Teknologia albisteak

Sarrionandiaren nobela berriaz

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi - Elkarlanean
2001-11-16 : 19:11

Bere lehenengo nobela kaleratu du Joseba Sarrionandiak: Lagun izoztua da beronen izena, eta, Euskal Herriko liburu-dendetara iristerako oraindik ere pare bat aste falta bada ere, zer esana ematen ari da dagoeneko, hainbat komentario eta aurrerapen kaleratzen ari baitira han eta hemen. Ez dago zalantzarik hauxe izango dela aurtengo Durangoko Azokan liburu salduen eta aipatuena. Hona eleberriaren laburpen bat, Sustatu-ko irakurleentzat.

Liburua Elkarlanean argitaletxeak kaleratu du eta Durangoko Azokan egongo da.

Nobelan ez galtzeko mapa

Goio Ugarte, Gorria, Nikaraguako kostalde atlantikoan bizi da aspaldi samarretik, jendea ingelesez mintzo den Bluefields aldean. Legezko paperik ez badu ere inguruko herritarren babesa dauka, erizaina delako besteak beste. Halako batean, baina, “izoztuta” geratu da: ez du inor ezagutzen, ez du hitz egiten, ez du ezer oroitzen, ez erreakzionatzen. Goiori laguntzera dator Maribel “postaria”, errefuxiatuen artean pakete eta gutunak jasotzen eta banatzen ibili ohi dena. Managuan Goiorentzako moduko psikiatrarik aurkitu ezinda, Ekuadorrera eramatea pentsatzen du, han bizi baita Andoni, hau ere iheslaria eta Goioren txikitako laguna, adiskide giroan Goio errazago sendatuko delakoan.

Horrela hasten da nobela, baina hortik aurrera hiru narrazio garatzen dira, paraleloan eta kontrapuntuan. Hari horietako batean, abiapuntuari zuzenean jarraitzen dion harian hain zuzen, Goioren gaixotasuna eta honen gorabeherak kontatuko dizkigu Maribelek, orainaldian eta lehen pertsonan; Ekuadorrera bidean doazela aurrera egin ezinik geratuko dira Barranquilla inguruan, eta hor azalduko da Urioste familia, 36ko gerrako erbesteratu baten ondorengoak, euskaltasun-uharte bitxi batean bizi izan direnak eta aberri urrunarekiko harreman kontraesankorren muturreko adibidea direnak.

Lehenaldikoa da beste kontakizunetako bat: 14 urte zitueneko ikasturtea oroituko du Andoni Martinezek; bera bilbotarra izanik, Kalaportuko jesuitenera interno bidaliko dute gurasoek, eta han ezagutuko du Goio, Kalaportu bertako mutikoa. Iniziazio-nobela bikain baten ezaugarri guztiak dauzka atal honek, helduen mundura sartzeko sekretuak banan-banan deskubritu eta begi berriz ikusiko baitituzte harrezkero: maitasuna eta sexua, gurasoekiko erlazio gatazkatsua, frankismoa eta honen kontrako erresistentzia...

Orain dela 30 urteko euskal kostako herri baten erretratu aberatsa ere eskaintzen zaigu hemen, ezein herri izan gabe ere edozein izan baitaiteke Kalaportu.

Etorkizunean kokatzen da hirugarren haria, narratzaile orojakile batek geroaldian kontatzen edo aurresaten baitigu Goiok, sendatu ostean, Antarktikara doan espedizio zientifiko batekin egingo duen bidaia. Erizain moduan doa bera, minbiziak jotako zientzialari baten laguntzaile, baina zientzia edo erizaintza kontuek baino indar handiagoa hartzen du natura harrigarri baten ikuskizunak: izozmendi erraldoiak itsasoan jitoan, gaurik gabeko egun argien segida, ia bizitzarik gabeko kontinente hotzaren magia, izadiaren aurreko gizakiaren txikitasunaren kontzientzia...

Lurralde berrietarako bidaiaren esperientziaz gain, bada beste lokarri erdi ezkutu bat ere istorio guztion artean: Managuan etxetik irten ezinik bizi den Josu (bere sasiko paperetan Armando), Maribelen senarra. Bere derrigorrezko itxituran, bi zeregin ezagutzen dizkiogu Josuri: bata, ogia bere eskuz egitea, artisauaren artaz eta trebeziaz; bestea, idazmakinaren aurrean jardutea —tip tip tap tip top— inori eraskusten ez eta itxuraz inoiz amaitzen ez den idazkiren bat zirriborratzen. Makinizkribu hori Lagun izoztua dela jakingo dugu gero, eta Josu/Armando dela, beraz, istorio hauen guztien asmatzailea, berea bezalako deserrotzea bizi duten pertsonaiak imajinatzen dituena, Maribelekiko amodioaren gainbehera fikzioaren bidez argitu nahiko lukeena, denboran nahiz espazioan bizi dituen desfase eta zalantzen erantzunak bilatu nahi dituena.

Argumentuaren laburpena emanez gero eleberria ezagutzen duela usteko du zenbaitek; alabaina, iceberg batek zati handiena urpean gordetzen duen bezala, artikulu batean esan litekeena baino askoz edertasun gehiago du bere baitan nobela luze eta miragarri honek: badira pasadizo jostagarriak, gogoeta argigarriak, konparazio harrigarriak, deskribapen txundigarriak... eta irakurketa bakoitzeko harribitxi eta deskubrimendu berriak iradokitzeko ahalmen izugarri bat, klasiko handiak izatera deitutako liburuek bakarrik ohi duten bezalakoa.

Erantzun

Sartu