Teknologia albisteak

Bisurteetako otsailaren 29a

Erabiltzailearen aurpegia
2020-02-29 : 09:47

Bisurtearen egun gakoa dugu gaurkoa, otsailaren 29a. Egutegien logika bihurria lau urterik behin are gehiago bihurritzen duen faktorea. Niri galdetzen badidazue urriak zenbat egun dituen, ez dakit 30 eta 31 diren. Ostera, hemengo taula honetako kalkuluak buruz eta segundu gutxi batzuetan egiteko gauza den pertsona bat ezagutzen dut.

Semeorde autista dut, Eneko. Formulazio batzuen arabera, autismoa dauka, edo autismoaren espektroan dago. Baina tira, izaera oso bereziko pertsona bat da. Beste edozein pertsonak bezalako inteligentzia eta gaitasun mentala du pertsona autistak, baina, nolabait esateko... desenfokatua. Badirudi trebetasun edo alor batzuetan ez dutela adimenik edo zentzunik aplikatzen, eta gaitasun hori beste alor batzuetara desbideratzen dutela: obsesio bitxietara, ariketa memoristiko harrigarrietara edo joko matematiko ustez konplikatuetara, adibidez. Bere abenturetako batzuk #Enekopedia traolean jarraitu daitezke.

Seguru formulazio psikologiko-fisiologiko hau guztiz okerra dela, baina nire esperientzia apurrean honela ikusten dut egoera: demagun adimen kantitate finito bat dugula pertsonek. A, B eta C alorretan banatzen dugu gehienok adimen gehiena; eta D alorretik H alorrera beste parte handi bat. Horiek neurotipikoak gara. Eta ondoan ditugu beste pertsona atipiko hauek adimena X, Q eta R alorretan banatzen dutenak, nolabait.

Egutegiari dagokionez, egutegian zein asteko egun tokatzen diren jakiteko formula berezi batzuk ditu Enekok buruan. Lagun batek galdetu zion zer izan zen 1969ko urtarrilaren 27a, bera jaio zen eguna: astelehena, noski. Beste batean, duela egun gutxi, esan zidan Enekok nire urtebetetze-eguna izandako asteko egunetan, urrutien geratzen dena eta errepikatu ez dena dela asteazkena, 2010an.

Formulazioa berriro irakurri behar baduzue, lasai: hiruzpalau minutu behar dira esan zidana ulertzeko bakarrik. Beste ordubete kalkuluak egiten pasatu ondoren, konturatu nintzen horretan badela arau bat: asteko egun hori zein dela ere, urrutien geratzen den azken intzidentzia 2010ean duzue baldin bazarete martxotik abendurakoak, eta 2011koa da data baldin bazarete urtarril edo otsailekoak. Eta hori da bisurteetako otsailaren 29agatik. (Parentesi bat otsailaren 29an jaiotakoentzat, hala nola Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea: auskalo zuen asteko egunen errepikapenarena nola geratzen den).

Duela urte pare bat Enekok egin ohi zuen beste kalkulu txoro bat Alexandro Handiaren adinarekin zuen zerikusia. "Noiz jaio zen Alejandro Magno?", galdetzen zizun irribarre batekin (aste batzuez, jende guztiari kontu bera galdetzen). Eta nik zer dakit, Eneko, erantzungo nion nik. "Kristo aurreko 356 urtean", berak, orduan; baina jarraian galdera zetorren: "Eta noiz hil zen?" Ba handik gutxira ba, 330 Kristo aurretik, edo, ezta?. "EEEEZ!!!!!", berak, Kristo aurreko 228. urtean, jaajajaajajjaja!!". Disparateak ez zeukan zentzurik, ez bada Enekok halako kalkulu baten arabera egiten zuela: 32 urterekin hil zen Alexander Handia, baina bisurteko otsailaren 29an jaio zenez, lau urterik behin bakarrik betetzen zitue urteak, eta hortaz, gaztetxo hil beharrean, oso zahar hil zen!

Kontua da Alexandroren kontu horrek ere ez duela zentzu handirik, ze garai hartako egutegietan ez zegoen bisurterik, eta gainera, Wikipediak dioenez, uztailean jaio zen greziar konkistatzailea... Orduan, zergatik aukeratu zuen Enekok txantxa matematiko ezinezko hori egiteko? Ez dakit, nik uste dut gazte-hil / zahar-hil kontrastea egiteko balio ziolako, eta gainera urte negatiboek zailtasun extra bat ematen ziotelako kalkuluari. Baina, bueno, auskalo.

Tira, zuek ere, Alexandro Handia ezinezko hura edo Pedro Sanchez bezala, O-29koak bazerete, zorionak eta urte askotarako, Alexandrorenak baino gehiagorako, jakina.

(artikulu honen bertsio laburrago bat argitaratu zen atzo Ttap aldizkariaren 66. alean, Gipuzkoako edizioan).

Erantzun

Sartu