Arrosa irrati ekoizpen zentrua sortzea adostu genuen asteburuan Euskal Herri osoko irrati euskaldun eta libreek. Helburua, irrati guztiek batera lan egin eta ekoizpen propioak eta euskarazkoak sortzea da.
Gure Irratia (Lapurdi) 20. urteurrena ospatzen ari den hoentan, hainbat berri pozgarri etorri zaizkigu Ipar Euskal Herritik. Urtemugak ospatzea gauza polita da, txukuna, eta OPIak (Oso Pertsona Inportanteak) agertuko zaizkizu pintxoak jatera, baina are garrantzitsuagoa proiektu berrietarako abiapuntua denean.
Gure Irratiak, beste irrati bat sortu du Hendaian Txingudi-Bidasoarako: Antxeta Irratia.
Horrez gain, internetetik entzungai da www.gure-irratia.com gunean, zuzenean mundu osorat.
Horrez gain, Miarritzen burututako jardunaldietan, Arrosa ekoizpen zentrua martxan jartzea adostu genuen bertara hurbildutako Euskal Herri osoko irrati euskaldun eta libreek. Arrosak egunero kultur magazin bat (2 ordukoa) eta albisteak ekoitziko ditu. Eta internet bidez gura duten irrati guztiei igorriko dizkie, irrati bakoitzak hautatuko du zein albiste informazio erabili eta zein ez, bere interesen arabera.
Herrialde guztietako irratiak ari gara lanean Arrosa egitasmo honetan. Eta horrela buruz esan behar izan ezkero, Arabatik Hala Bedi irratia dago, Nafarroatik; Irati, Xorroxin, Euskalerria eta Eguzki irratia. Gipuzkoatik, Txapa, Pottoka, Zintzilik, Molotoff, Oiartzun, Herri Irratia... Bizkaiatik, Tas Tas da orain arte bileretara joan dena baina Bilbo Hiria irratiak ere jarraitzen du proiektua, Ipar Euskal Herriko hiru euskal irratiak ere proiektu honen bultzatzaileak dira, hasieratik gainera, Gure Irratia, Irulegi eta Xiberuko botza.
Orain, 6 hilabetez, Arrosa ekoizpen zentrua zelan burutu eztabaidatu eta adostuko da. Eta maiatzerako martxan egotea espero da. Dagoeneko, oso aurreratua dago irratigintza Ekoizpen zentrurako egitasmoa eta instituzioen aldetik (orotarikoak) oso harrera ona hartzen ari da, kulturarako, hizkuntza normalizaziorako, euskalkien bizipozerako eta orohar Euskal Herriarentzako onuragarria izango den proiektu aniz honekin.
Erantzun
Sartu