Teknologia albisteak

Zer ari da gertatzen Euskaltzaindian?

2014-02-17 : 21:00

Zer ari da gertatzen Euskaltzaindian? Zazpi herrialdeetan eragina duen instituzioa —bakarra esango nuke nik—, euskararen erakunde gorena, kolokan ote dago?

Joan den urteko abenduaren 3an, Euskararen Eguna, —kasualitatea ala kausalitatea?— hedabideetara azaldu zen Euskaltzaindiko gramatika batzordeko kide guztiak beren dimisioa aurkeztu zutela.

Pello Salaburu batzordeburuak, Berriak egin zion elkarrizketan, hauxe zioen: “Ez gaituzte aintzat hartu”. Hurrengo egunean, abenduaren 4an, Ibon Sarasolak, hiztegi batuaren Euskaltzaindiko arduradunak, aurkeztu zuen dimisioa, eta hau esaten zuen: “Euskaltzaindian gertatzen denak ez du konponbiderik”.

Abenduaren 21ean, berriz, Baionan egindako batzarraren ondoren, Andres Urrutia euskaltzainburuak, ustez adostutako idatzia irakurri zuen hedabideen aurrean. Honetan, esaten zuen elkarrizketarako bidea eginez nahi zutela krisialdia itxi.

Azkenik, urtarrilaren 31n, EITBko Azpimarra saioan, Jose Luis Lizundia euskaltzainak, Euskaltzaindiko krisiari buruz galdetuta, zenbait gauzaren artean honakoa esan zigun: azken bileran, krisiari ordu laurdeneko tartea bakarrik eskaini zitzaiola; krisiak jarraituko duela; krisia zuzendaritza eta Gramatika batzordearen arteko desadostasunean fokalizatuta dagoela, baina krisia askoz ere sakonagoa dela; gobernamendu arazoa dela, eta, agian, Euskaltzaindian zatiketa eman daitekeela.

Honaino jakin izan duguna. Honen guztiaren aurrean, nire galdera hauxe da: egungo euskaltzainek ba al dute eskubiderik kolokan jartzeko ia ehun urte duen instituzioa, zazpi lurraldeetan eragina duena eta lautan ofiziala dena, eta, batez ere, orain arte eta baita etorkizunean ere euskararen jardunean garrantzia handia duena?

Ez, instituzio hori ez da euskaltzainena, herriarena baizik. Badakigu ez dela instituzio demokratikoa; euskaltzain berriak izendatzeko irizpide politikoak erabili izan direla, askotan, akademikoak baino gehiago (gogoan dugu Txillardegirekin egindakoa); euskaltzainek berak erabakitzen dutela hutsuneak norekin bete; euskalgintzan diharduten beste instituzioak ez dutela parte hartzerik, eta abar. Baina, hori alde batera utzita, esan beharra dago Euskaltzaindia guztiona dela, ezin dela instituzio horrekin jolasean ibili, eta nahitaezkoa dela krisi horrekin bukatzea, pertsonalismoak alde batera utzita. Azkenik, herri honi gertatutakoaren berri osoa eta soluzioaren nondik norakoak eman beharrean zaudetela, geure instituzio batekin ari baitzarete.

Bukatzeko, azken galdera ere botako nuke: Euskaltzaindia zatituz gero euskaldunok noren irizpideak jarraituko ditugu?

Erantzun

Sartu