Online ikastaro libre honen helburu nagusia hirigintza-plangintzaren eta euskara-dinamikaren arteko erlazioan sakontzea da, orain arte gehiegi kontuan hartu ez den harreman kezkagarri hori gizartean ahalik eta gehien zabalduz. Zer aurkituko du ikastaroaren parte-hartzaileak? Urbanizazio-fenomenoaren eta euskararen bilakaera erlazionatzen dituen hainbat bideo labur, zenbait erreferentziazko artikulu, eta ideien hartu-emana bultzatzeko ariketa eta galdera batzuk.
Hiru atal ditu ikastaroak:
Lehen atalean marko orokorra landuko da: lurralde- eta hirigintza-plangintzak hizkuntza aldaketan eragiten duen problematika zabala aurkeztuko da.
Bigarren atalean marko juridikoa landuko da: arazoaren alde legalak sortzen dituen trabak eta aukerak azalduko dira.
Eta hirugarren atalean, marko praktikoa landuko da: urbanizazio-fenomenoak eragindako arazo soziolinguistiko jakin batzuk azalduko dira, problematikari izen zehatzak jarriz.
MOOC ikastaro honek jarraipena ematen dio Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kontseiluak, UEMAk eta UEUk urtarrilean antolatutako kongresuari. Euskararen biziberritzerako hirigintzaren aldagaia ere kontuan hartu behar delakoan daude antolatzaileak, azken finean antolakuntza fisiko espazialak (erabakitzen duena non egiten dugun lo, non egiten dugun lan, non disfrutatzen dugun aisiaz edo nola mugitzen garen leku batetik bestera), eragin izugarria duelako gizartearen dinamika guztietan, dinamika soziolinguistikoak barne. Ikastaro honen bidez gaiaren azterketari jarraitutasuna eman nahi diote, eta ikastaro honek beste urrats bat ematen lagunduko diela azaldu dute, arazoa gizarteratze aldera.
Informazio gehiago: www.ueu.org
Izena emateko: mooc.asmoz.org
Erantzun
Sartu