Teknologia albisteak
2

Warner etxeak ez du bikoiztu nahi “Harry Potter” filma katalanera eta horrek eztabaida piztu du Katalunian

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal - Mondragon Unibertsitatea
2001-11-17 : 23:11

AOL-Time-Warner multinazionalak ez du bikoiztu nahi izan katalanera “Harry Potter eta Sorgin-harria” izeneko filma, nahiz eta Kataluniako gobernua prest zegoen ordaintzeko bikoizketaren gastu guztiak. “El País” egunkariak larunbatean azaldu zuenez, hainbat erakunde, alderdi eta herritar hasi dira protesta ekintzak egiten, baita Interneten ere.

Katalunian Harry Potter sailaren 200.000 liburu baino gehiago saldu omen dira katalanez. Hala ere, AOL-Time-Warner multinazionalak ez du bikoiztu nahi izan lehen filma katalanera. Kataluniako gobernua prest zegoen bikoizketa gastuak ordaintzeko eta horretan saiatu da zortzi hilabetean zehar. Erantzuna, baina, oraintxe jaso du: enpresa amerikarrak orain arteko politikari eutsiko dio, alegia, ez ditu bere filmak bikoiztuko “zabalkunde txikiko hizkuntzetara”, salbu eta Quebec-en. Izan ere, “Harry Potter eta Sorgin-harria” frantsesera bikoiztuko da, eta gastuak Warner-ek berak ordainduko ditu.
Erabaki horrek sutan jarri du jende asko Katalunian, larunbateko “El País” egunkariak argitaratu zuen. UGT sindikatuak, adibidez, leporatu zion Warner etxeari “Kataluniaren herria eta kultura mespretxatzea”. Convergencia i Unió-ren Gazteria Abertzaleak, berriz, dei bat egin zuen filmari boikot egiteko. Kataluniako Udalen Elkarteak ere eskatu die elkarteak biltzen dituen 750 udalei onar ditzatela protesta mozioak Warner etxearen jokaera gaitzesteko. Eta Vilaweb atariak eskatu die erabiltzaileei protesta mezu elektronikoak bidaltzeko AOL-Time-Warner etxera.
Eta zer gerta liteke Euskal Herrian? Hemen 10.000 ale saldu omen dira euskaraz, lehenengo liburuarenak. Beraz, atera kontuak.
Hori ikusita —multinazionalen jarrera, bikoizketaren kostuak eta ikusleen erantzun kaskarra askotan—, beharbada Suediaren eta Finlandiaren bidea aukeratu beharko genuke. Han kanpoko filmak jatorrizko hizkuntzan ematen dira, azpitituluekin.

Erantzunak

Gari Araolaza
2001-11-19 : 11:20

Argi dago telebistako filmetan azpitituluak jartzea dela kanpoko hizkuntzak nahi gabe ikasteko erarik onena. Ezaguna da Holanda, Suedian eta antzerako herrialdeetan Yahoo-ren atari lokalak itxi dituztela, jendeak nahiago zuelako orijinala (Yahoo ingelesez) beraien hizkuntzan egindako suzedaneoa baino... Zerikusirik izango du bada, nazio horietan filmak bertsio orijinalean emateak.


Atzo bertan irakurtzen nuen El Pais-en "igandekarian" Maruja Torresen artikulua. Bera ere bertsio orijinal azpititulatuen aldekoa da, eta Francoren garaitik datorkigun ohitura dela dio. En España, cine en español.


Gainera, filmak euskaraz ikusteak kolonizazio kultural amerikarra indartu besterik ez duela egiten iruditzen zait, (hara Schwarzeneger euskaraz!! ) beraien kultura gure hitzekin sartzen digute eta.


ETB1 hasi da filmak bertsio orijinalean ematen, baina gaueko ordu txikietan eta gainera klasiko handiak bakarrik. Hasiera gogorra izan dezake azken filmak bertsio orijinalean emateak audientzia aldetik, baina garbi daukat luzarorako denon onerako (baita ETB-ren audientziarako) izango litzatekeela horretan hastea. (bikoizketa enpresentzat salbu, noski)


Joxe Aranzabal
2001-11-19 : 12:04

Ados nago proposamen horrekin. Izan ere, larunbatean bertan idatzi nuen albiste honen bigarren bertsio bat, eskatu nizuena sartzeko, eta hantxe horixe proposatzen nuen, alegia, euskaldunok hobetsi beharko genukeela azpitituluen bidea, Suedian eta Finlandian egiten duten bezala.

Erantzun

Sartu