Teknologia albisteak

Giza piztiak

Erabiltzailearen aurpegia
2014-09-19 : 19:25

Hasi da Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, 62.a. Inaugurazioan, Denzel Washington izango da izarra, eta hura protagonista duen "The Equalizer" filma emango da sail ofizialean lehiatik kanpo. Guk, baina, hipster-arena eginez, Perlak eta Zabaltegiko hainbat film ikusten izan gara, ondoren komentatuko ditugunak.

Gaurko filmen ezaugarri bat aipatu beharko balitz, luzera izango litzateke. "The Equalizer"ek 132 minutu. "Boyhood"  165. "Mommy" 134. "Finding Fela" 119. "Catch me Daddy" 111. Eta txapelduna, "P'tit Quinquin", 200 minutu! Eskerrak Aitor Arregiren "Zarautzen erosi zuen" ere estreinatu den, 16 minutuko film laburra.

"P'tit Quinquin"

Brunot Dumont zuzendari frantsesak minisail bat egin du telebistarako, hainbat ataletan banatua, Zolaren "La bête humaine"n inspiratua edo, baina dena batera emanda hiru ordu eta erdi irauten duena. Frantzia iparraldeko kostaldeko herri galdu batean gaude, abeltzainen artean, eta bertako bizimodu lasaia aztoratzeko, behi hil pare bat agertzen dira, barruan giza gorpu banaren atalak dituztenak. Kasua aztertzen saiatuko da Jendarmeriako polizia inozo eta ergel parea, filmari umore kutsua emango diona. Clouseau baserritar hauen xelebrekeriek ematen diote filmari halako umore absurdo bat, bere grazia puntua duena, hain luzea ez balitz. Horrez gain, Quinquin mutikoa eta bere lagunek badute halako xalotasun bat (Lander Garroren "Gerra txikia" ekarri didate niri gogora"

"Catch me Daddy"

Konparazio literarioekin segituz, Pello Lizarralde etorri zait burura Daniel Wolfe britainiarraren filmean: bikote bat (mutila zuria, neska pakistandarra) ihesi, eta haien atzetik zuriak zein pakish itxurakoak. Ez dakigu zergatia. Giro marjinala sumatzen da, drogak, baina ez zaigu ezer esaten pertsonaien motibazioaz, iraganaz... eta hala ere indar handia dute irudiek, ofizioa menderatzen duen zuzendari baten eginda.

"Mommy"

Xavier Dolan-en "Mommy" izan da gaurko onena, niretzat. Lehen momentutik harritzen zaitu zuzendariak, ohiko formatu horizontalaren ordez zutikakoa erabiliz. Horrez gain, nerabe hiperaktibo baten arazoak kontatzeko, mutikoaren ikuspegia ez baizik eta amarengan eta honen lagun batengan zentratzean, sentimentalismo errazetik aldegin eta sakontasun berezi bat ematen dio pelikulari.

Eta gaurkoz nahikoa. Bihar gehiago.

Erantzun

Sartu