2018ko Iruñeko “Bertsolaritza genero-ikuspegitik” Udako Ikastarotik abiatuta “Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen” liburua argitaratu berri du UEUk Miren Artetxe Sarasola eta Ane Labaka Mayoz bertsolari eta ikertzaileen koordinaziopean. Bertsolaritzaren eta feminismoaren uztarketa aipagai den honetan, gogoetarako eta eztabaidarako materiala biltzea da argitalpen honen helburu nagusia.
(BURUXKAK UEUren liburutegi digitalean argitaratutako elkarrizketa)
2018ko Udako ikastaroan du abiapuntu liburuak. Zer ekarri zuen ikastaro horrek?
Iruñeko Katakraken garatutako “Bertsolaritza genero-ikuspegitik” izeneko ikastaroaren helburu nagusia bertsolaritzaren eta genero-ikuspegiaren arteko uztarketa ardatz gisa hartuta gogoetarako eta eztabaidarako materiala biltzea izan zen. Alde batetik, eginda zeuden eta burutzen ari ziren/diren zenbait ikerketa eta hausnarketari ikusgarritasuna emateko ahalegina egin genuen; eta bestetik, etorkizuneko gogoetak bideratzeko, fintzeko, osatzeko eta zabaltzeko nolabaiteko abiapuntua proposatu nahi izan genuen.
Jakitun ginen emakumeen* lekuaz, edo eta perspektiba feministaz, hitz egitea ez zela kontu berria bertso munduan; eta ordura arte modu sakabanatu samarrean gauzatutako ikerketa eta eztabaida haiei oinarri komun moduko bat ezartzea izan zen helburua.
Ikastaroa guztiz mamitsua eta aberasgarria izan zen eta bertan egon ginenok mugarri moduan ere bizi izan genuen. Gerora, han partekatutakoak liburu forman biltzeko beharra sentitu dugu. Aurrerantzean inork gaiarekiko interesa izanez gero, edo gai hauen inguruko beste ekarpenen bat egin nahiko balu, nora joa izan dezan.
Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzea, bertsolaritza birpentsatzea da azken batean...
Bai, eta beharrezkoa da hori zehaztea. Feminismotik pentsatzeak ez du esan nahi emakumeei buruz pentsatzea. Alderantziz, feminismotik ez pentsatzeak gizarte honetan pentsamendu androzentrista dakar ezinbestean; eta maiz hitz egiten dugu bertsolaritzaz, bertsolariaz zein bertsolariez oinarri neutro gisa gizonak hartuz. Orain arte idatzitako (ia) guztia irakurri besterik ez dago. Guk ez diogu liburu honekin idatzitako guzti horri berebiziko iraulaldirik emango (hori dena berrinterpretatzeak lan izugarria eskatuko luke). Bertsolaritzari perspektiba feminista batetik begiratuz orain arte egin diren lan batzuen bilduma egitea izan da gure lana. Ahalik eta osoena, eta ahalik eta interesgarriena. Besterik ez, ala hori dena; nondik begiratzen den…
Bertsolaritzaren azken azterketa soziologikoa ere argitaratu zen 2018an. Zein ondorio atera daitezke bertatik?
Ikuspegi kuantitatibo batetik, bertsolaritzaren argazki bat eskaini digu azterketa soziologikoak. Bertsolari kopuruari dagokionez, esaterako, desberdinkeria zenbakitan erakutsi digu: gizonezkoak direlako bertsolarien hiru laurden inguru, eta emakumeak* laurden bat. Datuek argi utzi dute, horrekiko, diskriminazio positiborik eza: emakume* bertsolariek ez dute proportzioan gizonek baino gehiago kantatzen. Emakume* proportzioa bera da igo dena. Hala ere, igoera hori ez da trabarik gabea: bertso-eskoletan dabiltzan gaztetxoen artean neska* eta mutilen arteko kopuruak parekideak direla ere erakutsi du ikerketak (eta baita gazteen eskolarteko txapelketetako txapeldunena ere); baina, 18 urtetik aurrera emakume* asko desagertu egiten dira. Jakina da desagertze hori ez dela naturala eta gizarteak eragina dela; baina ikerketak berak erakutsi du nola askok ez duten ezberdinkeria hori ikusten; ez dute uste emakume bertsolariak gutxiago baloratzen direnik; ezta bertsotan aurrera egiteko emakumeek zailtasun berezirik daukatenik ere. Ikerketan azpimarratzen den moduan, ordea, emakume bertsolariei uzten zaien espazio sinbolikoa oso estua da oraindik ere, eta publikoaren zati handi batek arazoak ditu bertsolari kanonikoaren irudiaz kanpoko bertsolariak zein bertsokerak gustuz hartzeko. Alde horretatik ikerketak erakusten du publikoaren generoak uste baino garrantzia handiagoa daukala, adibidez. Emakume* eta gizon bertsozaleek ez dituzte gustu berak, ez dute bertsolaritzan gauza bera bilatzen edo gauza beraz gozatzen. Umorea, esaterako, ez da berdin jasotzen batzuen eta besteen kasuan: gizonezkoek bertsolaritzari egozten dioten ezaugarri behinenetakoa da; eta ez, aldiz emakumeen kasuan. Ez, baina, emakumeoi* barre egitea gustatzen ez zaigulako, bertsolaritzan gehienik erabili ohi den umore motagatik baizik… Kontu hauek eta gehiago ederki asko azaltzen ditu Harkaitz Zubirik liburu honetako bere artikuluan.
