Euskarafobiari buruzko Larrun alea
Euskarafobia du gaitzat Argia aldizkariaren Larrun pentsamendu gehigarriaren azken aleak, 272. zenbakiak. Larrun hori lantzen jardun duen Lander Arbelaitz Argia erredaktoreak hari batean aurkeztu ditu Larrunera eraman dituzten puntuetako batzuk, eta hona elkarlotuta dakartzagu.
Arbelaitzen hitzak jarraian, hari horretatik ekarrita, erredakzio lizentzia txikiren batekin:
Azken aldian epaileak dira Euskal Herrian euskararen aurkako politikan gehien eragiten duten kolektiboetako bat. Beti izan dira, baina azken aldian ez ote dabiltzan gehiago. Laudion gertatua (euskara ikastea zaila zela) ez da kasu isolatua. Azken urteetan epai piloa atera dira, ia beti norabide berean:
- Udaltzain izateko euskara eskatzea diskriminatzailea dela dio EAEko Auzitegi Nagusiak - 2021 maiatza.
- Berriozarko kiroldegiko tabernaren kontratuan euskara eskakizuna baliogabetu du auzitegiak - 2021 uztaila.
- Gorenak baliogabe utzi du Lasarte-Oriako jardueretan euskara erabiltzeko baldintza - 2020 ekaina.
Laudiokoaren uberan, El Correo eta El Diario Vasco egunkariek argitaratu zuten 'La esencial desigualdad de las lenguas' artikulua, erabat supremazista eta euskarafoboa. Erreportajean berdintasunaren aurkako aldarri horren gakoak aztertzen saiatu naiz.
Zer da euskarafobia? Euskararen kontrako jarrera da. Erreportajean "kontzientea" hitza gehitu diot, baina Nestor Estebanekin hizketan ondorioztatu dut inkontzientea ere izan daitekeela. Matxismoa, homofobia, xenofobiarekin gertatzen den bezala. [Termino hauen erabilpenak] pertsonak etiketatzeko baino, jarrerak deskribatzeko du indarra. Jarrera matxistak, jarrera xenofoboak, jarrera euskarafoboak...
Ez zait interesatzen jendea horrela etiketatzen joatea, jendea aldatu daitekeela sinetsi nahi dut. Halere, egiari zor, ez zait axola jarrera euskarafoboak etengabe errepikatzen dituenari euskarafoboa dela esatea. Eta ziurrenik ez zaio gustatuko. Inor gutxik aitortzen duelako matxista dela, edo arrazista, baina...
Nik uste azken urteetan ez dugula gehiegi hitz egin gai hauetaz euskarari buruzko irakurketetan. Ez ote dugun "denok gaude euskararen alde" sinetsi nahi izan... eta ez diot ez denik saiatu behar urrunen daudenak hurbiltzen ere, baina garrantzitsuena iruditzen zait euskaldun hiztunen komunitatea ahalduntzea, lan egitea zapalkuntza bistaratzeko, kontzientzia hartzeko eta berriro gure lekuan jarri garela sentitzeko. Batzuetan jarrera euskarafoboak dituztenak bere lekuan jartzeko ere bai.
Ikusi besterik ez dago zenbat eraso jasaten ditugun euskaldunok, euskaraz bizitzen saiatzeagatik. Baina normalizatuta ditugu. Icebergaren metaforak asko esaten du. Argian egin dugu Hizkuntz Eskubideen Behatorkiaren laguntzarekin.


- Larrun - Euskarafobia
- Lander Arbelaitz hari osoa
Erantzunak kargatzen...