Teknologia albisteak

"100.000 arrazoi (Administrazioak euskaraz egiteko)": markatu berdintasuna

"100.000 arrazoi (Administrazioak euskaraz egiteko)" ekimen berria antolatu dugu Saregin euskara taldean, hain zuzen Gipuzkoako Foru Ogasuneko langile publikook osatzen dugun kolektiboan. Ekimenaren helburua da Gipuzkoan gero eta gehiago izatea Diputazioarekin (eta Foru Ogasunarekin) harremana euskaraz izatea aukeratzen duten herritarrak.

2016ko Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 2016. urtean Gipuzkoan 16 edo urte gehiago duten biztanleetatik 306.448 euskaldunak ziren (%50,6). Azken horien artean, 215.126 herritarrek erraztasuna zuten euskaraz edo euskaraz zein gaztelaniaz egiteko (euskaldunen %70,2). Bestetik, 2017. urtean 70.328 herritarrek euskara aukeratuta zuten Ogasunarekin harremana izateko. Hori horrela, erronka egingarria eta erakargarria da lauzpabost urtetan Gipuzkoan 100.000ra eramatea hizkuntza aukera hori egiten duten herritarren kopurua.

Kopuru horretara iritsita, Gipuzkoako Foru Aldundian euskaraz lan egitea errazteaz gain, efektu positibo bat eragingo litzateke herritarrek eremu formaletan naturaltasunez euskaraz egin dezaten: lan eta enpresa munduan, udaletan eta Jaurlaritzan, derrigorrezko hezkuntzan eta unibertsitatean, zerbitzu publikoetan... Gainera, 100.000 herritarren erreferentzia erakargarria litzateke beste euskal lurraldeetako herritarrentzat eta administrazio publikoentzat. Argi eta garbi, hizkuntza berdintasunerako pauso handi bat litzateke.

Horiek horrela, ekimen honen bidez herritarrei proposatzen diegu, errenta aitorpena euskaraz aurkeztearekin batera, euskara markatu dezatela Gipuzkoako Foru Ogasunarekin (eta Aldundiarekin) harremanak izateko hizkuntza moduan, errenta edozein modalitatetan aurkezten dutenean: haiei bidalitako aitorpen proposamena onartzean, errenta mekanizatuko bulegora joatean, interneteko Zergabidea programa erabiltzean edo gestorietara jotzean.

Gainera, 030 ereduko inprimakiaren bidez ere aukeratu dezakete euskara komunikazioetarako hobetsitako hizkuntza moduan; horretarako, Gipuzkoataria webean edo Diputazioko bulegoetan bete dezakete inprimakia.

Erantzun

Sartu