Aurten argitaratutako Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik liburuaren oinarri teorikoak ere badu lekua liburuan. Zer ekarri du azken honek?
Zenbaiten erantzuna isiltasuna izan den arren, uste dugu Alberdiren lana izugarrizko astinaldia izan dela kanpora begira; eta berretsi egin dela, beste behin, bertsolaritza gizartearen isla baino ez dela. Barrura begira, gainera, askatze moduko bat ere izan da bai pertsonalki eta bai kolektiboki.
Ikastaroaren baitan hitzaldi bat emateko proposamena egin genionean hasi zen Alberdi kideak elkarrizketatu eta lehen ideiak biltzen; eta ordutik, ezin oparoagoa izan da liburu forma hartzeraino egindako bidea.
Liburua mugarritzat hartzen dugu, ezbairik gabe; emakume bertsolariok zapaltzen gaituzten mekanismo ezberdinak zerrendatu, sailkatu eta azaltzearekin batera, bihurtu baitira identifikagarri eta ahoskagarri plazaz plaza egunero bizi ditugun zenbait biolentzia molde. Alberdiri asko eskertzen diogu hartutako lan guztia.
Bizipenak zein gogoetak, adituak zein arituak, akademia zein herri-jakintza. Era guztietako ekarpenak bildu dituzue. Barruko begiradatik zein kanpoko begiradatik. Zein helbururekin?
Ahalik eta aniztasun gehien lortu nahian, gai eta formatu ezberdinetako artikuluak bildu ditugu liburuan, ekarpen hertsiki akademikoetatik hasi eta formatu aldetik askeagoak direnetaraino. Guztiei leku egin asmoz, kontzienteki egin dugu zenbait dikotomia eraisteko ahalegina: bizipenak vs. gogoeta, aditu vs. arituak, akademia vs. herri jakintza.
Gainera, ikastaroan egin genuen bezala, barruko begiradei kanpokoak gehitu nahi izan dizkiegu. Mugimendu feministaren baitan egin diren eta egiten diren hausnarketak zein praktikak bertsolaritzara ekarrarazteko zubia gero eta sendoagoa da, eta zubigileak gero eta gehiago. Horregatik iruditzen zitzaigun ezinbestekoa ikertzaile feminista ezberdinei euren kanpo begiradak eskatzea.
Bertsorik ere ez da falta...
Hasteko eta behin, artikulugile asko eta asko bertso mundu barruko eragileak dira. Ez gara bereziki bertsolarien ekarpenen bila joan,; baina, aurkitu ditugun ekarpenetatik asko bertsolari edo gai-jartzaileenak izan dira. Horrek adierazten du zenbateraino ari garen “denean”, Mari Luz Estebanek ikastaroan esan zigun bezala: plazetan kantari zein gai-jartzen, plazatik kanpo elkarrekin hausnarrean, bakarkako gogoeta eta ikerketatan… “Gaixotu egingo zarete” esan zigun Estebanek Katakraken, eta ez zaio arrazoirik falta. Aldi berean egiten dugun guzti hori behar dugu bizirauteko eta elkarri bizirauten laguntzeko; eta liburu honek horretarako ere balio dezan nahi genuke.
Artikulugileen lanaz gain, ordea, emakume bertsolarien parte-hartzeari ere bide eman nahi izan diogu lan honetan, ahalik eta liburu koralena osatu asmoz. Hori dela eta, emakume bertsolari bat arduratu da artikulu bakoitzari atariko bertso bat josteaz. Kolektibotasuna bistaratzeko saiakera da, hain zuzen ere, hamalau bertso horien bidez egin nahi izan duguna.
Erantzun
Sartu