Teknologia albisteak

Unibertsitateen Euskal Legea, demokrazia-ariketa

Erabiltzailearen aurpegia
Iban - Anjeles Iztueta Azkueren bidez
2001-11-20 : 15:11

Jende ugari mobilizatu da legearen kontra: irakasle, ikasle... Joan den urriaren 31n Madrilgo Parlamentuan Unibertsitateen Lege berria onartzeko prozesua pauso erabakigarria izan da. Euskal Herriari dagokionez, gehiengoa kontra duen legearen gaineko iritzia ematen du Anjelez Iztuetak. Egunkarian argitaratutako iritzi artikulu luzea eta jantzia.

Unibertsitateen Euskal Legea, demokrazia-ariketa

Unibertsitateen Euskal Legea, demokrazia-ariketa

Joan den urriaren 31n Madrilgo Parlamentuan Unibertsitateen Lege berria onartzeko prozesua pauso erabakigarria izan da. Gizarteak eta Unibertsitate Elkarteak lege horren menpe egongo dira aurki.

Globalizazioaren, informazioaren teknologien, Komunikazioaren eta Ezagutzaren Gizartearen aroan, Unibertsitatea eragin handiko bidegurutzean dago, eta ezinbestekoa du berori kudeatu eta konponbide zuzena ematea. Prestakuntzaren eta ikerketaren esparruan eragile berriak azaldu dira, Europa mailako hezkuntza-eremua errotu da, ezagutza sortzeko prozesuan bertan aldaketa sakona gertatu da, eta demografiak behera egin du. Gertakari zehatzak dira horiek, esparru zabalagoetatik eta ez hain mugatuetatik Unibertsitateak bere gain hartu beharrekoak.

Hezkuntza Ministerioak eta PPko gobernuak etorkizun-bokazioa duen Unibertsitatearen beharrei erantzuten ez dien legea nahi dute onartu. Horrela, 83ko Unibertsitatearen Erreformarako Legea eguneratzeko premiaren ondoriozko itxaropenak murrizten ditu.

Gehiengoa aurka duela ere, PPk setati ezarri nahi duen Unibertsitatea Antolatzeko Legea unibertsitatearen egoerari buruzko aldez aurreko azterketarik egin gabe sortu da. Legearen egileei badirudi ez zaiela interesatzen legeztatu nahi dutenaren egoera zein den jakitea. Legearen helburuak, zentzua eta hedadura ere interesik gabeko alderdiak dira. Izan ere, oso zaila da zehaztea proposatzen duten unibertsitate-sistemaren eredua.

Proposatutako testua Unibertsitatearen Autonomiaren aurkakoa da, autonomia hori izanik Irakaskuntza eta Ikerketarako erakundearen euskarria, Konstituzioaren 27. artikuluan jaso eta bermatzen dena. Autonomia, gainera, ezinbesteko baldintza da lehen adierazitako egoerari eta premiei aurre egiteko. Autonomiaz jardun dezakeen Unibertsitatea bere inguruneko eskakizunei egokitzeko gai izango da, dituen eskuduntzen arabera.

Hori guztia kontuan hartu gabe, PPren Unibertsitateen Legea, zentralismorik zorrotzenetik, Madrildik, gai erabakigarrienak ezarri nahi ditu, hala nola, ezagutza-arloak zein izango diren, Unibertsitate Sailak nola arautu behar diren, titulazioetan ikasleak onartzeko mugak... Azken finean, gure Unibertsitateak nola antolatu eta kudeatu erabaki nahi du, besteen iritzia kontuan hartu gabe, beharrezko errespeturik gabe, politikaren eta unibertsitatearen arloko erakundeak eta taldeak behartuta. Madrilgo Gobernuak sustatutako Unibertsitateen Legea unibertsitate-sistemaren heldutasunarekiko mesfidantzaren adibide garbia da. PPk nahiago du esku hartu askatasuna eman baino. «Guztia herriaren alde baina herria kontuan hartu gabe» estilo demokratiko zalantzagarrian oinarrituta gobernatu nahi du.

Antzeko zerbait gertatzen da autonomia politikoarekin. Autonomia Erkidegoak sistemaren finantzatzaile hutsak dira, Madrilgo Gobernuarekiko erabateko mendetasun-egoeran. Izan ere, Gobernuak, Erkidegoen euskarri finantzarioarekin unibertsitate berriak arautu eta diseinatzeko boterea beretzat gordetzen du.

Oso adierazgarria da Alderdi Popularraren ikusmoldea Autonomien Estatuari buruz. Egoera are eta larriagoa da Erkidego Historikoen kasuan, bereziki gureari dagokionez. Konstituzioaren 2. artikuluak lurralde-autonomia berretsi egiten du, eta Gernikako Estatutuaren 16. artikuluak eskuduntza bereziak ematen dizkio gure Autonomiari hezkuntzarekin zerikusia duten gai guztietan; Estatuaren esku utzita funtsezko bermeak betearaztea, Ikuskapen Gorena eta Sistemaren Koordinazio Orokorra. Eta ez da ahaztu behar Autonomia Estatutuaren 16. artikulu horren oinarri nagusia EBren Lehen Xedapen Gehigarria dela, eskubide historikoen ezagutzan oinarritutako eskuduntzak zabaltzeko aukera ematen duena. Hau da, Konstituzioak eta Estatutuak eskuduntzak zabaltzeko eta gehitzeko aukera zabalik uzten dute, horiek inola ere murriztu gabe. Instituzio- eta araudi-mailako ikuspegi horretatik, hain zuzen, diogu Unibertsitatea Antolatzeko Legea lege murriztailea dela, autonomiarekiko errespetu txikikoa.

