Ateoa izanik elizkoia naiz, gero eta gehiago gozatzen dut elizak bisitatzen, bertako artea miresten. Estilo nagusiak (erromanikoa, barrokoa, gotikoa...) bereizteko zantzu batzuk baditudan arren, erliebe eta erretauletako santuen ikonografiak txunditzen nau, ez ditudalako ulertzen. Santuak inportanteak ziren gure bizitzetan duela ez askora arte... eta orain ez dakigu haietaz ezer. (artikulu hau audio formatuan agertu da Ttap agerkari digitalaren asteburu honetako alean; hemen testu eran daukazue)
Ateoa izan arren, gero eta elizkoiagoa naiz urteek aurrera egin ahala. Ez zentzu esistentzial batean, betiereko bizitzaren esperantzan, baizik eta nolabait esatearren, espiritu kultural-arkitektoniko batekin. Gero eta gehiago gustatzen zait elizak bisitatzea, oporretan atzerrian banabil, eta Euskal Herrian ere bai.
Arterako sormen-gaitasun propiorik gabe, beste batzuen artelanak apreziatzeko eta miresteko gauza banaiz, eta hemen ez da 20 mendera arte, beste arterik izan ez bada elizetakoa, eta arkitekturan ere ez askoz gehiago. Euskal Literatura apaizen katixima kontuak izan ziren mendeetan, esplikatu izan zaigu sarri, baina hori anomalia ote da? pentsa beste edozein adierazpen kultural... den-denak elizaren itzalpekoak.
Euskal Herrian, erromanikotik neoklasikoraino, elizetako artearen historiaren errepaso bat egiteko nahikoa material badaukagu. Erromanikoa, gotikoa, pizkundea, barrokoa... fase horiek edo haien ezaugarri batzuk bereizteko jakintza pixkat igual badut igual...
Baina arkitekturatik barrurago begiratzean elizetan, badago beste alor bat non guztiz galduta sentitzen naizen: erretaula, erliebe eta santuen eskulturak. Alegoriak ulertzea zaila da: Donostiako Santa Maria basilikan, dorre bat dago erretaula batean, eta gainean andre bat, dorrea baino handiago, erraldoi, erramu bat eskuetan: doi-doi dakit Santa Barbara dela.
Elgoibarko San Bartolome elizan, fraide bat errezatzen erliebe batean, gainean, zeruan Andre Maria eta aingeru batzuk (horiek ezagutu ditut), baina oinetan txakur bat ageri da bola handi bati eutsita, eta makila bat hortzetan. Norena da txakur hori, eta zer esan nahi du bola horrek? Munduaren globoa da akaso? (okurritzen zaidan lehen txorakeria bezala diot).
Santuak eta haien ikonografia istorio konplikatu batzuen isla dira, ez bakarrik Bibliako pasarteak, baizik eta santuen bizitzak, herri-kondaira apokrifoak eta mila istorio kiribildu daude elizetako irudi misteriotsu hauetan: Marvel Unibertsoa da burura datorkidan parekide narratiboa, pertsonaia, sinbolo eta istorio elkarbanatuen sare konplexu bat, baina mila urtean iraun duena eta orain ia denok ahaztu duguna.
Txikitako hitz bat datorkit gogora: santuak. Hala esaten zion gure amak aldizkari eta liburuetako ilustrazioei. Berdin izan zitezkeen Semana aldizkari horiko famatuen ezkontzak, edo Ikastolako testuliburu bateko margo didaktikoak: denak ziren santuak; liburuetan ere, santuak besterik ez zauden garai bateko aztarna, ez hain antzinakoa ere, ondo pentsatzen badugu.
Erantzun
Sartu