6 urte pasa dira jada Lurmen enpresako taldeak Iruña Okako aztarnategian 420 ostraka aurkitu zituela, horietako batzuk euskaraz idatziak. Orduan piztu zen polemika, eta asko izan ziren aurkikuntzen egiazkotasuna dudan jartzen hasi zirenak. Kontra eztabaida programan, ika-mikaren atzean dagoena argitzen ahalegindu gara, bi aldeetako gonbidatuak ekarriz eta gai korapilatsu honen inguruan arituz. Ikusgai www.kontraprograma.com helbidean.
Iruña Veleiako erromatar garaiko aztarnategia, Gasteiztik hamar bat kilometrotara, Iruña Okako udalerrian dago kokatua, Zadorra ibaiaren ertzean. 2006an aztarnategia polemikaren epizentro bilakatu zen indusketaz arduratzen zen Lurmen enpresako arkeologo taldeak, Eliseo Gilek zuzendua, aurkikuntza ezohiko eta harrigarri batzuen berri eman zuenean: K.o.go III eta IV mendeko 420 bat ostraka topatu ziren euskararen jatorria eta kristautasunaren etorrera berrinterpretatzera derrigortzen zutenak.
Berehala, komunitate zientifikoa aurkikuntza hauen benetakotasuna dudan jartzen hasi zen, eta 2008an Arabako Diputazioak Gili azteranategia kudeatzeko ardura kendu eta salaketa jarri zion. Gaur egun, auziak epaitegietan darrai.
Harrezkero, ahots asko izan dira aurkikuntzak defendatu eta baliogabetu dituztenenak. Kontran, lehen aldiz, aurrez aurre jarri ditugu bi posturak helburu bakarrarekin: euskal gizartearentzat ezin nahasiagoa suertatzen ari diren, eta egiazkoak balira, kalkula ezineko balioa luketen ostraka polemiko hauen auzia argitzen laguntzea.
Gonbidatuak
Aurkikuntzen egiazkotasuna defendatuz Idoia Filloy, arkeologa eta Iruña-Veleiako indusketetako zuzendari ohia, eta Juan Martin Elexpuru, idazle, itzultzaile eta doktorea euskal filologian, izan dira. Biak izan dira ostraken egiazkotasunaren defendatzaile sutsuak hasi hasieratik, eta SOS Iruña-Veleia webgunean egin dute gaiaren jarraipena. Mahairen bestaldean, duda asko dituzten zientzialarien iritzia ordezkatuz, Mertxe Urteaga, arkeologa, Irungo Oiasso Erromatar Museoko zuzendaria eta Arkeolan fundazioko zuzendaria; eta Javier Arce, arkeologia irakaslea Lilleko Unibertsitatean eta ikerketa irakaslea izan dira.
Kontra Programa
Kontran euskal gizartearen intereseko diren gaiak mahai gaineratzen jarraitzen dugu. Kontra orain dela ia urtebete jaio zen, eta formatu berriko eztabaida saio bat da, Nerea Aliasek gidatua. Gai politiko, ekonomiko eta sozialak jorratzen dira, eta orain arte harrera oso ona izan du saioen sakontasunagatik eta gonbidatuen kalitatearengatik. Ikusleek ere eztabaidetan parte hartzeko aukera dute iruzkinak eta bozkaketak eginez.
Datozen programetan Nafarroa eta Iparraldearen izaerak jorratuko ditugu, eta pertsonaia historikoei buruzko eztabaidak ere aurreikusten ditugu, hala nola, Sabino Arana eta Lopez de Aro familiari buruzkoak. Informazio gehiagorako bisitatu www.kontraprograma.com helbidea edota idatzi info@kontraprograma.com -era.
Baina espainolez dago eztabaida. Ze lotsa!
Ez dakit lotsa parte hartzaileena dan, edota dalako Kontraprograma-koena. Zein dira antolatzaile espainol horiek? Nik pentsatzen nuen euskaraz antolatzen zituztela gauzak.
Eta Sustatun egin propaganda ni bezalako inozoei pentsaraziz euskaraz dagoela eztabaida.
Zergatik ez dago eztabaida euskaraz, edo esukaraz ere, edota euskeraz lehenik. Espainolez bakarrik! Bejondeizuela!
Kaixo Bittor. Zoritxarrez, eztabaida gazteleraz egin behar izan dugu 4 gonbidatuetatik 2k euskaraz egiten ez dutelako. Juan Martin Elexpuruk gai hau argitzen du 23. minutuan.
Kontran gai guztiak euskaraz egiten saiatzen gara, eta gonbidatu euskaldunei ematen diegu lehentasuna. Baina batzuetan hau ez da posible izaten eta orduan gaztelerara jo behar izaten dugu. Gonbidatu bakarra denean euskaraz ez dakiena itzultzailea jartzen dugu. Horrela funtzionatzen dugu.
Sentitzen dugu eztabaida hau gazteleraz izatea, eta gure planen barruan sartzen da etorkizunean Iruña-Veleiari buruzko eztabaida bat euskaraz egitea. Ea bi aldeetako gonbidatu euskaldunak lortzen ditugun, jakingo duzun bezala, ez baita errexa izaten. Mila esker.
Eskerrik asko erantzunagatik. Baina:
1. Espainolez egiten badezue, abisatu hala dala.
2. Nahi badituzue hiztun ez euskaldunak gonbidatu, zuek ikusiko duzue, baina uste det ikasi beharrean gaudela EZ BEHARTZEN gonbidatu euskaldunak ESPAINOLEZ aritzen, eta bada garaia guk gure nagusitasuna erakusteko, gauza garelako espainolei ulertzeko, baina hala ere guk EUSKARAZ EGITEKO, eta ulertzen ez badute, ba, atera ditzatela bere kontuak. Eta zuek nahi badezue entenditu dezaten euskaldunek zer esaten diete euskeraz, jarriezue itzultzailea beraiei, ez guri. Gu oso kultoak gara eta ulertzen diegu espainolez ere. Ez gaitzazue zuek behartu gehiago mesedez espainolez egiten eta espainolez entzuten euskalduei gurekin.
Ez dakit ulertzen dan ikuspuntu aldaketa, baina garrantzizkoa da.
Ondo izan
Bittor
Eskerrik asko benetan, antolatzaile, parte hartzaile eta zabaltzaileoi. Gustora ikusiko det eztabaida (jaistea lortzen badert behintzat, ze ari zait kostatzen).
Mila esker, ba, denoi.
Ondo izan