Teknologia albisteak

#Txiotesia6 lehiaketa eta Ikergazte 2023 aurkeztu ditu UEUk

Erabiltzailearen aurpegia
2022-11-16 : 13:04

50. urteurrenaren markoan eta Euskaraldiaren baitan UEUk #Txiotesia6 lehiaketa eta IKERGAZTE 2023 kongresuaren artikuluen deialdia aurkeztu ditu, ikertzaile belaunaldi berrientzat plaza izateko helburuarekin.

#TXIOTESIA6 LEHIAKETA

Azaroaren 22an egingo da #Txiotesia6 lehiaketa. #Txiotesia lehiaketaren helburuak euskal ikertzaileei izen-abizenak jarri eta hauek egiten dituzten lanak gizarteratzea dira. Ahalik eta parte hartze zabalenak ekimena aberastu egiten duenez, Euskal Herriko unibertsitate guztiekin eta ahalik eta ikerketa-talde gehienekin jartzen dira harremanetan, beraien ikertzaileek parte hartzeko gonbidapena eginez.

Nori zuzenduta:

• Tesia orain egiten dabiltzan ikertzaileei.
• 2019/2022 urte bitartean (biak barne) tesia aurkeztutako ikertzaileei.
• Aurreko edizioetan parte hartu duten ikertzaileek berriz ere parte hartzeko aukera dute.

Arauak:
• Tesia 6 txiotan azaldu behar da eta beraz ez dira kontuan hartuko 6 txio baino gutxiago edo gehiago erabilitako ikerlarien parte hartzeak.
• Txioak euskaraz idatzi behar dira.
• Lehiaketa egunean goizeko 09.00-21.00ak bitartean idatzi behar dira txioak. Txioak aldi batean edo tarteka bidali daitezke baina beti zehaztutako ordutegiaren barruan.
• Txio bakoitza zenbatu egin behar da: 1, 2, ... mezuaren aurretik jarrita.
• Mezuaren amaieran derrigorrez jarri behar da #txiotesia6 traola.
• Lehenengo mezuan tesiaren izenburua idatzi behar da.
• Azken mezuak tesiaren emaitza, ondorioa edo hipotesia plazaratu behar du.

Sariak:

  • Txiolari ulergarriena: 500 euro.
  • Txiolari originalena: 300 euro.

Ikusi informazio guztia HEMEN.

 

 

IKERGAZTE KONGRESUA 2023

IKERGAZTE kongresuaren bosgarren edizioa Donostian egingo da, maiatzaren 17, 18 eta 19an. Bere helburuak hauek dira:

• Ikertzaile euskaldunen ikusgarritasuna handitzea.
• Ikertzaileen arteko harremanak sendotzea.
• Euskarazko zientzia produkzioa areagotzea.

Artikuluak bidaltzeko epea dagoeneko zabalik dago otsailaren 17ra bitartean. Ikusi araudia.

Erantzun

Sartu