Unibertsitateko Autonomia eta Autonomia Politikoa errotik ezabatuta eta unibertsitateko errealitate anitzari aurre egiteko premiaren aurrean, datorkigun legeak homogeneizatzea planteatzen du soluzio bezala, derrigorrezko uniformizatzea zentralismo politikotik abiatuta.

Gure Autonomia Erkidegoari dagokionez, Legeak izango duen berehalako ondorioetako bat gure berezitasun linguistikoari behar bezala ekiteko zailtasuna izango da, eragozpena ez bada. Euskararen garapena unibertsitateko hizkuntza bezala arrisku nabarian geratuko da Lege berriarekin.

Dena den, ez da txarra eta desegokia planteatzen duenagatik soilik, baita ere lantzeko erabili dituzten «formengatik» eta jarraitu den onesteko prozeduragatik.

Izan ere, prozesuak inplikatutako sektore eta erakundeen parte-hartzerik eza eta ardura formal eskasaren adibide ugari izan ditu ezaugarritzat. Ez da izan adostasun-gogorik, eta bai ordea ardura inposatzailea. Izapidea gutxienezkoa izan da, eskasa errespetu eta begirune demokratikoen parametroetatik begiratuta, egoerak bortxatuz eta egun bakar batean seiehun emendakinetik gora ere eztabaidatu dituztela.

Azken produktua zorrotz arautzen den oinarrizko Legea da, antolamendu autonomikoa eta homogeneizatzea nahasten dituena, baita koordinazioa eta esku-hartzea ere.

Honen guztiaren aurrean, zer egin daiteke? Edo garrantzitsuagoa dena, zer egin behar da? Unibertsitatea, gure Unibertsitate Sistema, ezin da erantzunik gabe gelditu, erreferentziazko eredurik gabe, euskara garatu gabe, etorkizunean garatzeko aukerarik gabe. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak erantzun trinkoa eta eraginkorra eskaini behar dute, Euskal Unibertsitate-esparruari itxaropena berreskuratzea ahalbidetuko diona. Ildo honetan, indarrean dagoen antolamendu juridikoaren babesean, hau da, EEko Lehenengo Xedapen Gehigarriaren eta Gernikako Estatutuaren babesean, Lege propioa lantzea proposatzen dugu, euskal unibertsitateen premiak eta etorkizuna arautuko dituena

Gure eskuduntzen garapenaren jardunean, Unibertsitateen Euskal Lege bat idatzi eta indarrean jarriko dugu, Unibertsitate Sisteman inplikatutako sektore guztien adostasunaren fruitu izango dena. Horretarako lanerako metodologia bat ezarriko dugu, parte-hartzea bermatuz, unibertsitateko subjektu guztiek Legeari buruz dituzten iritziak sistematikoki eta objektiboki ahalbidetuko dituena. Azken batean, unibertsitateak, gizarte-ordezkaritza, kultur ordezkaritza, enpresari dagokiona eta abar uztartu ahal izango dituen bidea proposatzen dugu, horiek guztiek beren ideia eta asmoekin Legearen edukiak zehaztuko dituztela.

Gure Unibertsitateen Legeak XXI. mendeko eskakizunekin neurri handiagoan bat datorren eredu batera egokitzea ahalbidetuko dio gaur egungo Euskal Unibertsitateari, ez hain burokratikoa, autonomoagoa eta inguruneko gorabeherei erantzun estrategikoa emateko ahalmena duen unibertsitate-eredu batera. Hala, unibertsitate lehiakorra lortuko dugu, kalitatezkoa, ingurune ireki eta dinamikoetan jarduteko gai dena, bokazio europarra duen unibertsitate bat, Euskal Herriko berezitasun linguistikoa eta kulturala oinarritzat hartuz bere aniztasuna bildu eta jokatzeko gai dena.

Une honetatik eta datorren urtean onesten duten arte, lanerako metodologia bat ezarriko dugu, zenbait gutxienezko komun definituko ditugu, gure unibertsitateen potentzialtasuna ahalik eta gehien garatzea ahalbidetzen dutenak, beren autonomiaren erabateko jardunean.

Lortuko dugun lehenengo emaitza gure Lege berria lantzeko bidetik beretik eratorritakoa izango da, unibertsitateko bizitzara ilusioz beteriko ideiak eta proiektuak zinez gaineratuz.

Azken batean, gure unibertsitate-sistemaren ahalmenean sinesten dugunok, sistemak berak Euskal Herriarentzat duen garrantzi estrategikoaz jabetzen garenok, gure zerbitzurako gogo eta bokazioa jakinarazi nahi diogu unibertsitate-esparruari Unibertsitate hobea lortzeko, eta horrenbestez, gizarte oparoagoa, solidarioagoa eta anitzagoa.

Erantzun

Sartu