2004ko udan Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien Ohorezko aipamena Ramon Labaieni eskaini zioten. Sariaren harira liburuxka argitaratu zen, sarituari egindako elkarrizketa mamitsuan oinarrituta.
Esaldi gogoangarriak eskaini zituen, hala nola, “irizpide nagusia euskarazko telebista egitea zen. Lehendariak eta neronek argi geneukan hori, nahiz eta mundu guztia ez izan iritzi berekoa alderdiaren barruan”.
Edota, “sobre bat ibili zen tartean, eta nahiko merke atera zitzaigun. Gainera, horrek guztiak preskribatu du, ezta? Kontua da lortu genituela zenbakiak, programatu genituela tresnak eta ekarri genituela ekipoak, Irungo aduana-agentzia baten laguntzaz, eskola-materiala izango balitz bezala. Muga-zergak ordaindu gabe egongo dira oraindik”.
Nerea Azurmendik egin zion elkarrizketa hura:
Ramon Labaieni elkarrizketa - Presaka utzi zuen txoritxoak habia - 20041982. urterako, lehendik ere ahoz aho zebilen kontua zen euskarazko irrati-telebistaren beharra. Haren aldeko aldarrikapena ere ozena zen euskaltzaleen artean. Baina, 80ko hamarkadaren hasieran, kasik urratu gabeko zapata berri parea zen Autonomia Estatutua, 1979ko urriaren 25ean Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek onetsia eta abenduaren 18an Lege Organiko bilakatua. Hura ehuteko erabili ziren harietatik tiraka ari zen lehen urratsak egiten 1980ko martxoko hauteskundeetatik irten zen Francoren ondorengo aurreneko Eusko Jaurlaritza, Carlos Garaikoetxea lehendakari zuela.
Gainezka zeuden arduradun politikoen zein administrazio sortu berriko teknikari urrien agendak, eta dena egiteke zegoen hartan premien artean premiazkoena hautatzea ez zen lan erraza. Dena zen beharrezkoa, denak zuen lehentasuna. Eta lehentasunen artean bazegoen ageriko agendetan gehiegi nabarmentzen ez zen bat: euskarazko irrati-telebista sortzea. Askoren ahotan ibiliagatik, alegia, 1983ko lehen minutuan aireratu arteko bidea nahiko isilean egin zuen Euskal Telebistak. Erabateko lehentasuna izanagatik, disimuluan-edo prestatu zuten. Ezin bestela.
1980an osatutako Jaurlaritza hartan Kultur sailburu zen Ramon Labaieni egokitu zitzaizkion gidari lanak bidaia korapilatsu hartan.
Lehendakaria zuen gainetik, Jaurlaritzako gainerako sailburu eta arduradunak alboan, eta inguruan, berriz, ametsa gauzatzea ahalbidetu zuten hainbat kide. Bera izan dugu gidari aspaldikoa dirudien iragan hurbilerako bidaia honetan ere. "Egin egin behar zen, eta gauza da egin zela", dio Ramon Labaienek, egiteko hura nola egin zen argitzen hasi aurretik, orduko kontuak ohiko trebeziaz biribil-biribil laburbilduz.
Noizkoa zenuten 1980. urtean Eusko Jaurlaritza osatu zenutenek euskarazko telebista publikoa sortzeko asmoa?Hasiera-hasierakoa. Gure lehentasun nagusietako bat euskara babestea eta bultzatzea zen, zeren eta, printzipio bezala, argi baikeneukan euskararik gabe ez zegoela Euskal Herririk. Argi geneukan, halaber, ez bazen euskarazko komunikabiderik sortzen euskarak ez ziola bereari eutsiko. Hortaz, 1980an osatu zen Eusko Jaurlaritzaren programan jasota zegoen euskara babesteko sortuko zen telebistaren asmoa. Gure orduko helburu nagusi eta bakarra euskara babestuko zuen euskarazko irrati-telebista sortzea zen, gaztelaniazko katea jartzea burutik pasatu ere egin gabe. Gero sortu ziren, noski, anbizio politikoak eta horrelakoak baina, telebistaren sorreran, euskara babestea izan zen lehentasuna, eta kalean ere oso zabalduta zegoen behar hura euskaltzaleen artean.
