Teknologia albisteak

Euskadi, aurriritzi barik, Kataluniatik ikusia

Erabiltzailearen aurpegia
Amatiñoren bitartez - Luistxo Eibartarrak zerrendatik aukeratua
2001-11-20 : 12:11

Antoni Batistak "Euskadi sin prejuicios" deritzan liburua argitara eman berri du. Batista La Vanguardia egunkariaren kazetari da, 25 urte daramatza Euskal Herriaz informatzen eta hau du gai bereko hirugarren lana. Oraingoan 1998tik 2001era bitarteko epea arakatu du, Lizarrako Itunetik azken hauteskundeak arte. Hala ere, liburua ez da gertatuaren kronika politiko hutsa, euskal gatazka zertan den espainiar merkatuari ulertarazteko saiakera baizik. Besteak beste, lau dira egileak miatu dituen gai nagusiak: Euskal nortasuna; Lizarrako Ituna, su-etena eta haustura; komunikabideen jokoa eta bake-elkarrizketari buruzko eztabaida. Guztia edonork ulertzeko moduan eta, zer gerta ere, aurreiritzirik gabekoa.

Jakingarria da euskal nortasunaz Batista katalanak egiten duen hausnarketa. Bistan da kazetariak bertatik bertara ezagutzen duela Euskal Herria, gure izakera errotik antzeman duela eta, bere ustez, ez dagoela euskal aldarria ulertzerik aldez aurretiko herri-atxikimenduak kontutan hartzeke.

Lizarrako Itunaz, su-etenaz eta hausturaz, berriz, alderdien jokaerek gaia menderatzen duen kanpo-miatzaileren bat behar zuten eta Antoni Batistak ikuskatzailearenak egin du. Segurutik protagonista guztiak ez dira beti haren ikuspegiaz bat etorriko baina inork ez dio behintzat informaziorik eza leporatuko. Ildo beretik, artezak benetan, ETAri zuzenean eskaintzen dizkion zazpi orrialdeak.

Kazetaria izaki, Batistak erdipurdirik gabe salatzen du azken hiru urteotan Espainian izan den kanpainia mediatikoa eta PPren menpeko eragina. Haren iritziz, azken hauteskundeetan gertatutakoa Unibertsitatean ikasi ahal izango da, kazetaritza espainiarraren historian zehar sekula demokrazian izan den manipulaziorik handienaren adibide gisa.

Bake-elkarrizketaz, azkenik, egileak berea egiten du Ernest Lluch adiskidearen erailketa ostean Gemma Nierva kazetariak gidoiz kanpo esandakoa, alegia, Lluch-ek bere erailearekin ere hitzegingo zukeela.

Euskal politikagintzaz jabetu nahi duenak irakurri beharreko liburua.

Amatiño

Erantzun

Sartu