Teknologia albisteak

Eztabaida bero dago, gori, su ta gar

Erabiltzailearen aurpegia
2021-02-27 : 10:59

Sare sozialetako eztabaida giroa gogorra da agoantatzeko. Baina ez dut uste, honezkero, honi nobedadea deitu diezaiokegunik. Teknologia berriak ere, ezingo ditugu betiko “berri” izendatu. Kontu batzuk, honezkero aspalditik daude hemen. (Artikulu honen audio bertsioa irten da ostiral honetako Ttap aldizkarian; hona testuzkoa, esteka batzuekin).

Beteranoaren rolean jartzen uzten badidazue, aititaren batailatxoak kontatzeko baimenarekin, esango dizuet duela 25 urte Twitter ez zegoela, baina orduan ere bazeudela Internet hasiberriago hartan, interakzio sozialerako plataformak.

Izatez, orduan, orain bezala, horixe da Interneten parterik interesgarriena, nire ustez: norberaren ahotsa plazan jartzeko gaitasuna. Medioaren bi-norabideko izaera, mass mediaren historian benetan faktore eraldatzailea dena. Badakigu gero masa-manipulaziorako tresna ere badela hau, bai, zaborra eta pentsamendu bakarra inposatzeko Facebook-ek duen indarra ez dut ukatuko. Baina oraindik ere, zerbait esan nahi baduzu plataforma global batean, esan dezakezu.

Logikoa den bezala, norberaren ahotsa agora edo plaza publikoan jartzean, beste ahots batzuekin elkartzeko izaten da eta... bueno, iritziak dira, amerikanoek estaen duten bezala, ipurtzuloak bezala: bakoitzak berea dauka.

25 urte atzera egin eta garai hartan, Basque-L izeneko posta-zerrenda bat eta soc.culture.basque izeneko Usenet-eko taldea gogoan ditut. Barkatu hizkera tekniko arkeologikoa erabiltzeagatik, ez bazait ulertzen. Foro haietan ikasi nuen berba bat, teorian zein praktikan, flamewars zen. Ingelesez, sugarren gerrak. Eztabaida edo iritzi-truke zibilizatu bat, segituan sutu zitekeela, eta horrek delako plazaren pertsona askoren egonezina sor zezakeela, bai sugarren jaurtitzen zein pairatzen zeudenen artean, zein alboko lekukoen artean. Eta, bueno, garaian kokatzen bagara, Euskal Herriaz eztabaidatzeko foroak zirela kontuan harturik, pentsa orduan ETA aktibo zegoela... zinegotziak hiltzeko tenorean. Eztabaidetan tentsioa eragiteko moduko gaiak bazeuden.

Gaur egungora itzulita, orain ere tentsioak eta sugarren borrokak nabari dira Twitterreko euskaldunen artean. Badago, akaso, faktore extra bereizgarri bat. Twitter edo Facebook agora globalak dira, baina nola konexio pertsonalen bidez gauzatzen diren praktikan, ohikoagoa da “burbuila ideologikoak” eraikitzea, non bakoitzak bere tribukideekin bat egiten duen, eta kanpotarrak beste esfera batzuetan dauden.

Tribua denok ados egoteko espazio konpartitu eroso hori da, bai. Paradoxikoki, teknologiak tribuaren erreplika egitea lortu duenean (iritzi antzekoen komunikazio burbuila hori), tribu-kontzeptua bera dago kolokan. Gu-ta-gutarrak ez gara jada lehen ginenak, gutarretan intersekzionalitate asko dago, identitate isilarazien pizkundea, eta negazio zahar-berriak ere bai... gurutzaketa-intersekzio horietan, gainera, konturatu zaitezke beste burbuila batzuetan kokatzen zenituenak (esate baterako, Hazte Oirren autobus transfoboa), libre dabilela aurrera-atzera zeure gertuan ere.

Eta gauzak horrela daudenean, ezer baldin badago gainbaloratua, ados egotea da. Ezin da beti ados egon, eztabaida beharrezkoagoa da kontsentsu faltsua baino, eta eztabaida funtsezkoa bada, gogorra izango da. Atzo bezala, gaur, eta datorren astean ere bai. Su ta gar.

(ilustraziorako irudia atera dut Ernaik 2017an kaleratu zuen kartel batetik; Hazte Oirri aurre egin zitzaion bezala, neuk eskertuko nuke euskal erakunde politikoek orain ere transfobia publikoki borrokatzea... eztabaida gogorretan sartzea izan liteke, baina tira, eskatzeagatik).

Erantzun

Sartu