Teknologia albisteak

"Erlatibismoaren egiak" liburua idatzi du Andoni Olariaga filosofoak

Erabiltzailearen aurpegia
2019-11-25 : 08:57
UEUk Andoni Olariaga filosofoaren “Erlatibismoaren egiak. Konstruktibismoa, egia-ostea, postmodernismoa eta beste mamu batzuk” liburua argitaratu du. Gure munduarekiko ikuspegia, gure balio moralak, gure tradizioak, gure usteak... erabaki eta uste erlatibo askoren erlauntza baten gainean eraikiak daudela azaldu eta erlatibismoaren auzia gizakiaren tragedia nagusienetako bat dela baieztatzen du bertan.

Mamu bat dabil Europan zehar: erlatibismoaren mamua. Zer ote du erlatibismoak, hainbestek mespretxa dezaten? Zergatik erlatibismoarenganako beldurra? Mehatxu bat al da? Pobrezia intelektualaren sinonimoa ote da? Denak berdin balio duela defendatzen ote du? Aita Santu ohiak erlatibismoaren diktadurapean bizi garela esan zigun. Tartean, filosofiak egia, ezagutza eta ziurtasun absolutu ia guztiak museoko pieza bilakatu zituen. Eta gure garaia balio absolutuen nostalgiaz eta egarriz dago.

Eta krisia, berriz. Loturaren eta askatasunaren arteko borroka da, lurzoru finkoaren eta itsaso mugagabearen artekoa. Herbeheretar alderraiaren kondaira datorkit burura, munduko zazpi itsasoetan nabigatzera kondenatuta, portura itzuli ezinik, lur finkoaren bila etengabe. Bilaketa horretan darama filosofiak milaka urtez, lurra kanpoan ez dagoela jabetu denean, barruan baizik. Eta hor gaude, atzemanezina den zerbaiten etengabeko bilaketara «kondenaturik», askatasunera kondenaturik.

Erlatibismoa, ez da, askatasun horren ondorio baizik.

Irakurri Buruxkak liburutegi digitalean egin diogun elkarrizketa.

Liburua UEUren dendan eskuratu daiteke.

Erantzun

Sartu