Artean izenik ere ez zeukan euskarazko telebista hura nola sortu, ordea, ez zegoen batere argi legearen aldetik. Zeri heldu zenioten proiektua abian jartzeko?Gernikako Estatutua izan zen giltza. Estatutuaren 19. artikuluak, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoari bere telebista, irrati eta prentsa propioa arautzeko, sortzeko eta mantentzeko eskubidea ematen zion, baina Madrilen horri ez zioten batere kasurik egiten, eta esaten zuten horrek ez zuela esan nahi gure komunikabide propioak izateko eskubidea geneukanik. Jainkoari eskerrak, Estatutu bereko klausula gehigarri batean azaltzen zen Euskal Autonomiak artean garatu gabe zegoen hirugarren kanal publikoa –Televisión Españolaren kanal autonomiko halakoa, erkidegoei kontzesio moduan utzia- kudea zezakeela. Hortaz, guk interpretatu genuen 19. artikuluan aipatzen zena ez zela hirugarren kanal hura, beste bat baizik, eta garai hartan ‘laugarren kanala’ deitu zena prestatzen hasi ginen, inori ezer esan gabe. Dena den, auzitan zegoena Espainiako legediaren eta gure legitimotasunaren arteko lehia zen eta guk, noski, legitimotasunaren alde egin genuen, nahiz eta lege gehiegi ez urratzen saiatu. Ikusten genuen, gainera, Madrilen luzamendutan zebiltzala, denbora irabazi nahirik, eta itxaron beharrean ekitea erabaki genuen, presazkoa ez ezik gobernuaren konpromiso politikoa ere bazen-eta euskarazko telebista abiaraztea.
Zergatik, bada, horrenbesteko presa?Orduan dena zen hemen presazkoa, larritasun halako bat zegoen. Gaurko zirkunstantzietan, agian, beste era batera egingo ziren gauzak, baina orduan ez genekien noiz arterainokoak izango ginen. Gaur egun gobernuak sinesten du iraungo duela eta gauza formala dela, baina orduan ez genekien zenbat iraungo zuen sistemak. Tartean, besteak beste, 1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpe saiakera izan genuen. Nork esan zezakeen ez zela besterik izango? Presa genuen gauzak egiteko eta geneukan diru apurra gastatzeko. Eta presazkoenetakoa euskarazko telebista martxan jartzea zen.
Noiz hasi zineten horretan lanean, eta zein ardura egokitu zitzaizun zuri aurreneko urrats haietan?Gobernua osatu bezain laster hasi ginen lanean, nahiz eta orduan, Kontzertu Ekonomikoa sinatu arte, xentimorik gabe eta Arabako Foru Aldundiak uzten zigun diruarekin ibili. Komunikabideen zein euskararen inguruko politika Kultura Sailaren ardura zen eta, horrenbestez, nirea. Beste ardura batzuk ere bazituen Sailak, noski, baina aipatu ditudan horiek ziren estrategikoak. Gainerako gaietan, hamabost egunetan likidatu nituen transferentziak. Madrilgo gobernuan nuen solaskideak ondo ezagutzen zuen Euskal Herria, abertzaleak zituen familian, eta ez genuen batere arazorik izan kulturaren alorreko gai arruntak gureganatzeko. Horrez gain, problema handirik gabe bideratu genituen euskalduntzearen ingurukoak ere, AEKrekin akordioa lortuz eta HABE sortuz. Asko lagundu zidaten alor horretan AEK-k eta Euskal Herrian Euskarazekoek, aitortu beharrekoa da hori ere. Sortu genuen antzerki eskola, sortu genuen Euskadiko Orkestra Sinfonikoa... Garcia Egocheaga sailburuak, alegia, nazio bat bere buruaren jabe egiten zenean bi gauza egiten zituela esan ohi zuen: orkestra nazional bat eta airelinea bat. Nik egin nuen niri egokitzen zidana, orkestra, eta airelinearen kontuan ere izan genuen kanpotik proposamenen bat, nahiz eta azkenean ez ezertan gauzatu. Funtsezkoa, ordea, irrati-telebista abian jartzea zen, baita konplikatuena ere, eta legitimotasun printzipio hartan oinarrituta berehala jarri ginen lanean. Gaia oso hurbiletik jarraitzen zuen lehendakariarentzat eta gobernu osoarentzat, hain zuzen, erabateko lehentasuna zeukan telebista martxan jartzeak. Kontzertu Ekonomikoa sinatu eta gure dirua edukitzen hasi ginenean, 1981eko aurrekontuetan gorde genuen irrati-telebistarako aurreneko diru-saila, disimulu antzean, ofizialki ez baitzegoen telebista sortzeko asmorik. Ordurako, dena den, bazebilen taldetxo bat lanean Lakuako sotoetan egokitutako bulego batzuetan. Nik, egoera hartan, tokatu zitzaizkidan erabakiak hartu nituen.
