Teknologia albisteak

Euskalgintzaren kokapen estrategikoa fintzeko tailerra egingo dute ezker abertzaleko militanteek

2017-05-23 : 13:31

Naziogintza eta Estrategia Independentista goiburupean, SORTUk euskalgintza eta kulturgintzako zenbait esparrutan lanean ari diren kideentzako tailerra antolatu du. Tailerrean gai honetan interesa duten ezker abertzaleko kideek parte hartu ahal izango dute.

Zohardia Ponentzian adostu zen moduan, SORTUren hurrengo urteetako erronka izango da beste eragile batzuekin batera prozesu subiranista martxan jartzea. Tailer hau eta gerora egingo diren beste batzuk ere SORTUren norabidea argitzeko baliagarriak izango dira.

Pello Otxandiano SORTUko Herrigintza idazkariaren esanetan, “estatu bat eraikitzeko gehiengoak borondate iturri ezberdinetatik etorriko dira. Guk hiru borondate iturri identifikatzen ditugu: demokraziaren kalitatean sakontzeko aukera; eredu sozial aurrekoiago edo berdintsuago baten alde jarduteko aukera; eta euskal identitate komunitarioa sendotzeko aukera”. Tailer hau hirugarren horretan zentratuko da. “Euskalgintza eta kulturgintzaren esparruetan beste hainbat esparrutan bezala birkokatzeko beharra nabari da”, adierazi du Otxandianok.

 

“Estatu bat eraikitzeko aukera gero eta errealagoa ikusten dugun honetan, sektore askotan hainbat gauzaren inguruan galderak sortzen dira. Esaterako, zein den euskarak prozesu horretan izan behar duen tokia”, mahaigaineratu du Herrigintzako idazkariak. Galdera horri eta beste batzuei erantzunak bilatzeko egingo da tailer hau.

Eztabaidarako zenbait hipotesi (PDF) jarri ditu SORTUk mahai gainean:

  • Burujabetza prozesuaren subjektua nazio kulturala baino zabalagoa da, borondate anitzen artikulazioak osatzen du subjektu politikoa. Honek euskalgintzaren kokapen estrategikoa fintzea eskatzen du, diskurtsoa eta praxia berriztuz.
  • Euskararen aldeko borroka demokraziaren eta eskubide zibilen auziaren erdira ekarri behar da.
  • Botere estatala eraikitzearekin batera nazioa birrosatu behar da, euskal nazioa birrinduta baitago.
  • Estatugintzaren eta naziogintzaren arteko harremana termino dialektikoetan ulertu behar dugu, elkar elikatzen diren bi prozesu gisa.
  • Euskarak botere estatala behar du normalizazio osorako. Euskarak estatua behar du. Ez da nahikoa, baina bai ezinbestekoa normalizaziorako.
  • Euskarak estrategia(k) behar d(it)u. 

Bi saiotako tailerra planteatu du SORTUk. Ezker abertzaleko militantzia guztiak parte har lezake. Lehenego saioa maiatzaren 27ko goizean izango da (09:30, Donostia), eta bertan oinarri ideologikoa berriztu nahi da. Horretarako, parte hartzaileei helaraziko zaien txosteneko edukian zentratuko da. Bigarren saioa praxiari lotuko zaio gehiago. Bilbon egingo da, ekainaren 10ean (goizez).

Izena emateko aukera irekita dago partehartu.sortu.eus helbidean. Gaian interesa duen ezker abertzaleko edonork eman dezake izena. SORTUk antolatu duen gisa honetako lehen tailerra da, Zohardian zehaztutako antolaketa eta funtzionamendu ereduari atxikiz.

 

Erantzun

Sartu