Teknologia albisteak

Urnieta eta gaikako bilketa

Erabiltzailearen aurpegia
2012-10-31 : 10:54

Gaikako zabor bilketan Gipuzkoako Urnietan ordezkaritza duten EAJ-PNV, PSE-EE eta Bilduren arteko akordioa hedabideetan hedatzen ari da. Gaur eguerdian, esaterako, udaletxean agerraldi bateratua iragarri dute.

 

Atzo dagoeneko iluntzean Euskadi Irratian Urnietako alkatea (Mikel Pagola, EAJ) eta oposizioko burua (Xabier Yurramendi, Bildu) elkarrizketatu zituzten. Baten batek pentsa dezake Bildurena gaur gaurko estrategia dela. Baina ez da horrela, Urnietan aurreko agintaldian hartutako erabakiaren jarraipena baita.
2010eko apirilean Urnietako ANVk Aiurri astekariari eskainitako elkarrizketan gaur Bildukoak eman dituen argudio beretsuak eskaini zituen. Garai hartan, Urnietan ezker abertzaleko bozeramailea Iñaki Mendizabal zen. Zera adierazi zuen, besteak beste: “Urnieta nukleo bat izanik, zabor bilketa oso erraza izango luke baina, momentu honetan 5. edukiontzia onartu dute gehiengoz eta goazen jendea kontzientziatzera”.

Elkarrizketa osoa, Aiurri

 

Iñaki Mendizabal, 5. edukiontzia hizpide

Urnietako Udalak bosgarren edukiontziaren aldeko erabakia hartu zuen, horren harira Iñaki Mendizabal zinegotziak jarrera praktikoa eta aktiboa hartzera dei egiten du: “Urnieta nukleo bat izanik, zabor bilketa oso erraza izango luke baina, momentu honetan 5. edukiontzia onartu dute gehiengoz eta goazen jendea kontzientziatzera”.

Azkeneko Udal bilkuran ika-mika sortu zen EAJren mozioaren inguruan. Bosgarren edukiontziaren alde agertu ziren EAJ eta PSE-EE; UDA, Herrigintza eta zuek berriz atez atekoaren alde. Bozketa egin ostean, beraien alternatibak hartu zuen gaina. Ezer egiteko asmorik ba al duzue horren aurrean?


Iñaki Mendizabal: 5. edukiontzia erabiltzea, jendea kontzientziatuz hori egitera. Horrek hurrengo pauso batera eramango baikaitu; kontsumo mailan prozesu eraldatzailea  eman behar da, ez da atez atekoaren kontua soilik. Lurrarentzat ongarri direnak horretarako erabili eta goazen ikastera. Belaunaldi batzuk beharko dira kontzientzia hori lortzeko, baina horretara joan behar dugu. Gaur egun ezin da edozein tokitara bota zaborra; hori konpontzeko, eraman edo txikitu egiten dugu. Kaldera batean sartu, baporearekin elektrizitatea lortzeko. Lehen guztia eramaten zen. Gauzak eraldatuz doaz, itsasoko egurrekin bezalaxe.


Urnietan bertan ikus dezakegu konpostajea egiten ari den enpresa bat. Enborrak jaso, txikitu Urnietan eta presioko egurrak egin, etxeko kalderetarako. Beste bide batetik, baporearekin, elektrizitatea sortuz. Hori birziklatze bat dugu, eta guk gurearekin ere egitea beharrezko dugu.


Guztiok egitea atez atekoa izango da. Bakoitzak bere gisara egin beharko dugu, denbora gehiago kostatuko bada ere. Azkenean, guztiok egitea lortzen badugu, atez atekoarekin parekatuko da. 5. edukiontziarekin egitea posible da, baina prozesu askoz luzeagoa eta garestiagoa izango da. Urnieta nukleo bat izanik, bilketa oso erraza izango luke baina momentu honetan 5. edukiontzia onartu dute gehiengoz eta goazen jendea kontzientziatzera.


Askoz hobe litzateke Gipuzkoa osoa hasiko balitz, jendeak ongi eginaz, horrela akaso erraustegirik egin beharrik ez lukete izango!
Kultura aldatu beharra daukagu, krisiak ondorioak ekarriko ditu eta ondorio bat izan liteke kontsumo masibo hau jaistea. Baikorra naiz baina aldatu beharra dago. Eztabaida eta planteamendua ongi hartu ez izanaren akatsa badugula esango nuke, ez dugula herritar prozesu bilakatu. Erabakia hartua dago eta jende guztia animatzen dut edukiontzi berria erabiltzera.

Azken hilabeteotan bor-bor dabil zaborraren kudeaketaren inguruko gaia. Zer iritzi duzu gai horrekiko?