Zein erabaki?Proiektuak bi alde zituen. Bata, teknikoa. Bestea, telebistaren edukiei eta hura egingo zuen jendearen ingurukoa. Teknikaren aldetik ez genuen problema handiegirik izan. Kontu teknikoez Josu Zubiaur arduratu zen, eta lan izugarria egin zuen. Alor horretan, lehenengo lana tresneria erostea eta telebista bat teknikoki nola egiten zen erakutsiko zigun norbait aurkitzea izan zen. Hainbat gestio egin ziren BBCrekin, Televisión Españolarekin eta besterekin, baina horietako inork ez zigun eskaini guk behar genuen laguntza, eta azkenean Alemaniako Studio Hamburg konpainiakoek egin ziguten proposamen egokiena, eta haiekintxe hasi ginen alde teknikoa lantzen. Jende serioa zen, oso profesionala. Tresneria gehiena Amerikan erosi genuen, garai hartan zegoen onena. Bien bitartean, irrati-telebista eskola halako bat sortu genuen jendea trebatzen hasteko, eta Donostiako Prim kaleko zoko batean bikoizketa lanetan ere hasi ginen, bikoiztaileak prestatzen eta kanpoan erositako aurreneko lanak euskaratzen. Hori egiten genuen artean, dena den, Madrilen telebistaren inguruan antolatzen ziren bilera guztietara joaten nintzen, hemen egiten ari ginenaz ezertxo ere esan gabe.
Alde teknikoak bideratzen hasita, zein telebista eredu zeneukaten gogoan?Irizpide nagusia euskarazko telebista egitea zen. Lehendariak eta neronek argi geneukan hori, nahiz eta mundu guztia ez izan iritzi berekoa alderdiaren barruan. Telebista euskara babesteko sortu nahi genuen eta, hortaz, euskarazkoa izan behar zuen. Horixe izan zen erabaki garrantzitsuena eta, aldi berean, zailena. Hortik aurrera, Espainiako telebista kenduta ez geneukan bestelako erreferentzia handirik. Ezin da ahaztu Euskal Telebista izan zela TVEren monopolioa hautsi zuen aurrenekoa eta, hortaz, bakar-bakarrik ari ginela lanean, nahiz eta uneren batean, geroxeago, gu hasi ginenean telebistarik ez zuten katalanekin batera ere aritu kanpoan programak erosten eta horrelakoetan. Kanpoko esperientziei dagokienez, Galesen bazegoen bertako telebista bat eta, British Councilek gonbidatuta Londresera egitekoa nintzen bidaia baten aitzakian, telebista hura ezagutzeko ahaleginak egin nituen BBCren aurrean. Horretarako bide guztiak itxi zizkidaten, ordea, eta azkenean joan ere ez nintzen egin Londresera. Hortaz, gure erreferentzia nagusia Espainiako telebista izan zen. Beste alor batzuetan ere gauza bera gertatu zen. Transferentziak administrazio zentralaren eskemarekin jaso genituen, eta gure administrazioa ere haren antzera osatu genuen. Telebistara itzuliz, erreferentzia nagusia Espainiakoa izan zen, hemengo jendea ere hura ikustera ohituta zegoelako. Jendeak ikusiko zuen telebista normalizatu bat egin nahi genuen, bere informatiboekin, filmekin, telesailekin, umeentzako saioekin... Euskal Telebista, hortaz, Espainiako telebistaren kalko bat izan zen. UCDrekin bolada batez telebistaren ardura izan zuen Rafael Arias Salgadok, bilera batean, Los ángeles de Charlie ematen zutenean 22 milioi ikusle izaten zituztela esan zidan eta TVE2ko saio kulturalek, berriz, 200.000 gehien jota. Oso gogoan izan nuen hori. Dena den, eurek egiten zutena baino okerragoa izango zen telebista egitea zaila izango zela ere esan zidan Arias Salgadok.
Zuek lanean jarraitzen zenuten, baina euskal irrati-telebistaren sorrera babestuko zuen legerik ere ez zeneukaten artean.Ez, bat ere ez. Legea 1982ko maiatzean onartu zen Legebiltzarrean eta, ordurako, guk gauzak nahiko aurreratuta geneuzkan.
Eta zer zioten gainerako alderdiek horri buruz?Gaiari buruzko borroka politiko handirik ez zen izan. EAJk oso posizio erosoa zuen Legebiltzarrean, eta ez geneukan beste inoren botoen beharrik gure proiektuak aurrera ateratzeko. Kontatu ere, ahalik eta gutxien kontatzen genien. Baina legea bozkatu zenean, esate baterako, inork ez zuen kontrako botorik eman. Noizbehinka eskatzen ziguten argitasunen bat, eta baten batek esaten zuen ez zegoela konforme emandako erantzunarekin, baina, tira, guk egin egiten genuen. Akaso problema gehiago izan genituen alderdian, bestelako asmo batzuk ere bazeudelako. Jendea hautatzerakoan ere izan ziren tirabirak, eta guk Studio Hamburgen esku utzi genuen batik bat prozesu hori. Une hartan euskaraz aritzeko gai ziren kazetari euskaldun alfabetatuak aurkitzea zein zaila zen kontuan hartuta, alde horretatik hautaketa-prozesua nahiko profesionala izan zela iruditzen zait.
