Gaurko pentsalari bikaina, gazte egialari baliosoa eta gazte kementsua. Horrelaxe definitu zuen Juan San Martin idazleak Rikardo Arregi zena bere heriotzaren biharamunean. “Euskal kulturaren arduraz eta beste etorkizunari laket, eskaintza osoa emanez zijoana hil zaigu”, deiadar egin zuen desagertutako Zeruko Argia aldizkariaren lerroetan. Rikardok utzitako hutsunea ez baitzen nolanahikoa izan.
1942. urtean mundura sortua, Andoaingo Sasierrota izeneko eskolan egin zituen bere lehenbiziko ikasketak. Hamaika urte zituenean hartu zuen seminariorako bidea, bere iparra erlijioaren altzoan topatuko zuela konbentzituta. Han bertan, apaiztegian piztu zitzaion idazteko griña, eta 1963tik aurrera Zeruko Argia, Anaitasuna eta Jakin aldizkarietan aritu zen hitz-josketan. Hortik aurrera, Euskaltzaindiara lotuta ikusi zituen bere azken urteak, 1964.urtean izendatu baitzuten euskaltzain urgazle. Berari zor zaio, besteen artean, Euskaltzaindiak sustatutako euskarazko lehen alfabetizazio kanpainaren ardura. Nolanahi ere, seminarioan ikasitakoak ahaztu gabe, politikara bideratu zituen bere azken urratsak; Martuteneko espetxea ere ezagutu zuen horren ondorioz, EGIko kide izateagatik kartzelaratu baitzuten epe labur batez.
“Gure Rikardo zana gazte urduritzat hartzen zuten batzuek, besterik ez. Baina Rikardo gizon osoa eta heldua zan, benetakoa. Areago, egiaz esan dezakegu herriren batean holako gizonak ez direla agertzen, bahin edo behin besterik”. Carlos Santamariak oso gogoan izan zituen Zeruko Argia-n andoaindarraren ondoan izandako bizipenak bere heriotzaren biharamunean idatzitako artikuluan. “Laburra izan bada ere, bere biziak ekarri onak eta sasoiak izan zituen ta, Rikardoren izena urte askotan maitasunez oroituko da Euskalerrian”, borobildu zuen idazle eta pentsalariak. Arrazoirik ez zuen falta, ez, Santamariak. 1969. urtean auto-istripu malapartatu batean heriotza ikusi eta dozena bat urtera, etorkizunean ere idazle andoaindarraren izena eta izana gomutara ekarriko zituen keinua egin baitzuen Andoaingo Udalak: 1989ko uztailaren 15ean, ez-ohiko udalbatza baten bitartez, herriko seme kuttun izendatu zuen Rikardo Arregi, eta izen bera daraman kazetaritza sariketaren lehen edizioko sariak banatu zituzten, hilabete batzuk lehenago onartutako erabaki baten ondorioz.
“Gizarte bizitzan eragin haundia duen iharduera da kazetaritza, eta sari honekin euskaraz zorionez geroz eta gehiago egiten den kazetaritzari bultzadatxo bat eman nahi diogu. Bestalde, Rikardo Arregi zenari, sariari bere izena jarriz, Andoaingo herriaren nolabaiteko omenaldi iraunkorra egiten zaio”, azpimarratu zuen orduko alkate zen Carlos Sanzek. Eta iraunkorra izan denik ezin uka, aurten bere XXV. urteurren ospatzen baitute Rikardo Arregi kazetaritza Sariek. “Euskal herritar guztiok, euskaraz jakin edo ez, guztiok merezi dugu euskarazko kazetaritza prestu eta moderno bat. Eta euskaraz bizi direnek, eta euskaraz bizi nahi dutenek, gainera, eskubidea daukate euskarazko kazetaritza eskura izateko. Eta ez nolanahiko kazetaritza: kazetaritza bikaina, kalitatezkoa nahi dugu. Helburu horrekin sortu zuen Andoaingo Udalak orain hogeita bost urte Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, eta helburu horrekin jarraitzen dugu”, aipatu zuten udaleko ordezkariek sariketaren aurkezpen prentsaurrekoan. Bada, mende laurdena beteta, etorkizun oparoa ikuskatzen da sariketa honen hortzemuga. Bizi-bizi iraun du orain artean, eta halaxe iraungo du geroan ere; bai, bederen, etorkizuneko komunikazioaren gizartean, hor ere, euskara indartsu ikusi nahi badugu: indartsu, bizi-bizi, bikain eta kalitate handiz, ohiko hedabideetan ez ezik informazioa eta komunikazioa sortu eta gizarteratzeko erabiltzen diren euskarrietan. Hala izan bedi.
Osagarriak:
Erantzun
Sartu