Puntueus Fundazioak antolatzen duen Kaixomundua lehiaketaren VI. edizioa amaierara iritsi da, eta Bilboko EITBren egoitzan egin da sari banaketa ekitaldia. Aurtengo edizioak inoizko parte-hartze handiena izan du. 68 ikastetxetako 1.600 ikaslek hartu dute parte, 587 taldetan banatuta, eta guztira 273 webgune aurkeztu dira. Olatz Arbelaitz PUNTUEUSen lehendakariak azpimarratu duenez, “kopuru hauek erakusten dute lehiaketak duen eragin positiboa hezkuntza komunitatean”.
Kaixomundua lehiaketak helburu argia du: ikasleen gaitasun digitalak garatzea eta euskarazko eduki digitala sortzea, webguneen bidez.
Lehiaketa lau kategoriatan banatu da: DBHko lehen eta bigarren zikloak, batxilergoa eta lanbide-heziketa. Honako hauek izan dira aurtengo irabazleak:
- DBHko lehen zikloa: Bermeoko Sagrado Corazon Ikastetxeak eskuratu du saria. Euskalshop.eus izeneko online denda sortu dute modaren eta sormenaren zale diren ikasleek. Saria Ibai Peña, Tknikako zibersegurtasun ikertzaileak eman die Kaixo Mundua proiektuaren epaimahaiaren izenean.
- DBHko bigarren zikloa: irabazle bat aukeratzeaz gain, epaimahaiak aipamen berezia egin nahi izan dio hackintzarebels.eus webguneari. Ordiziako Jakintza ikastolako ikasleek “mundua aldatzeko istorioak kontatzen dituen hedabidea” sortu dute. DBHko bigarren zikloko saria IES Lakua BHIko bizigasteiz.eus webguneak eskuratu du. Gasteizen turismoa eta aisialdia sustatzea helburu du webguneak. Kategoria honetako sariak Nerea Enbeita, Euskaltel Fundazioko zuzendariak banatu ditu.
- Batxilergoa: Gasteizko IES Lakua BHIko ikasle Iker Perezek sortutako euskalandare.eus webgunea izan da garailea. Ingurumen-hezkuntza eta espezieen birlandaketa bultzatzea ditu helburu webguneak. Saria Oihane Mateos, EITB Mediako Digitaleko Albistegi buruaren eskutik jaso du.
- Lanbide-heziketa: Usurbilgo Lanbide Eskolako aztarnak.eus webguneak eskuratu du lanbide-heziketako saria. Garaikurra Olatz Arbelaitz, PUNTUEUSen lehendakariaren eskutik jaso dute.
Ekitaldia Leire Martinezek gidatu du, eta besteak beste, honako hauek hartu dute parte: Olatz Arbelaitz, PUNTUEUSen lehendakaria; Ibai Peña, zibersegurtasun ikertzailea Tknikan eta Kaixomundua.eus lehiaketako epaimahaikidea; Nerea Enbeita, Euskaltel Fundazioko zuzendaria; eta Oihane Mateos, EITB Mediako Digitaleko Albistegi burua
Sari banaketa zuzenean jarraitu ahal izan da eitb.eus webgunean eta EITBren YouTube kanalaren bidez.
Erantzun
Sartu