Beste eragile batzuen iritzia izan al zenuten kontuan? Sortu al zen gizartean telebistaren inguruko inolako eztabaidarik?Ez genuen horren inguruko kezka handirik izan. Gu apostolikoak ginen, misio bat geneukan. Akaso tontoak izan ginen, baina fede handiz jardun genuen, arrazoia gurea zela sinestuta. Irrati-telebistaren bidez euskara kalera ateratzea zen gure xedea, eta presazkoa zen hori egitea. Kritikaren batzuk egon ziren, bai, batez ere hizkuntza ereduari buruzkoak, eta geneukan presaren inguruko eztabaidaren bat ere izan zen garaiko hedabideetan, baina, oro har, guk ikusten genuen euskaldun jendea gogoz zegoela euskarazko telebista ikusteko. Agian, gaurko zirkunstantzietan, beste era batera jokatuko litzateke, baina orduko zirkunstantziak zirenak ziren, eta gu ere ginenak ginen. Garaikoetxea eta biok, gainera, bastante diktadoreak... Talde txiki eta oso kohesionatua ginen, eta erabakiak zirt edo zart hartzen ziren, hausnarketa handirik gabe eta gauzak gehiegi konplikatu gabe.
Ekinean-ekinean, Legea eskuan zeneukatela baina irrati-telebistarako fundamentuzko aurrekonturik gabe, gero eta hurbilago zegoen, sei bat hilabetera, emititzen hasteko unea: 1982tik 1983ra bitarteko gauerdia. Nolakoa izan zen azken txanpa hura?Aurrekontuarena argitu nahi nuke lehenik... 1981ean telebistarako aurrekontu-sail txiki bat egokitu zen, baina 1982an ez genuen telebistarako aurrekonturik aurkeztu. Nik argi esan nuen ez nuela aurrekontuaren mugarik onartuko, gastatuko zela gastatu behar zena. Bromatzat hartu zuten, baina halaxe egin nuen. 1983an aurkeztu genuen aurreko urteko aurrekontua Legebiltzarrean, fakturen likidazio modura. Gauzak, ordea, zuzen egin ziren, xentimo bat ere despistatu gabe. Pedro Luis Uriarteren Ogasun eta Ekonomia Sailak lagundu zigun dirua behar bezala eta legea urratu gabe kudeatzen. Irudimena gogotik erabilita, hori bai... Diru harekin, esan bezala, merkatuan zeuden ekipo onenak erosi genituen eta, Studio Hamburgen aholkularitzapean, 1981ean Iurretako zentroa eraikitzen hasi ginen. Jendearen prestakuntza ere garrantzi handiko lana izan zen une hartan. 1982ko abuztuan Euskal Telebistaren erredakzioaren hazia izango zen kazetari talde bat bidali genuen Hanburgera telebista nola egiten zen ikastera. Aurkitu genuen autobus merkeenean bidali genituen... Ni, zorionez, hegazkinez joan nintzaien bisitan. Proiektuaren atal nagusia-ekipoak, egoitza eta jendea- martxan eta oso aurreratuta zeuden 1982ko udazkenerako.
Eta, orduantxe, gobernu aldaketa Espainian. Izan al zuen horrek eraginik telebistaren proiektuan?1982ko urrian egin ziren hauteskunde orokorrak PSOEk irabazi zituen gehiengo osoz, Felipe Gonzalezek hartu zuen UCDko Calvo Soteloren lekua, eta guk orduan sortu zen transizio egoera aprobetxatu nahi izan genuen azken urratsak egiteko. Aurrekoekin bezala, tratu atsegina izan genuen PSOEk Espainiako telebistaren arduradun izendatu zituenekin, baina haiek ere ez zuten gure proiektua bultzatzeko batere asmorik, eta guk gurearekin jarraitzen genuen. Jose Maria Calviñok hartu zuen telebistaren ardura, eta nik esan nion agian hurrengo urtearen erdialdera jarriko genuela martxan telebista, gehiegi zehaztu gabe. Gezur galanta esan nion, noski, abenduaren 31ko gauerdian hasteko erabakia hartuta geneukan-eta. Ez zen izan garai hartan esan behar izan nuen gezur bakarra. Ez geneukan erabakia aldatzeko batere asmorik. ‘Bidal dezatela nahi badute Goardia Zibila’, esan genuen.
