:12

Telebista kate pribatuak agertu zirenean, orain dela 10 bat urte pasatxo, telebistak kalitatez asko irabaziko zuela, askatasun handiagoa izango zela, eta abar eta abar esaten zuten. Bi iritzi jaso ditugu: bata, kazetari eta EHUko irakasle batena; bestea, EITBko kabinete zuzendariarena. Zuk ere eman dezakezu zure iritzia.

Edorta Arana

Kazetaria eta EHUko irakaslea

Eztabaida interesatua

Duela hamar urte, telebistagintza pribatuarena adierazpen askatasunaren lorpen bat zela eta medioari aniztasuna ekarriko ziola aldarrikatzen zuten berberak daude gaurko “zerbitzu publikoaren” inguruko eztabaidan. Oraingo honetan, TVEren diru-zuloa, aldi berean finantzatze publiko eta publizitarioa erabiltzea, programazio komertzialegia eta audientzia-lehiaketan buru belarri sartuta egotea salatzen dute. Eta kritikarako arrazoiak ez zaizkie falta. Esandakoaz gain, aginte partidistekiko mendekotasuna, homogeneotasun ideologikoa albistegi eta eztabaida saioetan, komertzialtasuna eta espektakularizazioa programazioan, audientzia helburu hutsa izatea eta epe erdirako edo luzerako helburuak ahaztea laburreko etekin komertzialen onerako, beste batzuen artean. Beraz, telebistagintza publikoaren eta pribatuaren inguruan hausnarketa serioa egiteko gaiak badaude. Daukan garrantzi soziala jendearengana iristeko informazioa eta balore transmisioan, hezkuntza sistemarekin dituen loturak eta denbora librearen erabileran lortzen duen lekua kontuan hartuta, errekuperatu beharra dago telebista kanal desberdinen kontrol soziala. Hau ere garrantzitsuegia da politiko, negoziante eta diru-etorrera arinzaleak diren profesionalen esku uzteko. “Interes publikoa” irrati-telebistagintzaren funtsezko elementu bat baldin bada, kanal pribatuetan zein publikoetan aplikatu beharko dira oinarrizko arau berberak. Eta horien artean, noski, programazioaren aniztasuna, jendearen parte-hartzerako bideak zabalik edukitzea, iritzi guztietara zabalik egotea, izaera ezberdin guztien aurreko errespetua eta pluraltasun linguistiko eta kulturala islatzea. Eztabaida-gai hauetan sartu barik, TVEren bigarren kanala pribatizatu beharraz arituko dira edo iragarkiak jartzen dituelako ETB2rena konpetentzia desleiala dela esanez. Betikoa, telebistagintza publikoaren aurka egiten dute, komertzialarendako eskuak libre gura dituztelako.

Manu Castilla

EITBko Kabinete Zuzendaria

Ezer ez da berdin

Barrutik zein kanpotik begiratu eta telebista bat bestearekin konparatuz gero, bien artean inolako parekotasunik ez dagoela ikusiko dugu. Pribatuak mundu bat dira eta publikoak beste bat. Telebista pribatu eta publiko baten antolamendua, esaterako, guztiz da desberdina. Horrez gain, txikiek ez dute zer ikustekorik handiekin, lokalak eta nazioartekoak guztiz desberdinak dira, generalistak eta tematikoak, digitalak eta analogikoak... Desberdintasuna baino ez dago telebistaren munduan. Baina, hori horrela izanik, zergatik entzuten dugu behin eta berriz “telebista guztiak berdinak dira” leloa? Nire ustez, hau ulertzeko datu bat kontuan izan behar dugu: euskaldun bakoitzak 210 minutu, hau da, hiru ordu eta erdi, ematen ditu egunero telebistaren aurrean. Hau batez bestekoa da, noski, eta beraz, batzuek lau eta bost ordu baino gehiago ematen dute, eta besteek, berriz, bat edo bi bakarrik. Eta bi talde hauen artean bai ez dagoela parekotasunik. Aurreneko taldea telebista kontsumitzaile sutsua da, telebista ikusi bai, baina ez du telebistari buruz askorik hitz egiten, gehienera ere programa edo aurkezle bati buruz ariko zaizu. Telebistari buruz idazteko ohiturarik ez du. Bigarren taldean telebista kontsumitzaile apalenak sartuko ditugu: programa gutxiago ikusten ditu, baina letra handiz idatzitako Telebista (programazioa, antolaketa, ideologia...) gehiago interesatzen zaio. Jeneralean, iritzia bigarren talde honetatik datorkigu, eta telebistaz idazten dutenak atal honetan kokatu behar ditugu. Egoera, beraz, honako hau da: batzuek telebista isilik ikusten dute, eta besteek gutxi ikusten dutenari buruz asko jardun ohi dute. Lehendabizikoendako, ikusle sutsuendako, alegia, programen artean ez dago kolorerik, informatibo nahiz entretenimendurako izan, ezer ez da berdin! Eta beraien esku dago agintea, eta nola saiatu etxetik etengabe aukerak egiten. Bigarrenek, aldiz, telebista ikusi beharrean, telebistaz mintzo dira, eta nola! Gutxi ezagutzen dutenari buruz jarduten dute, guztia berdina dela esatearekin konformatuz. Lastima, baina telebistan ezer ez da berdin!

Erantzun

Sartu