Eukararen laguntzak beherapenak izango ditu urtarrilean ez gauden arren. Iazko aurrekontuekin alderatuta %12ko murrizketa proposatu du Foru Gobernuak. Hau da, 250 milioi pezetakoa. Euskaltzaindia izango da kaltetuen tartean dagoena, izan ere, laurdenera murriztuko baitizkio laguntzak. Eusko Ikaskuntzak ez du laguntzarik jasoko aurreko urteetan jasotzen zuenetakoa bazen ere. Euskarak beherapenak izan ditu nabarmen baina ez da libratzen kultura edo gastu sozialak beherapen honetatik.
Euskaldunon Egunkariak halaxe dio 2001eko azaroaren 15ean. artikulua Alberto Barandiaranek idatzi du.
Euskaltzaindiarentzat bereizitako dirua 22,4 milioi pezetatik 4,5era jaitsi da aurrekontuen proiektuan
Euskararentzako dirua %12 murriztu nahi du Nafarroako Gobernuak datorren urtean, atzo Parlamentura igorri zituen aurrekontuetan ageri den bezala. Diru sail garrantzitsu guztietan bada beherapena, baina esanguratsuena da Euskaltzaindiarentzat bereizitako dirua 22,4 milioi pezetatik 4,5era jaitsiko dela, Eusko Ikaskuntza dirurik gabe geldituko dela, eta eremu ez-euskalduneko ikastolentzako ia 30 milioi pezeta gutxiago jarriko direla: 228,5 milioi pezeta iaz, 200 aurten. Horiek dira Nafarroako Hizkuntza Politikak inoiz izan dituen diru murrizketarik handienak. Iaz %4 jaitsi zen dirua, baina aurreko urte guztietan gehitu egin zen beti euskararentzako dirua. Gutxi, baina gehitu. Convergencia de Democratas Navarros (CDN) alderdiak baietza eman dio Union del Pueblo Navarroren (UPN) egitasmo horri, baina bi alderdien artean ez dute gehiengorik aurrekontuak aurrera ateratzeko, eta Nafarroako oposizioak eta sindikatuek kontrako jarrera adierazi dute garbi. Francisco Iribarren Gobernuko Ekonomia sailburuak atzo Parlamentura igorritako aurrekontuak gaur onartuko ditu, tramiterako, Bozeramaileen Mahaiak, eta gaur zehaztuko dira eztabaidarako egutegia eta prozedura ere.
Euskararena da diru sail kaltetuena
Sailak aztertuta, ez da dudarik: euskara da, aurten ere, kaltetuena. Arlo guztietan badaude beherapenak, oso nabarmenak gainera: euskara sustatzeko diru laguntzak, adibidez, 1.041 milioi pezetatik 916ra jaitsi ditu Gobernuak. Aurrekontua 414.564 milioi pezetakoa da, iaz baino %9 gehiago. Portzentaiak argiak dira: euskararentzat aurrekontuen %0,22. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, %1,55 bideratzen du euskararentzat. Nafarroako Gobernuak behin eta berriro erantzun du azkenaldian, bere hizkuntza politikari egiten zitzaizkion kritikak zirela eta, euskararentzako diru sailak ez direla ukitu azken urteotan, eta hor ikusten dela «benetako asmoa». Zenbakiek adierazten dute, ordea, iaz %4ko jaitsiera izan zela, eta azken urteetan aurrekontu orokorrak baino gutxiago handitu dela euskararentzako dirua, nahiz eta aurrekontu orokorrekiko portzentaiak etengabeko beherakada izan duen 1995etik. Baina iaz, Pedro Pegenaute Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusian sartzearekin batera, zenbakietan murrizketa ez ezik, birmoldaketa gogorra ere egin zen bertan, eta euskararen garapena proposatzen zuten proiektu gehienak desagertu ziren. Esaterako, administrazioan euskararen presentzia areagotzeko programa guztiak desagertu ziren, eta baita hizkuntza politika sustatzeko dirua ere. Aurten harantzago joan dira. Aipatutakoaz gain, helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko zentroek ere nabarituko dute atzerakada 100,7 milioi pezetatik 100era jaitsiko da subentzioa, euskal irakasleen hobekuntzarako diru gutxiago jarriko da, eta euskarazko jarduera kulturaletan ere jaitsiera handia dago: ia berrogeita hamar milioi pezetatik 14,5era jaitsiko da diru saila. Euskararentzako diru murrizketon inguruan erreparoak agertu zituzten CDNk eta PSNk, UPNrekin izandako negoziazioetan, baina bi alderdiko eledunek nabarmendu dute «ukiezina» izan dela arlo hori UPNrentzat.
Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza kaltetuenak
Kaltetutakoen artean, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza dira azpimarragarrienetakoak. Aurtengo diru laguntzak oraindik blokeaturik dauzkatela, bi erakundeek bilerak egin dituzte Nafarroako Gobernuko ordezkariekin, baina ez dute inongo konpromisorik lortu. Nolanahi ere, Euskaltzaindiko Nafarroako ordezkari Andres Iñigo «harrituta» dago diru sailaren jaitsiera dela eta. «Orain arte egin ditugun bilerak bide onetik doaz», azaldu dio Egunkariari, «hain justu, zenbaki hauek adierazten dutenaren kontrako norabidean». Nafarroako Gobernuak hitzarmen berria sinatu nahi du hizkuntzaren akademiarekin, bi aldekoa bakarrik. Eusko Ikaskuntzan, ordea, espero zuten. 11,9 milioi pezetako aurtengo diru laguntza emateke, datorren urterako aurrekonturik ez du onartu Nafarroako Gobernuak. Eusko Ikaskuntzak beste bilera bat eskatu du hil honetan egiteko, baina kezka nabaria da erakundean. Eusko Ikaskuntzako arduradunen asmoa da hil honetan egin behar den kongresuaren ondotik harremanak bideratzen saiatzea. Berriki, Alberto Catalan UPNko eledunak gutxietsi zuen Eusko Ikaskuntzak egindako lana, eta, hitzez hitz, «nahi zuena» egiten zuela adierazi zuen Parlamentuan bertan.
sailez sail
Kultura sustatzea, behera
Politika sozialean dauden murrizketak kritikatu dituzte sindikatuek eta hainbat alderdik, eta kritika horiek Parlamentuko eztabaidetan nabarmenduko dira. Etxebizitza. Aurrekontu hauek iaz baino diru gutxiago bideratzen dute etxebizitzak sortu eta bultzatzeko, hain zuzen ere Etxebizitza Egitasmo berria onartu den urtean.
Kultura. Kultura sustatzeko dirua jaitsi egin da; esaterako, Ekintza Kulturaleko Sailekoak. Igo egin dira, ordea, ondare historikora bideratutakoak, eta martxan dauden proiektuetarako eraikuntza berriak
Hezkuntza. Lanbide Hezkuntza sustatzeko egitasmoek jaitsiera nabarmena dute, eta ikastetxe kontzertatuak subentzionatzeko diru sailek, ordea, gora egin dute. Ingurumena. Ingurumen Sailerako dirua ia bere hartan utzi dute aurrekontu hauetan. Aurrekoa ez zela nahikoa kritikatu dute sindikatuek.
DATUA
%0,22 euskararentzat
Aurrekontuak oso-osorik hartuta, euskararentzat erabiltzen den dirua %0,22 izango da aurten. Portzentaia horrek etengabeko beherakada izan du 1995etik, baina azken urteotan %0,34an mantendu zen, ez gora ez behera. Iaz, Pedro Pegenaute zuzendaritza nagusian sartzearekin batera, %0,27ra jaitsi ziren, eta aurten berriro jaitsiera handia gertatu da. Eusko Jaurlaritzak, konparazione, aurrekontuen %1,55 bi- deratzen du euskara sustatzeko.
Erantzun
Sartu