Sorpresa guti izan ditu aurtengo finaleko zortzikoteak, baina izan du. Belaunaldi aldaketa erabat gauzatu da txapelketan. Zalantzarako tarterik?
Bertsozaleek bertsozale elkartearen webgunean ere jarraitu ahal izan dituzte saioak.
Anitzetan paratu izan da ezbaian belaunaldi berriak lehenagokoak bezain bertsolari ote diren. Azken hilabete eta erdian frogatu ahal izan dugu sekulako bertsolariak daudela gaur egun, lehen ere izan ziren bezala. Bertsolaritza aldatu da. Onerako edo txarrerako izan den norberak aterako ditu kontuak, baina aldaketaz baino gaur egungo gizartera egokitzeko izan duen gaitasunaz solastatu beharko genukeen. 21 urteko aldea dago gazteenaren eta zaharrenaren artean, eta hiru belaunaldiren lekuko izanen dira zortziak ere. Hauek dira abenduaren 16an lehaituko diren bertsolariak:
Andoni Egaña. Zarauztarra, 40 urte. Batzuek garai guztietako bertsolaririk konpletoena dela erranketu dute. Hirugarren txapelaren bila joanen da. Bertsolaritza eguneratu eta eraldatu zuen belaunaldiaren lekuko, gogoeta egile sakonenetakoa. Txapela kendu nahi dionak bertsotan egin beharko du.
Maialen Lujanbio Emakume izateak goraipamen ugari ekarri badizkio ere, bere bertsoek behar dute izan hizpide. Finalerdietako bertsolaririk konpletoena izan da. Kementsu agertu da 25 urteko hernaniarra, eta erabateko konfirmazioa berea, 25 urterekin bigarren finala jokatuko baitu. Borrokalari latza.
Unai Iturriaga 27 urte, durangarra. Finalerdietan Maialeni erabat gerturatu zaion bakarra. Iazko Bizkaiko Txapelketako zapore gazi-gozoaren ondotik bertsoekin nola gozatzen duen eta nola gozarazten duen erakutsi duen. Kolpe latzak dira bereak.
Jexux Mari Irazu Larraul, 29 urte. Belaunaldi egonkortuaren bertze adibide bat. Klasikotasuna eta berritasuna ederki uztartzen eta islatzen dituen bertsolaria. Duen guztia eman gabe iritsi da finalera, paper bikaina eginda, hori bai.
Jon Maia Zumaia, 29 urte. Habanera ttiki gelditu zaio. Hunkitu eta ukitu egiten duen bertsolaria. Bigarren finala du berak ere, eta ez dago kasualitatez. Irazuk bezala, ez du duen guztia erakutsi. Kartarik onenak finalerako gordeko zituen?
Sustrai Colina Urruña, 19 urte. Aurtengo sorpresarik handiena, eta atseginena. Ipar Euskal Herriko bertsolaritzaren lekuko, garai berrietan bera izanen da lehendabiziko finalista lapurtarra. Publikoa bereganatzeko ahalmen izugarriari esker, eta bertsokera bizi eta onari esker isil-isilik heldu da finalera. Belaunaldi berri baten lekuko, tontorrerako bidea erdietsi du. Goitian mantentzea izanen du erronka.
Aitor Mendiluze Andoain, 26 urte. Orain edo inoiz ez. Gisako leloren bat paratua zion bere buruari. Zuzena, teknikoki kasik perfektua, akats gutikoa, 95ean Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuenetik, barrenean zuen arantza kentzeko premia zuen. Lortu du, eta badena erakustera dator.
Igor Elortza 26 urte, Durango. Bizkaiko Txapeldun azken bi aldietan. Honek ere barren-barreneko arantza atera du. Akats gutikoa, ikuspegi berezia eskaintzen dio. Bere garaia heldu da.
Erantzun
Sartu