Teknologia albisteak

Interneten potentzialitateak idazleentzat

Erabiltzailearen aurpegia
Josu Landa - Galeuzca
2001-11-07 : 17:11

Josu Landa euskal idazleak Interneten inguruko hitzaldia eraman zuen joan den asteburuan Galeuzca elkarketara, Galizia, Katalunia eta Euskal Herriko idazleek egiten duten urteroko bilerara. Medio berriaren potentzialitate teknologikoa aipatu zuen Landak, baina horra bere kezka: beste kontua da ea erabiltzen ari ote garen. Irakurri zuen testua pasatu digu Josu Landak, eta hor paratzen dugu.

Euskal Idazleen Elkartekoa izateaz gain, aplikazio garatzailea da Landa Adur Software Products enpresan. Jarraian datorren testuan Pontevedran irakurri zuen, Galeuzca biltzarrean, 2001eko azaroaren 2an.

Irakurketa eta komunikazio era berriak

Nire adiskide batek -polemista patologikoa, egia aitor dezadan- badu gai gutiziatsu bat, beharbada zuetako askori azalekoa irudituko zaizuena, baina harentzat hil ala bizikoa dena. Hauxe da: norberak zein toki hautatzen duen liburuak irakurtzeko. Horrek definitzen du, bistan lukeenez, literaturarekiko jarrera ezezik, baita bizitzarekikoa ere. Adibidez, liburuak ohean irakurtzea gogoko dutenak, beti ere nire adiskide horren ustetan, egungo gure zibilizazioaren dekadentziaren adierazle makurrenak dira. Haren iritzian, jasoago eta neurrikoago litzateke irakurketaren plazerrak, konparazio batera, trenean edo baineran dastatzea.

Aurreko aipu anonimoaren zertarakoa ulertu ez duenarentzat, eta gaurko gaiarekin behingoz lotuz, esan egingo dut Internet eta argitalpen elektronikoei buruz entzun izan ditudan galdera, iritzi-truke eta eztabaida asko eta asko garrantzirik gabekoak iruditzen zaizkidala, nire adiskidearen non-irakurtzeari buruzkoaren neurrikoak. Esate batera, ea liburua elektronikoak paperezko tradizionala ordeztuko duen, Internet bidez irakurtzea erosoa ote den, berorren erruagatik egilearen kontzeptua desagertuko ote den... eta enparauak.

Nire baitarako, Internetek aporta lezakeenaz jardutearren, gaur egungo literaturgintzaren diagnostiko estruktural batetik abiatu beharra dago aurren-aurrena. Merkatuari eta produkzio-bideei erreparatzen badiegu esan liteke literatura bahituta dagoela. Idazten denaren zati txikia besterik ez da merkaturatzen, eta merkaturatzen den horretatik zati are txikiagoa heltzen da egiazki irakurleen erosgai izatera. Zer esanik ez, ondare historikoari begiratzen badiogu. Gaurko merkatuan, liburuen ehuneko laurogeita hamarrek ez dute hiru hilabete baino luzeagoko bizitzarik, eta dendetan duela urte batzuetako libururen bat topatzea ia ezinezkoa da.

Bahitura-egoera horren aurrean hartzen du garrantzia, nire ustez, Internet bezalako tresna bat erabili ahal izateak: desagertuta, edo liburutegi publikoetan kontsultagai, dauden lanak berreskuratzeko, eta bestela kaleratuko ez liratekeen obrak ezagutarazteko. Potentzialitate teknologiko hori egon badago. Beste kontua da ea erabiltzen ari ote garen.

Jardun hau prestatzeko pasatu zidaten galdetegian bazegoen galdera bat kilikagarria gertatu zitzaidana: Internet: demokratizazio tresna al da?. Arestiko harira egokitzen zait itaun horixe. Potentzialki, eta literaturari gagozkionez, baietz esango nuke nik, bestela inola ere argitaratuko ez liratekeen lanak argitara daitezkeelako. Hurreneko auzia, beste hauxe: demokratizazio tresna gertatzen ari al da? Erantzun ezezkoa oraingoan. Nolabaiteko paralelismoa ipintzearren, argitalpen kontuetan azken urteotan eman den demokratizazio-urrats garrantzitsuena autoediziorako tresna informatikoak izan direla esango nuke. Lehen prozesu konplexu eta garestia zena aspaldiko urteotan ia edonoren esku dagoen baliabidea da. Emaitzak ere begien bistakoak dira: aldizkariak (literarioak ez badira ere), argitaletxe txikiak, eta abar.

Internetek autoedizioarena baino iraultza handiagoa ekar zezakeen zentzu berean, baina ez da ekartzen ari. Dirudienez, idazleei interesatzen zaiena idaztea besterik ez da eta, argitaratzekotan, argitara diezadaten. Egile-editorearen figura desagertu zen bezala, eta argitaletxe txiki berririk sortzen ez den antzera, Interneten potentzialitate ikaragarri hori alferrik galtzen ari garela da nire inpresioa. Eta, horren ondorioz, demokratizazio tresna izan zitekeena, globalizazio tresna gertatzen ari da.

Paperezko liburuaren merkatuak dituen hutsuneak betetzeaz gain, Internetek berak komunikaziorako bide berriak zabal ditzake, hipertestu kontzeptuaz izendatu izan direnak: irakurketa interaktiboa, sekuentziala baino ez-lineala, partehartzailea...

Azken finean, okerra da Internet komunikazio bide bezala definitzea. Internet oinarrizko teknologia besterik ez da, eta tresna horrek elkarretaratzeko modu berriak asmatzeko abiapuntua eskaintzen digu. Gauza bera gertatu zen inprentarekin: Guttembergek ez zituen sonetoa, barne bakarrizketa edo ipuin fantastikoak asmatu. Internetek ere, berez, ez du horrelako ezer suposatzen. Sorkuntzarako eta komunikaziorako formulak asmatzeko daude, eta lan hori gure menpe eta bizkar dago.

josu landa ijurko

Erantzun

Sartu