I.M:  Zabor bilketa udaletxearen zerbitzu bat da, hau da udaletxeak tasa baten bidez zerbitzua eskaintzen dio herriari. Zabor bilketak arazoak sortzen dizkigu eta azken aldian negozioa ere bada, enpresak sortu baititu. Gaur egunean, herritarrok zati bat ordaintzen dugu zerbitzua jasotzeagatik zuzenean, bestetik zeharka ere beste zati bat ordaintzen dugu Udalaren bidez. Hemendik bi urtera, Europako Batasunaren erabakiaren arabera, norberak ordaindu beharko du bere zaborra. Orain arte zabor guztia nahasturik jaso, bitarteko desberdinen bidez eraman eta toki batean bota izan dugu. Honek arazo larriak ekarri ditu, zeren kontsumismoan sarturik gaude eta  norberak  ez dugu gure zaborra desegiten.


Duela urte batzuk atzera eginaz, apenas sortzen zen zaborrik etxean. Materia organiko guztia konpostajez modu naturalean desegiten zen eta gaur egunean kontsumitzen den guztia ere ez zen kontsumitzen. Biderkatze horrek arazoa ekarri du. Bi helburu eta hiru neurri egongo lirateke arazo hau konpontzeko garaian kontuan hartu beharrekoak. Batetik osasuna, bigarrenik ekonomia (zerbitzua garestituz baitoa). Beste bide bat aurkitu beharrean gaude,  karga bat izan ez dadin. Hirugarrenik, kontsumismo karrera honi stop beharrean gaude. Neurriak hartu behar ditugu karrera hau gelditzeko; beste adibide batzuk jartze aldera, trafiko munduan bezalaxe, laneko prebentzioan bezalaxe.

Zein alderdi on ikusten dizkiozu atez ateko sistemari?


I.M: Atez ateko sistema ez da munduko perfektuena, baina bi gauza garbi egiten ditu: birziklatze kopurua asko jaisten du, eta prozesu guztian zaborra bereiztu, sailkatu eta birziklatu egiten du. Horrekin, nahiz eta bilketa garestia izan, produktua birziklatu egiten dugunez, kostua jaitsi egiten da eta bestetik, ehun tona zabor bota beharrean gutxiago botatzeak kostu txikia izango du.


Ondo birziklatu ahal izateko, etxetik hasi behar da aurrena. Ezin da planteatu zabor guztia edukiontzi orlegira bota eta ondoren guztia ongi birziklatzea.


Neronek egiten dut konposta, eta beste askok ere bai. Denbora gutxian herri askotan egiten ari dira. Zailena, gai hau politikoki koloreekin arrazoitzea izan da. Denetariko jendea dago, alderdiekin lotura zuzenik ez duena. Esperientzia ona da, pauso garrantzitsua dela esango nuke.

Atez atekoa inposaketa dela diote EAJ eta PSOEk.


I.M: Beraien ikuspuntu pertsonala da. Katalunian PP, PSC eta ERCk agintzen duten herrietan ere ikusi dut atez atekoa, beraz ez da inposaketa. Bi helburu lortzen dituen bide bat bezala hartuko nuke nik, ez inposaketa modura. Bizi-kalitatearen onura bilatzen ari gara. Azkenaldian neurri asko hartzen dira, atez atekoa beste bat izango litzateke. Planteamendua ulertzean dago gakoa, prozesuarekin positiboki bat egiteko. Jendeari gerturatu, jendeari ikusarazi eta aurrera egitea izango da helburua.

Sistema zurruna dela eta herriarentzat antiestetikotzat jotzen dute. Horren aurrean nahiago dute buelta eman eta ezinezko gastu batean sartu...


I.M: Argi dago gastu bat dela. Adibidez, Donostiako auzo batean esperientzia pilotua martxan jarri zuten froga gisa, ondoren beste auzoetara zabaltzeko. Gastua altua delako ez da zabalduko. Eman diezaiogun beste planteamendu positibo bat: nire ustez, imaginatu
5. edukiontzia egokia dela, pauso bat dela, kostu bat izango du, baina jendea konbentzitu beharko da banaketa egin eta birziklatzeko. Entrenamendu edo prestakunta gisa egingo dugu eta konturatuko gara ez dugula kostua jaitsi. Beharren bat izango dugu, izango baitugu egingo ez duen jenderik. Orduan konturatuko gara atez atekoaren beharraz, planteamendu hori lortzera iritsi arte. 5. edukiontziaren erabakia onartzen dut, 7-6koarekin, planteamendu arrazionalekin  aurrera egingo dute bide horretatik amaituz. Atez atekoa garatuz joango da, urte batzuetara eraldatuz, errefuxa jaitsiaz, produktuen bilketa-sistema aldatuko da…

Onartzen dut 5. edukiontzia, Gipuzkoa guztian Aldundiak jartzen badu, ondo egingo dela. Erraustegia jartzea, ordea, ez dut beharrezko ikusten. Buruarekin pentsatu eta aztertuta, esandako hainbat gauza oso erraz esan dira baina, denborak erakutsiko du epe motzean zer eragin izango duen sistema horrek.

Prozesu hau interesgarria ikusten dut, ohiturak aldatzea kostatzen zaigu, baina pixkanaka erreflexionatuz ohartuko gara.

Erantzun

Sartu