Bazegoen, ordea, aurretik egindako ahalegin guztiak arriskuan jarri zituen arazo bat, emititzeko behar zenituzten frekuentzien ingurukoa. Ezinbesteko zenbaki haiek eskuratzeko izan zenituzten komeriei buruzko bertsio ugari eman dira. Argituko al da inoiz nola lortu zenituzten klabeak?Arazo larria izan zen hura, bai. Guk aurreneko emisioaren data jarrita geneukan, ekipoak erosita, jendea lanerako prest, eta Iurretako eraikina ere aurrera zihoan, baina hura guztia alferrik zen zenbaki haiek gabe. Hain zuzen ere, zein frekuentziatan emititu jakin behar genuen beste telebista batzuei enbarazu ez egiteko eta gure sarea antolatu ahal izateko. Zenbaki haiek, hirugarren kanalerako gordeta zeudenak alegia, gure emisio-ekipoetan sartu behar genituen, eta ekipoak Estatu Batuetan zeuden, zenbakien arabera programatzeko zain. Madrilen, noski, ez zizkiguten zenbakiak ematen, eta denbora aurrera zihoan. Kosta ahala kosta lortu behar genituen klabeak. Eta azkenean lortu genituen baina, garai hartako hainbat kontutan bezala, hobe argitasun gehiegirik ez ematea. Sobre bat ibili zen tartean, eta nahiko merke atera zitzaigun. Gainera, horrek guztiak preskribatu du, ezta? Kontua da lortu genituela zenbakiak, programatu genituela tresnak eta ekarri genituela ekipoak, Irungo aduana-agentzia baten laguntzaz, eskola-materiala izango balitz bezala. Muga-zergak ordaindu gabe egongo dira oraindik.
Eta heldu zen azkenean eguna...1982ko Gabon zahar gaueko programazioa sinbolikoa izan zen eta Euskal Herriko leku askotan ikusi ere ez zen egin, baina une aparta izan zen benetan. Saio xumea izan bazen ere, hitza betetzeko eta aurreneko pausoa emateko egina, hunkigarria izan zen, eta irudia asko zaindu genuen. Aurreneko aurkezleak Elene Lizarralde eta Mari Jose Intxausti izan ziren, euskaldun urbanoaren irudia ematen zuten neska gazteak. Nik pentsatu nuen jendeak estimatuko zuela euskarari ukitu rustikoa kentzea. Gauzak aldatzen ari baziren ere, orduan, artean, euskaldun askok gutxietsita eta baztertuta zeukaten euskara, gaztelaniaren aldean bigarren mailakoa edo arlotekeria izango balitz bezala. Egun nagusitasun halako bat ematen du euskaraz mintzatzeak, baina orain dela hogei urte hori ez zegoen horren argi, eta horrexegatik hautatu genuen irudi jakin hura. Bestela, lehendakariaren mezua eta gauza gutxi gehiago eman ziren. Oso gogoan dut, gainera, ikurriña izan zela besteen gainetik nagusitu zen irudia. Gauzak, ordea, nahiko konplikatuak izan ziren. Iurretako zentroa amaitu gabe zegoen, eta emisioa garaje batean gordeta zegoen unitate mugikor batetik egin zen, kamioi baten barrutik. Nire beldur nagusia hura manejatzen jakingo ote zuten izan zen... Eta bazekitela ikusi nuenean, nire lana amaitzear zegoela iruditu zitzaidan. Guk egina geneukan egin beharrekoa, telebista martxan jartzea, eta hortik aurrerakoak telebistaz zerbait zekitenek egitekoak ziren.
