Arrazoi esoterikoak direla tarteko, alabak Morse ikastea erabaki du. Eta teknika mnemotekniko baten bidez ikasi dituela letrak jakinarazi dit. Azalpen buelta pare bat behar izan nituen metodo mnemotekniko delakoa ulertzeko, baina azkenean harrapatu nuen. Metodoaren funtsa gaztelaniazko hitzak izanik, euskarazko bertsio bat egitea proposatu nion alabari, eta bion artean, udako arratsalde pare batean, osatu dugu euskarazko hitz-zerrenda mnemoteknikoa, Morse ikasteko balio dezakeena.
Morse kodearen funtsa da puntu eta marraz osatutako letrak adierazteko metodo bat. Telegrafoarekin batera jaio zen: telegrafistaren hatzamarrak ukitu soilak (puntuak · ·) edo jarraituak (marrak – –) eginez trasmititu zitzazkeen letrak eta hitzak.
Letra bakoitza zein puntu-marra konbinaziorekin egiten den ikasteko, alabak zerrenda mnemotekniko bat erabili du, gaztelerazkoa, eta honako hau da:
Zera da metodoaren funtsa. Letra bakoitza nola idazten den jakiteko, letra horrekin hasten den gako bat daukagu. Hau da, N letraren gakoak (Nota), adierazten digu nola idazten den N morse kodean, marra-puntu (– ·). Baina zerk lotzen du NOTA hitza horrekin? Bokalek; bokalen balio desberdinak, zehatzago. Balio hori zera da: O batek marra adierazten du, gainerakoek (A-E-I-U) puntua adierazten dute. Nota hitza N-rekin hasten da eta N nola adierazten den esaten digu, O bat du lehenik (marra) eta beste bokal bat gero (puntu); beraz, marra-puntu. Kontsonanteei kasurik ez zaie egiten.
C letraren gako mnemoteknikoa, aldiz, Cocacola da. O bat, marra; a puntu, berriro O, marra; eta a amaitzeko, puntu: marra-puntu-marra-puntu – · – ·
Gaztelerazko sistema hau beste hizkuntza batzuetan ere erabiltzen da. Izatez, irudikoaren beste bertsio gaztelerazko batzuk ere aurkitu ditut, aldaera desberdinekin. Wikipedian, ingelesezko orrian, beste sistema mnemotekniko bat deskribatzen da, baina han hemenka, agertzen dira, horrelakoak beste hizkutzetan. Adibidez, hemen indonesiarezkoa edo alemanezkoa ere topatu dugu, hemen. Hizkuntza desberdin hauetan, araua berdina da, bokalak zenbatu, O batek marra adierazten du, beste bokalek puntua.
Jarraian, irudietan, alemanerako eta frantseserako proposatutako gakoak:
Eta bueno, arkatza eta papera hartuta, honako zerrenda osatu dugu euskararako:
a atzo . –
b bolaluma – . . .
c coca-cola – . – .
d dozena – . .
e ertz .
f faraoi . . – .
g gorosti – – .
h himalaya . . . .
i irla . .
j jator mozkor . – – –
k kosako – . –
l limoi-ur . – . .
m moko – –
n nota – .
ñ ño, lotu ondo! – – . – –
o orokor – – –
p pintxopote . – – .
q qoqoriqo – – . –
r ramones . – .
s suziri . . .
t thor –
u urtaro . . –
v vatikano . . . –
w windows bost . – –
x xochimilco – . . –
y yogur gozo – . – –
z zoroetxe – – . .
Irudi batean bilduta, jarraian:
Gako batzuek itxura bihurria dute euskaraz, alfabetoan arraroak baitira (C, Cocacola) edo hitz-hasieretan arraroak direlako (R, Ramones). Izen propio batzuk gehitu ditugu, tartean. Era berean, gaztelerazko gakoen antzekoak topatzen saiatu gara: N Nota bada gazteleraz, Nota bedi euskaraz ere. Beste jarraibide bat ere izan dugu kontuan, -a artikulua ez erabiltzekoa. S izan zitekeen SUGEA, adibidez (O ez diren hiru bokal, hiru puntu) baina artikulurik gabeko SUZIRI hobetsi dugu.
Kasu batzuetan, gazteleraz ere hala egiten dutela ikusirik, bi berba sartu ditugu. J, Ñ, W, Y. Berba zailak euskaraz, J salbu, eta hala ere, Jotarako ez dugu Jator Mozkor baino hoberik topatu. Okurritzen zaizue zuei? Q adieraztea oso zaila da bestalde, ez dakit nik Qoqoriqo onomotopeiarekin balioko ote digun... eta X-rako, Xochimilco toponimo mexikarra baino hoberik okurritzen bazaizue, esan.
Noski, ariketa honek ezertarako balio ote duen zalantzazkoa da, baina egin dugu, eta hemen partekatzen dugu Internet osoarekin.
– – / · · / · – · · / · – // · / · · · / – · – / · / · – ·
Erantzun
Sartu