
Lerro hauen bidez Tropela Elkarteak adierazi nahi du 2014ko Frantziako Tourreko lehiaketa abian jarri duela. Ohi bezala, aurretik hainbat lehiaketa antolatu dira, tartean, Euskal Herriko Itzulia, Emakumeen Bira, Italiako Giroa eta beste hainbat, eta orain, Frantziako Tourraren txanda da. Iritsi da urteko lehiaketarik garrantzitsuena eta jendetsuena. Aurtengo edizioa, gainera, hamargarrena izango da; urtez urte parte hartzaileen kopurua igotzen joan da (iaz 14.665 kiniela!!) eta aurtengoan, inoizko Tropelik handiena osatuko dugula aurreikusten dugu iazko kopurura gerturatzen ari baikara.
Duela ia 9 urte sortu zen Tropela.net proiektua eta baita berau elikatzen duen Tropela Elkartea ere. Euskal Herrian txirrindularitza proben inguruan dagoen afizioa probestuz, sarean euskarari txoko berri bat sortzeko asmoz ekin genion lanari. Hiru ardatz biltzen zituen proiektuak: EUSKARA, TXIRRINDULARITZA eta TEKNOLOGIA. Eta horrela, lagun askoren borondatezko lanari esker, kalitatezko zerbitzu bat eskainiz, milaka kide biltzen dituen Tropela osatu dugu. Eta zuon eskaerei kasu eginez Tropelaren zerbitzua ahalik eta onena izan dadin saiatzen gara.