Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen Azoka amaitu den honetan, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Haur Liburu Mintegiak gida bat argitaratu du, Mondragon Unibertsitatean. Gida horretan hamaika urte hauetan (1989-2000) argitaratu diren haur eta gazte literaturako libururik onenak sailkatzen dira, adinen arabera. Eskatzen duten guztiei guraso, literaturazale zein liburuzain bidaliko zaie, postaz.
Orain hamaika urte hasi zen Eskoriatzako Haur Liburu Mintegia Gabon guztietan gida bat argitaratzen, gomendatzen zituena haur eta gazte literaturako libururik onenak. Dirurik ez-eta, fotokopiatan egiten zuen hasieran. Aurten, berriz, diru laguntza izan du, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarena, eta txukun-txukun kaleratu du gida, moldiztegian. Nerea Alzola zuzendariak adierazi duen moduan, *talde baten lan jarraituaren fruitu da argitalpen hau; eta horretarako liburu asko bildu behar izan dira eta irakurri. Egun seinalatu hauetan kaleratzen denez, lagungarri izan nahi du guraso, irakasle eta liburuzainentzat. Oraingoan erabaki dugu Irakur Gida bat osatzea urte andana honetan plazaratu ditugun liburu oso gomendagarri guztiekin*. Jende askok lagundu du urte hauetan zerrenda hauek egiten irakurle eta iritzi emaile moduan, tartean Diego Martiartu idazle eta Putz aldizkariko bultzatzailea, Pruden García Euskaltzaindiko liburutegiko arduraduna, Txaro Urrutia Aretxabaletako Kurtzebarri eskolako liburuzaina eta Mila Agirrezabal Angiozarko liburutegiko arduraduna, besteak beste. Gabonetako gida hau eskatzen duen guztiari bidaliko zaio, postaz. Haur Liburu Mintegia
Nerea Alzola irakasleak, Pello Añorga idazleak eta Mari Karmen Apraiz HUHEZIko liburuzainak osatzen dute Haur Liburu Mintegiko talde eragilea. Hiru argitalpen argitaratzen dituzte, beti ere haur eta gazte literatura lantzen: - Irakur Gida. Urtero, euskaraz kaleratzen dute. - Haur eta Gazte Literatura. Gabonetan kaleratzen dute, laguntzeko sasoi horretan liburuak erosi behar dituzten gurasoei eta liburutegietako profesionalei. - Haur Txikientzako Irakur Gida. Euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzen da, ahal den guztietan. Berri gehiago nahi duenak telefono honetara dei dezake: 943 71 41 57. Edo mezu bat bidali e-postaz: liburutegia@huhezi.edu.
Erantzun
Sartu