Teknologia albisteak

Kooperatibismoa eta euskara aztertuko ditu liburu batek

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal - Mondragon Unibertsitatea
2001-11-13 : 21:11

Mondragon Unibertsitateko bi ikasle, Nahia Intxausti eta Amagoia Unanue, aztertzen ari dira Arrasateko kooperatibismoak zer harreman izan duen euskararekin. Azterketa Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean egiten ari da, Eskoriatzan. Azterketaren emaitza liburu batean plazaratuko da, Lanki Institutuak eta Emun enpresak argitaratuta.

Berrogeita sei urte igaro dira lehen kooperatiba sortu zenetik Euskal Herrian. Eta laster beteko dira hogeita bost On Jose Maria Arizmendiarrieta hil zela, Arrasateko kooperatiba esperientziaren sortzailea. Hortaz, garaia izan liteke zenbait gauza argitzeko. Adibidez, zer harreman izan duten kooperatibek eta euskarak.

Horretan ari dira, hain zuzen, Mondragon Unibertsitateko bi ikasle. Nahia Intxausti lasartearra eta Amagoia Unanue aretxabaletarra joan den ekainean hasi ziren gai hori aztertzen, Humanitate eta Enpresa Zientzien Fakultatean, Eskoriatzan, Jon Sarasuaren gidaritzapean.

Uda baino lehen, Lanki Institutuaren eta Emun enpresaren proposamena jaso zuten lan hori egiteko eta ikasle biek karrera amaierako proiektu bihurtu zuten. Lanki Institutuak kooperatiben inguruko ikerkuntzak egiten ditu. Iaz adibidez, “Arizmendiarrietaren Eraldaketa Proiektua” izeneko liburua argitaratu zuen. Emun enpresak, berriz, euskara plangintzak lantzen ditu Debagoieneko enpresa askotan.

Lan hau egiteko, material asko aztertzen ari dira egileak. Esate baterako, Julen Arexolaleiba irakasleak orain hamar bat urte idatzi zuena eta oraindik ere argitaratu barik dagoena, Arizmendiarrieta eta Euskararen gainean.

Horrekin batera, jende asko ari dira elkarrizketatzen, modu batean edo bestean euskara bultzatu zutenak kooperatibetan.

Okerrik ez dela, maiatzaren amaieran bukatuko dute lana eta argitaratzeko moduan izango da.

Erantzun

Sartu