EITBk jakinarazi du ETB1 ON katearen lurreko LTD seinalean berriz euskarazko haur programazioa gailenduko dela, etenik gabe, 07:00etatik 19:00etara, 12 orduz, datorren astelehenetik aurrera (apirilak 14). ETB3 ordezkatu zuen kateak kritikak jaso zituen haurrentzako euskarazko eskaintza murrizten zuelako, eta horri atzera buelta eman dio orain EITBk. Era berean, kate bakar gisa aurkeztu zena, ETB1 ON, zerbitzu bikoitza izango da orain, Internet bidez seinale edo programazio batekin, eta beste bat LTDkoa.
Antena bidezko ETB1 ON Makusiko edukiekin hornituko da, eta beste ETB1 ON, YouTuben, plataformetan eta telebista-zerbitzu hornitzaileetan ikusiko dena, nazioartean eskubide murrizketarik gabeko programazioarekin osatuko da, albistegiak tartekatuz. Hemen Youtubeko ETB1 ON streaming jarraitua.
Era berean, auzi honen inguruan eragile batzuekin bildu dela jakinarazi du EITBk, inor aipatu barik; baina Pantailak Euskaraz ekimenak baieztatu du beren taldea dela elkartu zenetako bat. ETB3ren itxiera gogor salatu zuen duela egun batzuk Pantailak Euskaraz-ek, eta sinadura bilketa batean 30.000 izen jaso ere bai.
Kritiken ondoren EITB eta eragileen artean egin den bileran, "kontrasterako foro bat" sortzeko konpromisoa hartu du EITBk. "Foro horretan aldian-aldian estrategiak partekatuko lirateke euskalgintzako hainbat eragilerekin, eta bereziki euskarazko ikus-entzunezko edukien sustapenean dihardutenekin", dio EITBk.
Erantzun
Sartu