Amaia Goikoetxea (@amaiagoiko) nire lankideak elkarrizketatu zuen Andoaingo familia, ekainaren erdialdera. Hor doazkizue, Aiurrik (@aiurri) argitaratu zuen artikuluaren atalik esanguratsuenak.
Orain bederatzi hilabete jaio zen Olaia, Ariane Kamioren eta Aran Mujikaren alaba. Inor fede txarrez ez doakiela uste duten arren, batek baino gehiagok galdetu omen die, “eta biotako nork egiten du aitaren papera?”. “Gu gauzak ahalik eta modu normalenean egiten saiatzen gara, eta uste dut horrek garrantzi handia duela bueltan jaso dezakezun erantzunean”, dio Ariane Kamiok. Badakite, tamalez, 2013. urtean eurena bezalako familiak ez direla ohikoak, eta jendeak, asko ez bada ere, galdetu egiten du. “Dena den, nik uste askotan jendeak ezjakintasunak bultzatuta galdetzen duela, alegia, ez dakite oso ondo nola egituratzen den gurea bezalako familia bat. Beti familia eredu jakin bat erakutsi zaigu, eta jendeak orain ezagutze prozesu bat pasa behar du. Guri galderak egin dizkigute, bai, baina ez dugu uste intentzio txarrez egindako galderak direnik”.
Ezagutze prozesu horren amaiera galderarik ez egitea litzatekeela dio Aran Mujikak. “Bikote heterosexualen artean ere egoerak erabat ezberdinak dira, baina nik ez diot inori galdetzen bere aitak zein rol daukan familian. Bada, berdin izan behar du bikote homosexualen kasuan ere. Gertatzen dena da, aita eta ama edukitzera ohituta gaudela, eta hortik ateratzen bazara, arraroa zarela”.
Asko kostata hartutako erabakia izan omen zen haurra izatearena, baina ez bi emakume zirelako, beste edozein bikotek halako erabaki bat hartzerakoan izan ditzakeen zalantzengatik baizik. “Halako zerbait planteatzen duzun unetik badakizu zure bizitza aldatu egingo dela, eta pentsatu behar duzu nahi ote duzun hori gertatzea, momentu askotan zure ohiturak eta zure gauzak alde batera utzi behar izatea. Baina zalantzak alde horretatik zetozen, inolaz ere ez biak emakumeak izateagatik”.
Eta ingurukoei horren berri ematerakoan ere ez zuten inolako arazorik izan, eurekin batera prozesuan sartu baitzituzten, nolabait esateko: “Geuk ere bagenekien nola planteatu behar genuen”, dio Aranek, “egun batean botatzen diezu ‘edukiko nuke ume bat…’, hurrengo batean ‘galdetzera eta informatzera goaz…’, pixkanaka zure asmoen berri ematen diezu, hasieratik jakinaren gainean daude eta pausoz pauso azaltzen diezu egiten ari zarena. Normal jokatuz gero, erreakzioa ere halakoa da”.
Eredu idealik ez dago
Litekeena da pentsatzea Olaiak egunen batean galderaren bat edo beste egingo duela. Horren inguruan ere pentsatu dutela dio Arianek, “baina bere egoera naturala hau da, bi ama edukitzea, alegia. Ez du zoritxar baten ondorioz aita edo ama galdu. Ez dut uste ezer falta zaionik. Baina iruditzen zait ikastetxeetan gutxieneko inplikazio bat eskatu beharko litzatekeela, alegia, umeei ezagutzera eman behar zaiela mila familia eredu daudela: batzuek ama bakarrik daukate, beste batzuek aita, beste asko bananduta egongo dira… Ez dago familia eredu idealik”.
Heziketaren garrantzia ukaezina da, beraz, prozesu horretan. Ikastetxeetan, noski, baina baita etxean ere; testuinguru horretan, gainera, askotan inkontzienteki egiten dira familia ereduari buruzko komentarioak. “Esate baterako, txiki-txikitatik esaten digute etxean ‘ikusiko duzu nobioa botatzen duzunean…’, eta halako gauzak aldatu beharrekoak dira, baina noski, horrek denbora asko eskatzen du”, dio Aranek. Zentzu horretan, haurrak berak ere hezi behar direla diote, ez familia ereduak aldatzen ari direla erakusteko bakarrik, baita gerora ume bakoitzak beldurrik gabe joka dezan ere. “Olaiaren gelan egongo dira homosexualak, eta beraiek ere hezi behar dira, hemendik hamabost urtera ez dezaten beldurrik izan jendeari zer sentitzen duten esateko. Ez dira egungo familia ereduak bakarrik, etorkizunean gehiago sortuko dituzte gaur egun ume direnek”.
“Ez dugu erantzun txarrik jaso”
Ume jaioberri baten aurrean askotan botatzen den galdera: Noren antza dauka? Arani eta Arianeri ere galdetu diete, baina ez dute uste fede txarrez egindako galdera denik, beste ezer baino gehiago ezjakintasunaren ondorio dela diote. “Jendea ez dago ohituta, baina ez dugu erantzun txarrik jaso, ez dugu esperientzia txarrik izan. Gertatu zait norbaiti ama izan naizela esan eta hark ‘bada, ez zaitut haurdun ikusi’ erantzutea; orduan nik ‘ez, nire emaztea egon da haurdun’ erantzun diot eta parekoa zeharo moztuta gelditu da. Baina hamar minutuko kontua besterik ez da izaten hori. Askotan, gainera, gu gara esatea gehien kostatzen zaigunak, erreakzioen beldur garenak”, aitortu du Arianek.
Batak eta besteak haurdunaldia modu ezberdinean bizi izan dutela uste du Aranek, haurdun egon dena bera izan delako eta horren ondorioz, neurri batean behintzat, azalpen gutxiago eman behar izan dituelako. “Haurdun ikusten zaituzte eta kito, ez dizute galderarik egiten. Baina Ariane etxera itzuli eta kontatzen zidan lankide batek horri buruz galdetu ziola eta egoera zein zen azaldutakoan zeharo harrituta utzi zuela, eta niri horrek zer pentsatua ematen zidan. Badakit berak hori oso ondo eraman duela, nik ez dakit hain ondo eramango nukeen. Horregatik esaten diot hurrengoa berari tokatzen zaiola”.
Erantzun
Sartu