Maiz aipatzen duzu irudiaren garrantzia. Irudiaren aldetik, zer ekarri zion telebistak Euskal Herriari?Irudiak sekulako garrantzia du, eta hemen ez gara horretaz jabetu. Kultura Sailaren ardura zen, esate baterako, irudiarekin lotura zuzena duen protokoloa. Hor tesi bat dut nik, protokoloa oso garrantzitsua dela estatuentzat –ondo daki hori Elizak...- eta, batez ere, estaturik ez duten herrientzat. Gure helburua izan zen lehendakariari, protokolo aldetik, estatuburu estatusa ematea, nahiz eta estatuburu ez izan, eta horrek teatroa egitea eskatzen badu, ba egiten da eta kito. Gogoan dut nola, behin, lehendakaria Venezuelara joatekoa zen. Esan ziguten han domina halako bat emango ziola bertako estatuburuak, eta guk ez geneukan zer eman haren pare geratzeko. Gau hartan bertan Cañok egin zuen dekretua, nik dibujatu nuen gurutzea eta, whiskia edanez, atera zitzaidan lema. Zilarrezko ertza zuen gurutze gorri bat zen, erdian Gernikako arbola berdea zuena. Lema, berriz, Beti zutik izan zen. Pare bat eman ziren, eta hortxe geratu zen ekimena, nahiz eta irudiaren aldetik eta jendea instituzioekin lotzeko mediorik merkeena eta eraginkorrenetakoa izan kondekorazioak eta horrelakoak. Eta telebistak ere garrantzi handia izan zuen irudi aldetik, hemen zein kanpoan. Errioxan, Gaztelan edota Kantabrian luze gabe hasi ziren euskal telebista hartzen, eta jakin zuten bazela euskaraz mintzatzen zen herri bat eta, gainera, herri horrek botere eta kemen seinale zen telebista ere bazuela. Alderdi zentzua izan beharrean herri zentzua izango bagenu, gehiago zainduko genituzke gauza horiek.
Etxera itzulita, zer nolako harrera izan zuen estreinako saio hark? Nola hartu zuten Madrilen ia isilpean sortutako telebista hura?Hemen jendea emozionatu egin zen. Madrilen, berriz, saioaren berri izan zutenean jakin zuten guk bageneukala gure telebista, baina ez zuten deusik esan, hitzik ere ez. Handik aste batzuetara, programazioa egonkortzen hasi ahala, piztu ziren euskararen inguruko eztabaidaren batzuk. Euskararen aldeko hautua ez ezik, euskara batuaren aldeko apustua egin genuen, eta zenbaitek esaten zuten euskara hura ez zela ulertzen. Kritika zorrotzenak Bizkaitik etorri ziren, baina guk bagenekien jendeak, azkenean, batere arazorik gabe ulertuko zuela hura ere, eta euskarazko telebista ordurako indar handia zuten ikastolek-eta behar zuten osagarria izango zela.
Eta jendea berehala ohitu zen J.R. eta horrelakoak euskaraz entzutera.Bai, Texasko hura... Horren harira, dena den, esan behar da ez zitzaigula batere erraza gertatu programak erostea. Hasierako momentu haietan, bagenekien ez genuela gure ekoizpen propioak egiteko modurik izango, eta aurreko hilabeteetan materiala pilatzen eta euskaratzen ibili ginen, zer eman edukitzeko. Traba asko jartzen zizkiguten, ordea, eta inork ez zigun ezer saldu nahi. Marrazki bizidun bulgariarrak, Europa ekialdeko herrialdeetako filmak eta horrelakoak erosten genituen, haietxek saltzen zizkigutelako. Dallas, berriz, J.R. hil zelako erosi ahal izan genuen. Izan ere, telesail hura Espainiako telebistak ematen zuen. Halako batean hil zen J.R. eta bazirudien hortxe amaituko zela telesaila. J.R., ordea, berpiztu egin zuten, eta bigarren atal hura ez zuen erosi Espainiako telebistak. Guk bai.
Telebistaren aldean, irratia abian jartzea erraza izan zela dirudi.Irratiak eta telebistak helburu berbera zuten, euskara babestea, eta ente berekoak ziren, baina irratia abian jartzea telebista sortzea baino askoz ere errazagoa izan zen. Lehenik eta behin, euskarazko irratigintzan bazegoen eskarmentua, Herri Irratiaren inguruan batik bat, eta, hortaz, ondo prestatutako profesionalak ere bazeuden. Teknikoki ez zen horren konplikatua, eta hizkuntzaren inguruko auzia bi kate desberdin sortuta konpondu genuen. Hor bai, hor kontzesio bat egin genuen. Irratiaren sorrera askoz ere erlaxatuagoa izan zen, dena den.
