Teknologia albisteak

Teknologiako agerkarien gainbehera latza trafikoan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 08:24

Urtarrilean izan zen albiste nola itxi zen Espainiako teknologia agerkari ezagun bat, Genbeta. Hilabete bereko estatistika bat dakargu orain, ingelesezko teknologia agerkarien trafiko gainbehera ikaragarria izaten ari dela, eta gauzak horrela nekez biziraungo dutela askok horrekin lotuta baitute irabazien bidea.

NiemanLab kazetaritza digitalaz informatzen duen medioan ikusi dugu, Growtika deritzon analitika-aholkularitza zerbitzu baten analsia, ingelesezko albiste teknologikoen marka ezagunen trafiko neurtu duena. Azterketaren emaitza, bilaketa bidez doakien trafikoa % 58 jaitsi dela 2024tik. Ikus taula, hileroko bisitari jaitsierarekin. Bisitariak milioika kontatzetik, milaka kontatzera kasu batzuetan.

Tarteka Sustatutik erreferentzia eta informaziorako kontsultatzen ditugun izen ezagunak daude hor, Wired, CNET, Mashable, The Verge eta PC Mag. Sustatuko editoretzak bereziki apreziatzen duenThe Vergerena ikusgarria da bereziki, %85eko jaitsiera. Izen horien artean Mashablek eutsi dio nolabait, %30 jaistea eustea baldin bada. Estimazioak dira, ez hedabide horiek emandako datuak, baina asmakizunak ez direla susmatzeko motiborik badago.

Arrazoia zein ote den, ziurtzat ezin da eman, baina datuak aztertu dituztenek uste dute Googleren emaitzetan AA bidezko laburpenak agertzean dagoela gakoa. Zertarako klikatu, baldin eta erantzunak begiratu batean ematen badizkizu Googlek. Hau bereziki igarri dezakete zerbitzu eta tramankulu digitalen review edo ikuskapenak egiten dituzten agerkariek, ala nola HowToGeek, Digital Trends edo ZNET. Albisteak baino, beren edukia argibideak dira, deskribapenak gailuenak, eta, era berean, auzi teknikoak konpontzeko edo jakiteko pistak. Eduki eta ezagutza hori guztia xurgatzen du Googlek, eta pilula ulergarrietan eskaini AA laburpenetan. Googleren 25 urteko "zerbitzua", bilaketen bidez klikak bideratzea, zeinaren inguruan lanbide bat garatu zen, SEO edo Search Engine Optimization teknikak (bilatzaileetzarako edukia moldatzeko teknika eta tranpatxoak), erradikalki aldatu da.

Adituen arabera, ingelesezko bilekatetan Reddit-eko edukiak gora egina izana izan daiteke beste motibo bat, eta baita, Googletik aparte, AA alorreko zerbitzuek ere bilatzaile gisa gero eta gehiago erabiltzea, bereziki ChatGPT eta Claude, eta bilaketan gehiago fokatutako Perplexity.

Ondorioa: bilatzaile nagusiaren mende egotea bisitetarako ez da diru-sarrera eredu eutsigarri bat 2026an; akabo SEO egitea. Aro baten amaiera dirudi: agerkari hauek gehienak (kenduta Wired edo PC Mag) guztiz ziber izan dira, hala jaio eta garatu ziren 21. mendearen hasieran, teknologiaz informatzeko kanal teknologikoetatik, produkturik aproposena ziruditen Internet garaiko informazio fluxu eta kontsumorako. Jada beste fase batean gaude, eta NiemanLab-eko analisian ez dugu ikusi, baina aipatuko dugu hemen sare sozialen zabalkundeak ere izango zuela zerikusirik: informazio fluxu eta kontsumorako Instagram nagusitu da, eta indartzen ari da joera hori. Instagramen fluxu hori benetan informatiboa edo kazetaritzazkoa ote den beste kontu bat da, baina gailendu dela argi dago.

Sustaturi dagokionez, esango dugu gure trafikoa oso xumea dela, baina oraingoz ez dugula hau igartzen, eta alderantziz, 2025eko datuetan, Hedabideen Behategiak emandako datu baikorrekin bat gatozela.

Erantzun

Sartu