Teknologia albisteak

Proiektika jardunaldiek Euskal Herriko erakundeak aztertuko dituzte, Bidarten eta Donostian

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal - HUHEZI
2001-12-12 : 16:12

Eralan ikertegiak jardunaldi batzuk antolatu ditu, erakundeak nola berritu eta aldatu aztergai izango dutenak. Jardunaldion lehen eguna, abenduaren 13a, Iparraldean egingo da, Estia-Bidarten; biharamona, berriz, Donostian izango da, Miramar jauregian. Ipar eta Hego Euskal Herriko erakunde askok parte hartu dute jardunaldi hauek antolatzen, eta eurekin batera, nazioarteko aditu andana ibili da.

Gure mundu hau erakundetan dago antolatuta. Gutariko gehienok ere erakunde horietan dihardugu egunero: lanean, aisialdian, laguntzen edo bestela. Kontua da XXI. mendean bizi garela, baina gure erakunde gehienak eratuta daudela XIX. mendeko eskemen arabera. Zer egin, hortaz, gure erakundeak berritu eta egunean jartzeko? Eralanek —Erakundeak Berrizteko eta Eraldatzeko Ikertegiak— jardunaldi batzuk, antolatu ditu datozen 13an eta 14an, gai horri erantzun guran. Hauxe izango dute gai nagusia: “Erakundeak eraldatzeko paradigma berri baterantz: Euskal Herriaren eredua”. Mondragon Unibertsitatearen Praktiker ikertegiak sortu du Eralan, Bidarteko Graphos-CNRS ikertegiarekin batera, erakundeak aztertu eta eraldatzeko asmoarekin. Eta Eralanek antolatu ditu jardunaldi hauek beste hainbat lagunekin: Eusko Ikaskuntza, Estiako ikertegia (Bidarte), IUT ikertegia (Baiona) eta Proiektikaren Europako Institutua. Denek ere laguntza izan dute Geneva, Angers, Frantziako Tolosa, Perth (Australia), Dublin, Lyon eta Bristoleko unibertsitateetan. Lehen eguna Bidarteko Estia ikertegian egingo da, Baionatik hurbil. Bigarrena, ostera, Miramar jauregian, Donostian. Xehetasun gehiago nahi duenak, Sustaturen agendan begira lezake, hemen.

Praktiker

Eralan ikertegiaren sorreran Praktiker dago. Mondragon Unibertsitateak sortu zuen orain bi urte, era guztietako erakundeak eraldatu eta eguneratzeko. Luxio Ugarte doktore eta antropologo oñatiarrak zuzentzen du eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean du etxea, Eskoriatzan. “Gure ikerkuntza ildoak”, dio Luxio Ugartek, “bereziki lantzen ditu teoriak, ereduak, metodoak, erremintak eta azterketa soziologikoak, lagungarri izango direnak bai prozesu teknikoan eta baita era guztietako erakundeen kudeatzeko eta eraldatzeko”. Praktikerren lanik handiena egiten da inguruko kooperatiben mesedetan, baina baita prestatzeko Mondragon Unibertsitatean ari diren ikasleak. Erakunde sortzaileak, adimentsuak eta autokudeatuak lortu nahi ditu, non langileek behar den guztia ematen duten beraien lana ondo egiteko, baina muzin egin gabe beraien gurari eta behar pertsonal nahiz sozialei. Bere lanari ahalik eta etekin handiena ateratzeko, Praktiker hainbat hitzarmen ari da bultzatzen punta-puntako beste erakundeekin, Ikerlan ikertegia kasu, eta Europako hainbat unibertsitaterekin. Bide horretan, Baionako Graphos-CNRS ikertegiarekin batera Eralan sortu du aurten, jardunaldi hauek antolatu dituen ikertegia, hain zuzen.

Erantzun

Sartu