Telebista abian jarri eta berehala utzi zenituen Eusko Jaurlaritzan zeneuzkan ardurak. Atzera begiratuta, gustura al zaude orduan egindako lanarekin eta gauzak egiteko moduarekin?Telebista hasi eta gutxira utzi nion Kultura Sailburu izateari, alderdiak Donostiako alkatetzarako aurkeztea eskatu baitzidan. Ordurako, gainera, egina neukan telebistan egin beharrekoa, eta kulturaren alorreko gainerakoak ere bideratuta zeuden. Aurreko batean esan dudan bezala, nik ez nuen uste politikariok telebistan muturra sartu behar genuenik, nahiz eta gero hori gertatu den. Gure lana hura martxan jartzea zen, eta nik lan hori, beste askoren laguntzaz, eginda utzi nuen. Gauzak egiteko moduarekin gustura ote nagoen? Bada, oraingo argitan ikusita, agian gutxiegi hitz egin genuen jendearekin, gauzak argiago egiteko modurik izango zen, baina orduko egoera eta gaurkoa ezin dira konparatu. Seguruenik, behar baino diru gehiago gastatu genuen, dozenaka hanka-sartze egin genituen... ‘El consejero improvisa’, leporatu zidan batek orduko hartan, eta nire erantzuna ‘todos los días y a todas horas’ izan zen, horrelakoxeak izan baitziren gauzak: neurri handi batean, eta ezinbestean, inprobisazioan eta boluntarismoan oinarrituta. Baina, Euskal Herriari inprobisazioa eta boluntarismoa kentzen badizkiozu, zer geratzen zaigu? Ahal genuena egin genuen eta ginen bezalakoak ginen baina, oro har, uste dut gauzak nahiko ondo egin genituela. Azken hogeita bat urteotan telebistak lan izugarria egin du euskararen alde. Argi daukat lan bikain hori ez dugula politikariok egin, telebistan lanean aritu direnek baizik. Gure ardura horri bidea ematea izan zen eta, alde horretatik, oso gustura nago orduan egindako lanarekin.
EUSKARAREN BORROKA GALDUZ GERO, AKABO
Euskarak behar zituen komunikabideak sortzeko orduan, ikus-entzunezkoetan murgildu zineten erabat. Zergatik ez zenieten antzeko garrantzia eman idatzizkoei?Gauza gutxi zegoelako eta jendeak euskaraz irakurtzeko batere ohiturarik ez zeukalako. Diktadura garaian erbestean landu ziren batik bat euskarazko hedabideak. Hemen, berriz, Argia eta besteren batzuk kenduta ez zegoen gauza handirik 80ko hamarkadaren hasieran. Zeudenei laguntza ematen saiatu ginen, baina orduan ez zegoen euskaraz irakurtzeko gai zen euskaldun alfabetatu askorik; liburuak ere oso gaizki saltzen ziren. Gaur egun euskarazko egunkariak eta euskarazko gainerako argitalpenek dituzten irakurle gehientsuenak 10-12 urteko neska-mutikoak ziren orduan, ikastolan euskaraz ikasten zutenak. Hor ere, eskalafoia premiak ezarri zuen. Idatzizko medioek bezeria urria zuten, eta entzuteko edo ikusteko, berriz, soberan zegoen jendea. Guk ahalik eta jende gehienaren artean zabaldu nahi genuen euskara komunikabideen bitartez, eta irizpide horrek bideratu zuen ikus-entzunezkoen aldeko apustua.
Euskararen alorrean, bete al ditu zure ustez Euskal Telebistak hasierako asmo handi haiek?Euskara finkatzeko eta zabaltzeko orduan telebistak eragin handiagoa izatea espero genuela aitortu behar dut. Gaur egun jende euskaldun asko dago, baina ez dute euskaraz egiten, eta agian gure kalkuluak baikorregiak izan ziren. Hizkuntza baten berreskuratzea eta ezartzea guk uste baino prozesu luzeagoa dela ikusi dugu, agian bi edo hiru belaunaldi gehiago beharko dituena eta elementu ugariren baitakoa dena. Egun, ordukoarekin alderatuta, euskararen inguruko beste giro bat dago familietan, eskoletan, komunikabideetan, baina gauzak guk espero baino mantsoago doaz. Dena den, apustu hura atera zen bezala atera zen, baina egin izan ez balitz gauzak desastre eginda egongo lirateke. Gaur ez daude erabat ondo, baina urrats haiek gabe okerrago egongo liratekeela uste dut.
Hala eta guztiz ere, orduko urritasuna gogoan, zer deritzozu egun euskarazko komunikabideen alorrean dagoen oparotasunari?Miraria iruditzen zait beste edozein egunkari normalizatu baten pare dagoen euskarazko egunkaria edukitzea, horrenbeste herri eta eskualdetan euskarazko aldizkariak, irratiak eta telebistak ikustea... Gazte jendeak egin du hori, belaunaldi berriak, herriaren kemenak. Nik uste dut Euskal Herriaren ezaugarrietako bat herriak gauzak egiteko duen kemen hori dela. Hori gabe gaizki ibiliko ginateke. Euskal irrati-telebista, haatik, ezin esan herri ekimena izan zenik.
