Teknologia albisteak

Tropela.net – Frantziako Tourra 2014 porra

Erabiltzailearen aurpegia
2014-07-03 : 11:59
Lerro hauen bidez Tropela Elkarteak adierazi nahi du 2014ko Frantziako Tourreko lehiaketa abian jarri duela. Ohi bezala, aurretik hainbat lehiaketa antolatu dira, tartean, Euskal Herriko Itzulia, Emakumeen Bira, Italiako Giroa eta beste hainbat, eta orain, Frantziako Tourraren txanda da. Iritsi da urteko lehiaketarik garrantzitsuena eta jendetsuena. Aurtengo edizioa, gainera, hamargarrena izango da; urtez urte parte hartzaileen kopurua igotzen joan da (iaz 14.665 kiniela!!) eta aurtengoan, inoizko Tropelik handiena osatuko dugula aurreikusten dugu iazko kopurura gerturatzen ari baikara.

Nola parte hartu?

Beti bezala, parte hartzea doakoa izango da eta parte hartzea internet bidez soilik gauzatu ahal izango da. Erabiltzaile bakoitzak kiniela bakarra egin dezake eta kiniela horretan gustuko dituen txirrindulariekin bere taldea osatuko du. Talde hau osatzeko edota aldatzeko epea, datorren larunbatean, uztailaren 5ean eguerdiko 13:00an amaitzen da, aurtengo Frantziako Tourra hasten den une berean. Une horretatik aurrera aldaketarik ezingo da egin kinieletan. Parte hartzaile bakoitza, osatu duen taldeko txirrindularien arabera, puntuak pilatzen joango da eta metatutako puntu horien arabera erabiltzaileek sailkapen nagusia osatuko dute.

Laboral Kutxa Saria

Aurten, Tropela eta Laboral Kutxaren elkarlanetik “Laboral Kutxa Saria” babestutako sailkapena dugu eta bertan, Laboral Kutxa Sarian, lehen postuetan amaitzen dutenentzat sari ederrak izango ditugu: Orbea bizikleta, Forum Sporten gastatzeko bonoak... Eta etapa bakoitzeko irabazleek urtebetez Tropelan Luxuzko Gregario izateko aukera izango dute. Baina ez da guztia hor amaitzen, izan ere, bizikletako 5 ekipamendu zozketatuko baititu Laboral Kutxak “Laboral Kutxa Saria”n lehian izango diren guztien artean.

Parte hartzaile askok beraien tropeltxoetan apustu edo saritxoak dituztela jakin arren, Laboral Kutxak jarritako sariek aurtengo Tourra erakargarriagoa egiten dute dudarik gabe.

Euskaldun eleanitza

Tropela Elkartearen helburua euskara eta teknologia berriak uztartzea da txirrindularitzarako afizioa aitzakia moduan erabiliz. Aurten, ordea, Tropela proiektua mundu osora zabaltzeko asmoz webgunea beste hainbat hizkuntzetan jartzeari ekin diogu: Lehenik katalanez jarri genuen, ondoren ingelesez eta gaztelaniaz, eta orain gutxi asturiarrez, hizkuntza gutxituen aldeko gure jarrerari eutsiz. Hala eta guztiz, bertakoei euskara lehenesten jarraituko dugu eta kanpokoei euskara eta Euskal Herria erakustea ere nahiko genuke. Hona, aurtengo aldaketa esanguratsuenak.

Hori horrela, txirrindularitza zale guztiei gonbitea egiten diegu Tropela.net proiektua gertutik ezagutzera eta bertan parte hartzera.

Erantzun

Sartu