Urnieta eredu bihurtu da teknologia berrien aplikazioan eta horrela aipatu du aste honetan El Pais-en Ciberpais gehigarriak. Izan ere, beste bost herrirekin batera, Fira del Futur delakoan parte hartu du, Callús-en, Bartzelonan. Mendaro ere hizpide izan da Elgoibarko Barren aldizkarian, antzeko arrazoirengatik.
Urnieta hizpide du aste honetako Ciberpaís gehigarriak. Callús (Bartzelona), Carreño (Asturias), Jun (Granada), Morella (Castelló) eta Ribes de Freser (Girona) herriekin batera, Fira del Futur-Etorkizuneko Azokan parte hartu du Callús-en bertan.
Herri hauek guztiek 1.000 eta 10.000 bizilagun artean dituzte eta berebiziko ahaleginak egin dituzte beren herritarrak etorkizunaren uhinean sartzeko. Horretarako teknologiarik berrienak erabili dituzte, telekomunikazio zerbitzuak sortu, telelana eta demokrazia elektronikoa bultzatu, besteak beste. Ez dute nahi herriak husterik eta harrigarria bada ere, kasu askotan, enplegua ari dira sortzen.
Ciberpaís-ek dioenez, herri hauek gainditu dute dagoeneko Espainiako gobernuak 2006 urterako Info XXI planaren bidez prestatzen ari den hiri digitalen egoera. Aurreratu egin dira erabat. Urnietako 5.000 bizilagunek 22 telebista kanal hartzen dituzte telebistan kable bidez, Internet dute zabalero handian eta tarifa laua, telefono eta guzti. Hori lortzeko 3.000 pta ordaintzen dituzte hilero. Urnietako Udalak Urnietatel sortu zuen telekomunikazio sarea kudeatzeko, bera baita udal bakarra horren jabe dena.
Irakurri nahi duenak zabalago Callús, Carreño, Jun, Morella eta Ribes de Freser herrien gainean, Ciberpaísen du aukera. Interesgarria, benetan.
Mendaro ere (1.300 bizilagun) puri-purian dago. Izan ere, orain dela gutxi jakinarazi da Mendaro Interneten egitasmoa. Barren aldizkariak azaltzen du zenbait diru laguntzari esker abiatu dela egitasmo hau, Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsak eta Eusko Jaurlaritzak emandakoak hain zuzen.
Egitasmo honek helburua du Mendaroko biztanleak teknologia berrien mundura bideratzea eta Mendaro munduko herri guztietara hedatzea. Horretarako, hainbat zerbitzu sortuko ditu: udal gestioa on-line, telebista digitala, bideokonferentzia, Internet eta telefonia analogikoa eta digitala. Oiane Valenciano proiektuko arduradunak esan duenez, pauso garrantzitsuenak eginak daude eta ekipo guztiak prest proiektua martxan jartzeko: telebistarako materiala, fibra optikoa , baina oraindik jendearengana iristea falta zaigu.
Erantzun
Sartu