Horretan ere gauzak asko aldatu dira. Gaur egungo baliabide teknologikoekin, nahiko erraza eta eskuragarria da herri mailako telebista txiki bat sortzea, prozesu guztia asko merkatu delako. Garai hartan geneuzkan asmoekin eta zeuden baliabide teknologikoekin, baina, inbertsio handiak behar ziren, eta hori administrazioak egin zezakeen soilik. Hala eta guztiz ere, uste dut administrazioaren egitekoa herri ekimenak babestea dela, dirua ematea eta jendea lanean bakean uztea. Kultura administrazioak ez du kultura sortzen, kultura herriak sortzen du, herri jatorrak gainera, ez eliteek. Iruditzen zait, gainera, administrazioak ez duela egiten egin dezakeen guztia euskara zabaltzeko, ezta alderdi abertzaleek ere. Alde horretatik oso kritikoa naiz. Egun, konparazio batera, euskaldun alfabetatuak soberan daude alderdi abertzaleen zerrendak osatzeko eta, hala eta guztiz ere, zenbat erdaldun huts sartzen dira zerrenda horietan batere lotsarik gabe? Eta izan dute euskara ikasteko astia, gero. Alderdi abertzaleen zerrendak euskaldun alfabetatuz osatzearen aldekoa naiz erabat, eta nire alderdian ere askotan proposatu dut hori.
Zuen lehentasun nagusi eta bakarra euskara babestea izan zela diozu behin eta berriro, baina euskararen erabilera politikoa ere leporatu izan zaizue agintera heldu zareten politikari eta alderdi abertzaleei. Euskara eta politika erabat bereiztea posible al dela uste al duzu?Bereizketa hori faltsua iruditzen zait, eguneroko bizitzan, azkenean, dena delako politika. Eta ez gara aingeruak, gizasemeak gara... Euskara politikatik kanpo badago, eguneroko bizitzatik kanpo dago, fosil bat da, eta fosil baten moduan bitrina batean jartzen badugu, ez bada eguneroko kontuetan inplikatzen, akabo. Hori da, hain zuzen, euskara desagerrarazteko gogoa dutenek nahi dutena. Gure kasuan, gainera, euskara da nortasuna ematen diguna, horren gainean eraikitzen da gure identitatea. Nik uste dut euskaldun jendeak duela bere hizkuntzaren kontzeptu arkaikoa, antzinako greziarrek zutenaren antzekoa. Zein ziren greziarrak? Bada grekoz mintzatzen zirenak, eta gainerakoak barbaroi ziren. Zein da euskalduna? Bada euskaraz mintzatzen dena, eta bost axola non sortua den edo zein abizen duen eta nori ematen dion botoa. Euskara ez da alderdi baten identitate-ikurra, herri batena baizik, eta gaur egun, hemen, bere nortasunaren adierazgarri euskara duen herri bat ari da sortzen. Beste kontu bat da abertzaleak ez diren zenbait alderdik hasiera-hasieratik galdu zutela, nahi izan zutelako, euskararen trena. Sabinok egin zuen euskararen aldeko apustua eta, gero, gerran ibili ziren gudariek, euskaltzaleek, Jose Antonio Agirren gobernuaren dinamikak, ikastolek... Beste batzuek tren hori ez zuten hartu, eta azken hogei urte hauetako trenetara ere ez dira igo. Eta nik uste dut hori, azkenean, euren kalterako izango dela, hori espero dut bederen, euskarak gero eta indar handiagoa baitu identitate-seinale bezala. Euskararen inguruan geroz eta interes ekonomiko gehiago sortu behar dira, jendeak euskararen premia sentitu behar du, horrexek erakarriko baitu euskarara. Eta, hizkuntza baten jabe egiten zarenean, hizkuntza horrek berak pentsatzeko era jakin bat ematen dizu, eta ez naiz alderdikeriez ari, herri ikuspegiaz baizik, gurean horren makala den herri ikuspegiaz. Euskararen borroka galduz gero, alegia, akabo, egin du gureak.
Euskarak duen indar hori al dago, zure ustez, euskararen aurkako erasoen sustrai-sustraietan?Bai, noski. Begira zer gertatu zen Euskaldunon Egunkariarekin. Euskaldunon Egunkaria itxi zuten Madrilen hemen baino hobeto dakitelako zein den euskararen garrantzia, eta ez zutelako uste Egunkariak aurrera egingo zuenik. Urduri jarri ziren, eta zanpatu egin zuten. Hemen gerra kulturalean gaude, eta gerra kulturala galtzen badugu gerra politikoa ere galduta dago, ondorio bezala.
[jarraitzen du...]*Liburuxkan hainbat iritzi artikulu ziren: Arantxa Urretabizkaia, Xabier Mendiguren Bereziartu, Amatiño, Martin Ibarbia, Jose Antonio Maturana, Andoni Areizaga, Jose Mari Otermin.
Erantzun
Sartu